Menchu, aukerarik gabe

Berria, kaldabe@berria.info, 28-08-2007

Amets ederra zen. Rigoberta Menchu Tum, Guatemalako lehendakaritzarako lehian sartua. Jazarpen eta zapalkuntza baino jasan ez duen hamarkaden ostean Latinoamerikan berpizten ari den ezkerraren sendotze prozesuan hurrengo urratsa izan zitekeena.

Ez garaipena, ameslarienak ere ez baitzuen halakorik espero, baina bai Guatemalan esparru handi bat, dagokiona baina biltzen asmatu ez duena, irabazteko aukera ematen zuen 1992an Bakearen Nobel saria jasotako emakume maia – kitxeak politikan sartzeko eginiko apustuak.

Hauteskundeak egin baino bi aste lehenago, kanpaina bertan behera utzi behar izan du Menchuk. Irailaren 9an izango dira bozak, eta herenegun itxi zuen kanpaina Guatemala hiriburuan. Kanpaina aurrera eramateko azpiegitura eta dirurik gabe geratu dira. Diruz urri ibili dira hasieratik – ez zuten dirutzarik erabili nahi, printzipioengatik eta pobrezia handiko herrialde batean dirutza xahutzea zilegi ez delako – , eta azpiegiturak lortzeko zailtasun ugari izan dituzte – logikoa eskuina nagusi den herri batean – . Inkestek ere botoen %3 baino ez diote iragarri.

Eskuinak agintzen jarraituko du, inkestetan aurrena doanak «zentro – ezkerreko» hautagaia dela esan arren, ezkerretik gaztetan gerrillaren aldekoa izatea baino ez baitu Alvaro Colomek. Colom ez bada, Otto Perez eskuin muturrekoa gailenduko da; militar ohia izaki, badauka Menchuk urteetan salatu dituen giza eskubideen bortxaketen berri.

Eta ezkerrak itxaroten jarraitu beharko du Guatemalan. Eta Latinoamerikako ezkerrak beste herrialde batean egin beharko du berpizkunde aroaren hurrengo urratsa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)