Ministroaren kontuak ez datoz bat
Berria, , 19-08-2007Sos Arrazakeria
Joan den uztailaren 8an, Jesus Caldera Lan ministroari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen El Pais egunkariak. Ministroak elkarrizketan zioenez, haren kudeaketari esker, gutxitu egin da administrazio egoera irregularrean dauden atzerritarren kopurua: «200.000 dira, orain, guztira».
Ez dakit nondik atera duen kopuru hori ministroak, baina argi eta garbi esan behar dut faltsua dela erabat. Zoritxarrez, askoz handiagoa da egoera irregularrean dauden pertsonen kopurua; askoz ere handiagoa, nabarmen – nabarmen.
INE Estatistika Institutu Nazionalak Udal Errolden Aurrerapena argitaratu zuen 2007ko ekainaren 11n; haren arabera, eta 2007 – 01 – 01ean, 4.482.568 ziren Espainian erroldatuta zituzten atzerritarrak. Lan Ministerioaren datuen arabera, berriz – – Immigrazio eta Emigrazioko Estatu Idazkaritzak argitaratu baitzituen – – , 2007 – 03 – 31n, 3.236.743 pertsona zituzten egoitza baimenik gabe. Beraz, 1.200.000 zen, erroldaturiko pertsonen eta egoitza baimena zutenen arteko aldea. Ezbairik gabe, horien arteko kendura hutsak ez digu ematen, zehatz – mehatz, egoera irregularrean dauden pertsonen kopurua. Izan ere, Erkidegoko pertsonek ez baitute zertan eduki egoitza baimenik legezko bizilagun izateko; nahiz eta 240/07 RD Errege Dekretua indarrean sartu zenez geroztik, ziurtagiri bat egin eta identifikazio zenbaki bat eman zizkieten, zegozkien datuak erregistratuta gera zitezen. Hala eta guztiz ere, datuak ez datoz bat.
Talde bakoitzaren jatorria aztertuz gero, honako datu hauek dauzkagu. Europako 27 estatuetatik, 1.702.613 pertsona dituzte erroldatuta, eta horietatik 1.019.346k egoitza baimena dute; beraz, 683.267k ez dute baimenik, nahiz eta lehen esana dugunez, halako baimenik gabe ere legezkoak izan daitezkeen.
Europako gainerako herrialdeetatik, 185.307 pertsona dituzte erroldatuta, eta horietatik 104.080k dute egoitza baimena; beraz, 81.227k ez dute baimenik. Afrikatik, 797.592 pertsona dituzte erroldatuta, eta horietatik 750.717k egoitza baimena dute; beraz, 46.875ek ez dute baimenik. Erdialdeko Amerikatik eta Hego Amerikatik, 1.532.403 pertsona dituzte erroldatuta, eta horietatik 1.131.606k dute egoitza baimena; beraz, 400.797k ez dute baimenik. Ipar Amerikatik, 45.075 pertsona dituzte erroldatuta, eta horietatik 18.526k dute egoitza baimena; beraz, 26.549k ez dute baimenik. Asiatik, 216.769 pertsona dituzte erroldatuta, eta horietatik 209.472k egoitza baimena dute; beraz, 7.297k ez dute baimenik.
Erroldatuta izan arren egoitza baimenik ez duten petsonak batuz gero, berriz, «Erkidegokoak direnak alde batera utzirik» ere, guztira, 562.745 dira erroldatuta egonagatik egoitza baimenik ez duten pertsonak; alegia, Lan ministroak dioena baino hiru aldiz gehiago ia.
Jesus Calderak zioena, beraz, ez da egia. Irregulartasuna askoz ere handiagoa da, eta ministroak berak ikusarazi nahi diguna baina askoz ere iraunkorragoa. Hizpide dituen datu horiek ez dira egiazkoak; baina, orobat, ez da egia ezin hobeto dabiltzanik jatorriko kontratazio sistema – – ez eta, oro har, erregimen orokorrekoa ere – – eta lanean zein gizartean errotzeko sistemak ere, ez eta sistema horiek modu «naturalean» xurgatzen dutenik ere, nolabait, irregulartasunen poltsa.
2005eko araupetze prozesu bereziaren ondoren – – huraxe izaki handiena 1985ean Atzerritaren Legea indarrean sartu zenez geroztik – – , ehunka mila pertsona batzuk geratu ziren egoera irregularrean. Araupetze prozezu hark ez zituen konpondu, inondik inora ere, erregulartasun arazoak. Ordudanik «jauzi berezia egin da, Errumania eta Bulgaria Europako Batasunean sartu direnez geroztik, ehunka pertsona araupetu ahal izatea ekarri baitu haiek erkidegoko kide bilakatzeak»; nahiz eta arazo ugari sortzen dizkien, esaterako, gainerako erkidegoetako bizilagunen lan baldintza berberetan jardun ahal izateko eskubideari dagokion atzerapenak, alegia besteren kontura aritzeko eskubidearenak. INEren datuen arabera, 2007ko urtarrilaren 1ean, 524.995 ziren erroldatuta zituzten eta errumaniar naziotasuna zuten pertsonak – – 2006ko urtarrilaren 1ean 407.159 ziren eta 317.366 2005eko urtarrilaren 1ean – – . Lan ministroaren datuen arabera, 2007ko martxoaren 31n, 264.928 ziren errumaniar naziotasuna eta egoitza baimena zuten pertsonak – – 232.524 ziren 2006 – 12 – 31n, eta 2005 – 12 – 31n 192.134 ziren – – .
2007ko bigarren sei hilabetekoan eta 2008ko lehen hiruhilekoan, uste izatekoa da 2005eko araupetze prozesu berezitik kanpo geratu ziren pertsonetatik hainbatek beren egoera araupetu ahal izango dutela, gizartean errotzeko sistema bitarteko dela; hala eta guztiz ere, urrun daude Lan ministroak aipaturiko datuak. Aipatzekoa da, gainera, eta 2006ko balantzeak argi eta garbi erakutsi duenez, porrot galanta izan dela lanean errotzeko sistema, elkartze mugimenduak hasiera – hasieratik aurreikusi eta adierazi bezala. Gizartean errotzeko 6.619 espediente onartu zituzten 2006an, eta lanean errotzeko beste 223 espediente. Bejondeiela erasandako 223 lagun horiei; baina, gizartearen ikuspegitik eta araupetze sistema gisa harturik, ez dabil ongi. Eta gaizki ibiliko da aurrerantzean ere, sistema horretara heltzeko bideek bere hartan irauten badute etengabe.
2005eko araupetze prozesuaren ondoren, badirudi sinetsarazi nahi digutela dagoeneko ez duela inolako arazorik sortzen sistema horren izaera iraunkor, kroniko eta egiturazkoak. Eta ez da egia. Irregulartasunak bere hartan dirau, eta bere hartan diraute haren erasanpean dauden pertsonek ere. Eta gaur egun indarrean dagoen sistemak, Lan ministroak besterik badio ere, ez du poltsa hori luze gabe xurgatuko, administrazio izapide xumeen bidez. Behin eta berriro dioskute aurrerantzean ez dela izango beste araupetze berezirik, eta, horrez gain, Europako Batasuneko gainerako herrialdeen presioa aipatzen digute. Hala eta guztiz ere, ordea, hor diraute irregulartasun kopuru handi horiek; horrek erakusten digu, beraz, gaur egungoak baino bide zabalagoetatik jo beharko dutela migrazioek, eta prozedura arinago eta xumeagoez baliatu beharko dutela, administrazio egoera horiek irregular izateari utz diezaioten eta pertsona horiek lan eta egoitza baimenak erdiets ditzaten; betiere kontuan izanik, migrazio mugimenduak benetan nola gertatzen diren aintzakotzat hartzen dituzten baliabideak eta ez fikzioko legeetan oinarritzen direnak.
(Puede haber caducado)