«Hezkuntza sisteman segregazioa erabiltzen da ikasleak banatzeko»
Jean François Bruneaud irakaslearen arabera, gizartean izaten diren gaitzen isla da eskola
Berria, , 30-08-2007Donostia
«Lehen langile klaseak zeukan bortitza izatearen estigma, orain talde etnikoak dira bortitzak, lapurrak, desleialak…». Gu eta besteak. Onak eta txarrak. Baketsuak eta bortitzak. Sentimendu arrazistek errealitate sozio – ekonomiko bat ezkutatzen dute, hala uste du, bederen, Bordeleko unibertsitateko Jean François Bruneaud irakasleak (Frantzia). Bruneaudek EHUko Uda Ikastaroetan parte hartu du Eskolako biolentziaren etnitizazioa hitzaldiarekin, eta arrazakeriaren funtsa pertsonen azalean baino hizkuntzan bertan dagoela frogatzen saiatu da. «Ekonomiak eta gizarteak baldintzatu dutena – indarkeria – arazo etnikoa dela esatera iritsi gara: hitz joko maltzurra sortu dugu. Bestea bortitza da, nonbait, arraza jakin batekoa omen delako, baina arrazak gizarteak – guk eta besteek – sortu eta eraiki ditugu: arrazak ez dira existitzen, arrazak constructo sozialak dira».
Pierre Bourdieu (1930 – 2002) pentsalari frantsesaren hitzak hartuta, Bordeleko irakasleak Frantziako eskoletan egun dagoen «indarkeri giroa» aztertzeko saiakera egin du. Bruneaudek dio eskoletan indarkeria dagoela, gizartean ezberdintasun sozialak daudelako. Alegia, «gizartean ematen diren gatazkak adierazten dituztela eskolek». Bruneaud irakaslearentzat gizartean ematen diren fenomenoak erreproduzitzen dira eskoletan. «Hiri handietan ghettoak sortu dira, baita eskoletan ere». Dena den, Bruneauden aburuz, hau ez da gaur egungo kontua. Industrializazio garaian auzo popularrak sortu zituzten, eta bertan bizi zirenak bortitzak zirela esaten zen. «Agian, bertan bizi zirenak bortitzak zirela esateko sortu zituzten auzo popularrak». Gizartean hainbat eta hainbat hitz joko «maltzur» erabiltzen direla salatu du Bruneaudek bere hizketaldian, «gizartean nahastea sortzeko helburuarekin sortuak denak». Hala, Frantziako eskolen mapa deitzen dena «segregazio politika» moduan ulertu behar dela dio Bordeleko irakasleak. «Eskolan eta hezkuntza sisteman segregazioa erabiltzen da ikasleak banatzeko». Frantziako kasua esanguratsua da: «Auzo txiro batean jaiotzen dena, eskola txiro batean ikasi behar du». Frantzian oso zaila da aldez aurretik ezarritako eskola batetik kanpo ikastea. «Batzuek posta helbide bat erosten dute horretarako». Eta beste eskola batean ikasteko aukera izaten dutenean, «segregazioa modu sotilago batean» egiten dela dio Bruneaudek. Hau da, eskola barruko banaketa hezkuntza mailaren araberakoa izan beharrean – «Frantzia meritokraziaren herria omen da» – jokabideen araberakoa izaten da. «Gaitasun handiak dituzten ikasleak baztertzen dira haien jokabideak maltzurrak direlako eta eskolen aurkako jarrera dutelako». Bazterketa horren oinarrian «bestearen inguruan eraikitzen ditugun irudikapenak» daude. «Magrebtarrak gaiztoak dira, Asiarrak langileak eta isilak…». Eta Bazterketaren azken emaitza biolentzia da. «Litekeena da indarkeria erabiltzea entzunak izan nahi dutelako». Pierre Bourdieuren hitzetan, «menderatua haren mendekotasunean parte hartzen du».
TALDE ETNIKOAK. Jean François Bruneauden arabera, gauza bat etorkinak dira, eta beste bat talde etnikoak. Talde etnikoak politikoki eta sozialki eraikitzen dira, identitate propioa dute, baina «nazio jakin baten barruan sortzen dira, eta haren identitatearen parte bat dira». Bordeleko Unibertsitateko irakaslearen arabera, «talde etnikoak herri batean kokatu eta beraien identitatea bertakoarekin nahastu egiten duten immigranteak dira. Ez dira bi kulturen artean bizi, identitate propioa dute, eta frantsesak dira». Hala, magrebtarrak frantzian bizi dira soilik. «Frantsesak dira, geroz eta gehiago, gainera, baina integratzeko eskatzen diete».
Constructoa 90eko hamarkadan eraikitzen hasi zen arabiar hitzak frantsesen artean zeukan kutsu peioratiboa saihesteko. Hala ere, Bruneaudek esan du, kontzeptua sortzeko erabili ziren adierazleak iraganean oinarritu zirela. «Magrebtar – sarrazeno – gaiztoaren eta desleialaren antzinako irudia egungo irudikapenaren parte da». Arrazoi historiko horiek, gainera, egungo adierazle ekonomikoekin egiten dute topo: lan baldintza prekarioak, langabezia… eta batak eta besteak batuta, «indarkeriarako giroa sortzen dela» dio Bordeleko irakasleak. «Jokaera hauek oinarri ekonomiko, politiko eta sozialak dituzte, eta ez etnikoak. Azalak ez du inor bortitza egiten».
Etorkina edo atzerritarra kontzeptuak, berriz, bestelako errealitatea adierazten du Bruneauden iritziz. «Etorkin guztiak atzerritarrak dira, baina batzuek soilik dute frantsesak izateko aukera». Frantziar nazionalitatea izanda ere, jatorri atzerritarra izango du beti etorkin batek, «eta baita haren seme – alabek ere».
:«Lehen langile klaseak zeukan bortitza izatearen estigma; orain, talde etnikoak dira bortitzak»
>«Indarkeriazko jokaerek oinarri ekonomiko, politiko eta sozialak dituzte, eta ez etnikoak»
jean françois Bruneaud
Bordeleko unibertsitateko irakaslea
(Puede haber caducado)