Gu, munduaren eredu!
Berria, , 01-09-2007Vasco Nuñez de Balboak Panamako istmoa zeharkatu zuen 1513an, eta Ozeano Barea aurkitu Espainiarentzat.
Stefan Zewigtek kontatzen du nola bertako indiarrek lagundu zioten muino batera igotzen. Eskribauak idatzi omen zuen Nuñez de Balboa zela itsaso hura ikusi zuen lehen gizona… indioak ahaztuta. Zewigtek ez dio hori; hori nik gaineratu dut.
Gizadiaren historia gure ekimenetara mugatzea maiz egiten dugun akatsa da; munduaren bozeramaile bihurtzen gara, munduko beste biztanle guztiak guk deskubritu genituenean hasi balira bezala existitzen.
Munduaren beste ikuspegi bat emateko erreflexurik gabe geratu gara. Irratian entzun nion berriki nabigatzen ikasi duen emakume bati: «Nire lehen itsasaldia zibilizazioan egingo dut, Mediterraneoan». Asia, Afrika eta enparauak ez dira, nonbait, zibilizazioan sartzen.
Esatari bati entzun nion beste irrati batean: «Lastima Kuban dolarra egotea, bestela mauka bat litzateke guretzat». Gizateriaren historia gure patrikaren historia bihurtu dugu.
Itsasertza hondatzen ari gara, munduko lehengai guztiak xahutzen, miseria hedatzen, eta horri progresoa deitzen diogu. Trepeta elektronikoen inflazioak oso itxura zibilizatua ematen digu, bai. Baina gure sistemak itxuran baino ez du gordetzen bere indarra. Edozer huskeria aski da kolokan jartzeko haren zutabeak. Gruazaleen greba bat, argindarraren matxurak, oilaskoen gaitzak, hipoteken gorakadak, ezer gutxi aski da denok dardaraz jartzeko.
Ekonomiaren tramoia jopuz beteta dago. Txinan 500 esklabo askatu zituzten, Mauritanian milaka omen daude, Brasilen mila askatu dituzte Amazonian, Arabiar Emirerri Batuetatik 300.000 bidali dituzte desertuan etxe orratzak, uharte artifizialak eta hotelak eraiki ondoren, Madrilen tabernak omen daude etorkinez beterik, etxegileek, filmetan bezala, hatza luzatuz eramaten dituztenak.
Ustelkeria kasuak etengabe datoz prentsan. Mutua Universal – ek 8 milioi euroko iruzurra egin du, Intervidak 200 milioi euro desbideratu ditu… Gure hirien egoerak zulo beltz kirasdunak gordetzen ditu: Katrina – k New Orleans ito zuenean jakin genuen bertako biztanleen %25 pobrezian bizi zirela, Parisen hotel bat erre zenean jakin genuen etorkinen gordeleku okaztagarri bat zela, birentzako geletan hamabik egiten zutela lo; denak erre ziren, noski.
Gure zoriona oso ahula da: sutan jartzen gara semaforoan bi segundo galtzen dituen txoferrarekin; igogailua berandutzen bada oihuka; telebista izorratzen bada ernegatuta; internet makal badabil urduri… Gu, munduaren eredu?
(Puede haber caducado)