Alemaniako, AEBetako, Maliko eta Hego Koreako doinuak Getxon

17 Hippies, Cherish The Ladies, Toumani Diabate eta Dulsori ariko dira Folk Getxo BBK jaialdian

Berria, eriz lotina, 30-08-2007

Bilbo

Irailaren 5etik 8ra bitartean, munduko musikak ezagutzeko aukera emango du Getxok, Folk Getxo BBK nazioarteko 23. folk jaialdiaren bidez. Irailaren 5ean, Erromoko Santa Eugenia plazan, Karidadeko Benta taldearen azken emanaldia izango da, jaialdiaren egitarauaren barruan, eta, horretaz gain, honako lau talde hauen kontzertuak izango dira eszenatoki nagusian, hots, Areetako geltokiko plazan: 17 Hippies (Berlin), Cherish The Ladies (AEB), Toumani Diabate & Orchestra Symetric (Mali) eta Dulsori (Hego Korea).

17 Hippies talde alemaniarra «festa giroaren eta kolorearen ordezkari» izango da, jaialdiaren zuzendari Marta Herrera k azaldu duenez. Cherish The Ladies taldearen emanaldia ere gogoangarria izango delakoan dago. Toumani Diabatek eta Orchestra Symetric emango duten kontzertuak, berriz, «munduko kora – musikaririk onena» ekarriko du Getxora. Dulsori, berriz, «aurtengo berritasun nagusia» izango da, Herreraren ustez.

Folk Getxo BBK jaialdiak iraungo duen lau egunetan «aniztasuna» izango da, antolatzaileen iritziz. «Jaialdiak herrialdeen arteko loturak estutzeko asmoa erakusten du, tolerantzia bultzatu eta beste kulturen ezagutza sustatzekoa, eta ez ditu arrazakeriaren eta desberdintasunaren kontrako borrokak ahazten». Horregatik, kanpaina bat ere jarri da abian, Berdinak gara, desberdinak gara lelopean, betiere musika oinarritzat hartuta. Eguna igarotzera joateko deia eta eskaria egin du Herrerak, «ez soilik kontzertuak entzutera beste barik».

«Getxoko folk jaialdia nazioarteko ospea duen eta erabat ezarrita dagoen ekitaldia da», Gorka Martinez BBK Fundazioaren zuzendariaren ustez. Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiaren hitzetan, «jaialdiak Getxon kultur aniztasun inbidiagarria biltzen du, non ohitura, sustraiak, herri kultura eta artea uztartzen diren». Zarragak uste du ekitaldiak gainontzeko kulturak gugandik hain urruti ez daudela gogoratzen dutela.

ERAGILE SOZIALEN TOPAGUNE ERE BAI. Getxoko alkateak, Imanol Landak, aurtego jaialdiaren zenbait alderdi nabarmendu ditu. Batetik, Landak jaialdia «aniztasunaren festa handia» dela adierazi du, eta hainbat eragile sozialek, GKEek eta bestelakoek bertan topagunea dutela oroitarazi. hala ere, musika da «protagonista nagusia», Landaren ustez, eta musikaren «kalitatea» goraipatu du.

Gainera, jaialdia «metro batera» dagoela azaldu du, metroaren geltokiak emanaldietara joateko ematen duen aukerari erreferentzia eginez.

Folk erakustaldia bata bestetik hurbil dauden bi tokitan izango da. Batetik, Erromoko Santa Eugenia kaleko karpan, non arratsaldeko kontzertuak, Munduko Terraza eta haurrentzako ekintzak izango diren. Bestetik, Areetako Geltokiko enparantzan, non kontzertu nagusiak eta Munduko Azoka eginen diren.

 

eGITaraua

Irailak 5

Karidadeko Benta (19:00etan, Erromoko Santa Eugenia plazan).

17 Hippies (21:30ean, Areetako geltokiko plazan).

Injuve (23:15ean, Erromoko Santa Eugenia plazan).

Irailak 6

‘La Residual’ tailerra (12:00etan, Erromoko Santa Eugenia plazan).

Mariachi (19:00etan, Erromoko Santa Eugenia plazan).

Cherish The Ladies (21:30ean, Areetako geltokiko plazan).

Djamel Laroussi (23:15ean, Erromoko Santa Eugenia plazan).

Irailak 7

Ludoteka (12:00etan, Erromoko Santa Eugenia plazan).

Guafa Trio (19:00etan, Erromoko Santa Eugenia plazan).

Toumani Diabate & Orchestra Symetric (21:30ean, Areetako geltokiko plazan).

Lou Dalfin (23:15ean, Erromoko Santa Eugenia plazan).

Irailak 8

Haurrentzako emanaldia (12:00etan, Erromoko Santa Eugenia plazan).

Calamento (19:00etan, Erromoko Santa Eugenia plazan).

Moleque da Rua (21:30ean, Areetako geltokiko plazan).

Dulsori (23:15ean, Erromoko Santa Eugenia plazan).

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)