FELIX ETXEBERRIA . EHUko Hezkuntza Zientzietako katedraduna
Felix Etxeberria irakaslearen arabera, EAEko hezkuntza sisteman ikasle etorkinen asimilazioa baino gehiago hauen segregazioa bultzatzen ari da.
Berria, , 31-08-2007Donostia
Felix Etxeberria Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Zientzietako katedraduna da, eta 25 urtetik gora daramatza hezkuntza elebiduna eta kultur artekoa ikertzen. Haren aburuz, elebitasuna oraindik ere erronka izaten jarraitzen du «geroz eta anitzagoa den Euskal Herrian». Hala ere, etorkinen kultura eta hizkuntzen integrazioa euskararen iraupenerako onuragarria izango delakoan dago. «Integrazioa bideragarria egiteko etorkinak euskalduntzen saiatu behar dugu».
Ikasle etorkinen asimilazioa edo integrazioa: zer egin behar da eskoletan?
Nik argi daukat: integrazioa.
Hezkuntza sistemak ez al du hori egiten?
Ez. Hezkuntza sistemak asimilazioa bultzatzen du. Alegia, haur etorkinak dugun hezkuntza ereduetara egokitu.
Eta zein da gure hezkuntza eredua?
Nik uste dut asimilazioa egiten dugula, baina gaizki. Ez asimilazioa, ez integrazioa. Horrekin guztiarekin lortzen duguna segregazioa da. Ez ditugu beraien kulturak eta hizkuntzak lantzen, eta, gainera, ez dute euskara ikasten. Ez bata, ez bestea. Emaitza argia da: hutsunea, bazterketa.
Ez al da hitz gogorregia ?
Integraziorako beharrezkoa iruditzen zait euskara ikastea. Euskara hutsean ikasten duten ikasleak %65 dira EAEn, eta etorkinen %77 A eta B ereduetan eskolatzen dira. Ez dute ikasleen gehiengoa ikasten duen hizkuntza ezagutzen, eta, gainera, etorkinen hizkuntza eta kultura ez da ia inon lantzen. Gogorregia?
B ereduan ez al da euskara ikasten?
Nik ez dut esan halako eskoletan euskara ikasten ez denik, baina egin dugun ikerketa batek honakoa dio: bertakoak zein etorkinak izan, 0 – 2 urtetik aurrera D ereduan ikasten duten haurrek adin berean B ereduan hasitakoak baino ehundik hogei puntu gehiago lortzen dituztela euskara maila neurtzeko probetan. Noski, eskolatzea beranduago egiten bada – 8 – 10 urte – ez dira bertako baten mailara iritsiko. Esaten ari naizena ez da berria. Hizkuntza ereduak balio eta jarrera ereduak dira.
Zergatik ez dute euskaraz ikasten?
Ikasle etorkinen bi herenak jatorri latinoamerikarra dute, eta horien familiek ez dute sumatzen hemen euskara beharrezkoa denik. Herri honetan gaztelaniaz hitz eginda bizi daitekeela esaten dute. Hori arrazoi bat izan daiteke, baina badira beste hainbat: erosotasuna, zailtasunak… Baliabide gehiago jarri behar dira: administrazioan, eskoletan… Azken finean diru kontua da hau guztia. Etorkinena, eta administrazioarena.
«Kalean ez bada hitz egiten orduan zertarako euskara ikasi». Akaso, arazoa kalean dago.
Noski. Euskararen ezagutza maila handitu da, baina erabilera… zalantzak ditut.
Hizkuntza ereduez gain, ezberdintasunak egongo dira eskola pribatua edo publikoa izan.
Publikoa edo pribatua, berdin du. Gure eskola ereduak badu galbahe berezi bat ikasle etorkinekin, eta bertakoekin. Pobreak pobreen eskoletara joaten dira, bertakoak izan edo etorkinak izan.
Etorkin gehienak – hirutik bik – eskola publikoa hautatzen dute. Hala ere, eskola pribatuetara joaten direnean, gehienak eskola pribatu degradatu edo egoera sozio – ekonomiko okerrena dutenera joaten dira. Hainbat ikastetxe erlijioso, non karitatea kalitatearen gainetik dagoen. Arrazoia ekonomikoengatik egiten dute publiko – pribatu hautua.
Eskola pobreetan izaten direlako, batetik; eta euskalduntzeko arazoak, bestetik, emaitza lehen aipatutako izango da: segregazioa.
Eskola batzuetan etorkinen beldur dira.
Konplizitate handia dago eskolen artean. Gainera, zenbait kasutan, beldurra baino gehiago nagikeria dagoela uste dut. Etorkin bati euskara irakasteak ahalegin handia eskatzen du: irakasle gehiago, baliabideak… Baina nire ustez hori garrantzizkoa izanda ere badago horren atzean beste zerbait: batzuek – A eredukoak – beraien iraupena bermatzeko eta beste batzuk ikasle gehiago behar ez dituztelako, ikasle etorkinak pixkanaka – pixkanaka D eredura joaten dira.
Eta etorkinen kultura eta hizkuntza?.
Horra hor erronka. Esperientzia interesgarriak daude martxan. Oinarria sentiberatasuna da. Aukera guztiak landu behar dira, baina bakoitza bere neurrian.
(Puede haber caducado)