Justizia aurrerakoia bultzatuz

Heriotza zigorraren kontrako George H. Kendallen iritziz, funtsezkoa da kargu publiko nahiz epaimahaietan zigor horren aurkakoak jartzea.

Berria, , 30-08-2007

j.m.s.

«Justizia aurrerakoiaren agenda bultzatzeko», AEBetako kargu publikoetan ere heriotza zigorraren kontrakoak egon daitezen bermatzeko, ekintza politikorako batzorde edo PAC delako bat osatzeko deia egin du George H. Kendall abokatuak. «Heriotza zigorraren kontrako hautagaiak kargu publikoetarako kanpainetan sostengatzeko PAC bat gabe inozoa da pentsatzea Boston, Washington edota beste hiriren batean eragingarriak izan gaitezkeela».

Kendall, New Yorkeko Holland & Knight abokatu konpainian borondatezko kontseilari berezia da. Lehenago heriotza zigorra jasotako akusatu askoren abokatua izan da AEB osoan, bereziki akusazioetan arrazakeria eragile bat izan denean. Gainera, NAACP Koloreko Jendearen Hobekuntzarako Elkarte Nazionala erakundeko Lege Defentsa eta Hezkuntza Fundazioko aholkularia izan da. Heriotza zigorraren bidegabekerien kontrako ekintzaile sutsua da.

Kendallek BERRIAri adierazi dionez, heriotza zigorraren kontrako argudio nagusien artean defentsa egokirako askok, arrazoi ekonomikoengatik, duten ezintasunaren arazoa dago: «Herrialde honetan aldiro ohartzen gara ezinezkoa dela akusazioei modu egokian aurre egitea. Heriotzaren Korridorean dauden ia gehienak pobreak dira eta defentsa egokia egiteko baliabiderik ez duten abokatuek defenditzen dituzte».

Kexu da arrazakeriak pisua duela epaimahaietan eta hauen ebazpenetan, eta bidegabekeria horri aurre egiteko «epaimahai barnehartzaileak» proposatzen ditu: «Epaimahaikideak behin-behinean hautatuta, horien artean Fiskaltzak eta Defentsak bakoitzak gustuko dituen kideak zerrendatuko lituzkete. Jarraian, bi aldeek epaimahaia zeintzuk osatuko luketen hitzartuko lukete».

FOSTERREN AUZIA. «Argi dago Kenneth Fosterrek Michael LaHooden hilketan izan zuen rola ez zela hiltzailearena izan. Foster ez zen hilketa egin zuenaren buruzagia, ezta tiroketa egin zuena ere. Ez du heriotza zigorra merezi. Texasen indarrean dagoen Parte-hartzaileen Legea bidegabea da». Hala mintzatu da Kendall Fosterren auziaz.

Joan den astean hedabide batzuei esan zienez, Texasko gobernadoreek historian oso gogor jokatu dute krimen larriez akusatutakoen kontra. Hala, beldur ageri zen egungo gobernadore Rick Perryk ez ote duen orain berdin jokatuko. «Texasko kulturan Far West garaiko indibidualismo indartsua exekuzioekiko joera bizia duten gobernadore eta fiskalen tradizio luzearekin nahasten dira».

«Herrialde honetan aldiro ohartzen gara ezinezkoa dela akusazioei modu egokian aurre egitea»

«’Heriotzaren Korridorean’ dauden ia gehienak pobreak dira; baliabiderik ez dutenek defenditzen dituzte»

«Fosterrek ez du heriotza merezi. Texasen indarrean dagoen Parte-hartzaileen Legea bidegabea da»

george h. kendall

heriotza zigorraren kontrakoen abokatua

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)