Heriotza zigorraren itzal luzea AEBetan
Texasen Kenneth Foster Jr. exekutatzekoak dira gaur; zigorraren aurkakoak hori kentzeko borrokan ari dira
Berria, , 30-08-2007juanma sarasola
AEBetako hainbat estatutan indarrean dago heriotza zigorra, eta legeari jarraiki, gaur Kenneth Foster Jr. gazte beltza dira hiltzekoak Texas estatuan. Exekutatzen baldin badute, AEBetan 1976an heriotza zigorra berriz indarrean jarri zutenetik hiltzen duten 401. presoa izango da. Joan den astean Johnny Ray Conner 32 urteko gaztea beltza ere exekutatu zuten estatu horretan. Heriotza zigorraren kontrakoak ekimen eta protesta franko egiten ari dira aspalditik, eta maiz salatu izan dute arrazakeria eragile bat izana akusatuak zigortzeko tenorean. Salaketak salaketa eta protestak protesta, gaur egun AEBetako 50 estatuetatik 38tan dago indarrean heriotza zigorra 13tan bertan behera utzita daude oraingoz, eta beste 12tan eta Washington D.C.-n ez dute zigor hori lege kodean.
Heriotza zigorraren kontrakoek kezka handia dute Texasen indarrean dagoen Parte-hartzaileen Legea delakoarekin. Hain zuzen ere, horretan oinarrituta exekutatu nahi du gobernadoreak Kenneth Foster Jr., 1996ko abuztuaren 14an Texasen izandako hilketa batengatik, Michael LaHooden hilketarengatik.
LaHood tirokatu eta hil zuen pertsonarekin, Mauriceo Brownekin, eta beste bi lagunekin zihoan egun hartan Foster, denak zeramatzan autoa gidatzen. Lehenago besteak lapurreta batzuetan parte hartuak ziren. Alabaina, epaiketan argi geratu zen LaHooden hilketa Brownen momentuko erreakzioa izan zela, ez aldez aurretik erabakitako ekintza. Brown eta beste hirurak hilketaren biharamunean atxilotu zituzten. Hain justu, Brown, iazko abuztuan exekutatu zuten, eta harekin eta Fosterrekin autoan zihoazen beste bi lagunak errugabetu zituzten. Alta, Fosterri delitu baten lekuko izatea eta hura eragozteko deus ez egitea leporatzen dio akusazioak. Defentsaren arabera, ordea, berak ez zekien Brown LaHood hiltzera zihoanik.
Texasko Helegite Auzitegiak Fosterri heriotza zigorra ez ezartzeko eskaera atzera bota zuen iragan abuztuaren 7an, auzia agintarien esku utzita. Herritar, erakunde eta nazioartearen presioak eragozten ez badu, gaur azken hatsa botaraziko diote Fosterri.
TEXAS, EXEKUZIOETAN NAGUSI. Joan den astean, Conner exekutatzekoak zirela, Europako Batasunak hari heriotza zigorra barkatzeko eskatzeko gutuna helarazi zion Texasko gobernadore Rick Perryri. «Zigorraren atzeraezintasunak esan nahi du Justiziaren akatsak zeinahi lege sisteman saihestezinak ezin dituztela konpondu».
Perryk, ordea, AEBen auzietan muturra ez sartzeko eskatu zion Bruselari. «Texastarrak bakarrik arrunt ondo moldatzen gara Texas gobernatzen. Duela 230 urte gure herrialdearen sortzaileak gerra batean borrokatu ziren Europako errege baten uztarritik askatzeko eta autodeterminazioaren askatasuna lortzeko. Texastarrok aspaldi erabaki genuen heriotza zigorra bidezko zigorra dela, egokia, gure herritarrek eginiko krimenik ikaragarrienei aurre egiteko».
Aurten 20 preso exekutatu dituzte Texasen. 1976tik exekuzio gehien, askorengatik, egin dituen estatua da 399rekin, Virginiaren (98 exekuzio), Oklahomaren (85), Missouriren (66) eta Floridaren (64) aurretik.
AEBetako presidente George Bush Texasko gobernadore zela, 1994 eta 2000 artean, exekuzioek gora egin zuten. Berak 152 exekuzio baimendu zituen. Haren anaia Jeb Bush Floridako gobernadore zela ere ugariak izan ziren estatu horretan eginiko exekuzioak.
Heriotza zigorraren aldekoek tartean John McAdams irakasleak diote hura dela hilketa eta krimenak murrizteko disuasio armarik eraginkorrenetako bat. Alabaina, AEBetako kriminologia erakundeetako buruen artean Michael L. Radeletek eta Ronald L. Akersek 1996an eginiko ikerketaren arabera, aditu horien %84k ustez zuten heriotza zigorra ez zela disuasio eragilea hilketak eragozteko. Ford Fessendenek 2000an eginiko ikerketak antzeko emaitzak eman zituen. Ildo berean, AEBetako fiskal nagusi izandako Janet Renok honakoa esan zuen 2000. urtean: «Heriotza zigorra atzera-eragilea dela erakuts lezaketen ikerketen bila aritu naiz urte luzetan, eta hori sostenga dezakeen ikerketarik ez dut topatu».
ARRAZAKERIA SALAKETAK. Amnesty Internationalen arabera, arrazak rol handia jokatzen segitzen du AEBetako heriotza zigor kasuetan. AEBak: Bazterkeria heriotzetan. Heriotza zigorrean arrazak duen rol jarraia txostenean zera dio: «Beltzak eta zuriak krimenen ia kopuru beraren biktima diren arren, heriotza zigorra berrezarri zutenetik exekutatukoen %80 biktima zuriak izan diren hilketengatik exekutatu dituzte. Exekutatutako beltzen %20 baino gehiago zuriek soilik osatutako epaimahaiek zigortu zituzten».
AEBetako populazioaren %13 inguru izaki, afroamerikarrak edo beltzak gaur egun Heriotzaren Korridorean preso dauden 3.500 pertsonetatik %42 beltzak dira. Gainera, 1977tik exekutatutakoen %34 inguru beltzak ziren, DPIC Heriotza Zigorraren Informazio Zentroaren datuei jarraiki.
AEBetako hirugarren gutxiengo etnikoari dagokionez, Hego Amerikan jatorria dutenen edota hauen ondorengoen kasuan, populazioaren %12 inguru izaki, exekutatutakoen %7 izan ziren.
Maryland estatuko gobernadorearen eskariz hango unibertsitateak eginiko ikerketa batek dioenez, arrazak eta geografiak funtsezko zerikusia dute akusatuek heriotza zigorra jasotzeko garaian. Ikerketari jarraiki, estatu horretako heriotza zigorraren sistema «arrazakeriak jota» dago. «Akusatuek askoz ere posibilitate gehiago dituzte heriotza zigorra jasotzeko pertsona zuri bat hil badute».
Jeffrey Pokorak irakasleak 1998an jakinarazi zuen heriotza zigorra indarrean duten estatuetan barrutietako fiskalburuen %98 zuriak zirela, eta soilik %1 beltzak.
‘HERIOTZAREN KORRIDORETIK’ LIBRATU. DPICren esanetan, heriotzari izkin eman diote Heriotzaren Korridorean zeudenetako 124 presok, gune horretan batez beste 10 urte eman ondoren eta beren errugabetasuna frogatzeari esker.
Erakundeari jarraiki, Etxe Zuriak inoiz ez du exekutatutako presoen errugabetasuna aitortu. Halere, gutxienez zortzi kasuetan errugabeak exekutatu dituztela dio DPICek. Horietan eta hainbat kazetarik ikertutako beste batzuetan, agerian utzi zuten epaiketetan akats larriak egin zituztela.
Bestalde, krimenen biktimen senideei dagokienez, askotan exekuzioa bertatik bertara ikusi nahi izaten dute, urteetako sufrikarioaren ondotik «lasaiago geratzeko».
Haatik, badira biktimen senideei aholkuak eta berotasuna ematen dizkieten beste biktima batzuk ere. Eta heriotza zigorraren kontra daude. Horien artean daude MVFR Hilketen Biktimen Familiak Adiskidetzearen Alde eta TJH Itxaropenaren Bidaia taldeak.
ZIGorraren eTena
34
Heriotza mingarria. Angel Diazi heriotza zigorra ezartzeko agindu zuen iaz Floridako gobernadore Jeb Bushek. Alta, injekzio hilgarria ezarrita, 34 minutuko agoniaren ondotik hil zen Diaz. Gero exekuzioak behin-behinean eten zituzten.
InKesTa
48
Heriotza zigorra ala bizi artekoa. DPIC erakundearen arabera, galdekatutako herritarren %48k nahiago dute krimen larriez akusatutakoei bizi arteko kartzelaldia zigorra ezartzea. %47k heriotza zigorra ezartzea nahiago dute.
KosTuaK
114
Heriotza zigorra, garestiagoa. Kaliforniako heriotza zigorraren sistemagatik presoak bizi arte kartzelan atxikitzeagatik baino 114 milioi dolar gehiago ordaindu behar dute herritarrek. Exekuzio bakoitzak 250 milioi dolar kostatzen du.
arrazaKerIa
42
Beltzak, jazarriagoak. AEBetako populazioaren %13 inguru izaki, afroamerikarrak gaur egun Heriotzaren Korridorean preso dauden 3.500 pertsonetatik %42 beltzak dira. Gainera, 1977tik exekutatutakoen %34 inguru beltzak ziren.
PoBrezIaren arazoa
95
Abokatu ona lortzeko ezintasuna. Krimen larriez akusatutakoen %95 pobreak dira, eta ezin dute beren gustuko abokatua ordaindu. Esperientziarik gabeko eta gaizki ordaindutako ofiziozko abokatuak erabili behar izaten dituzte.
(Puede haber caducado)