Maria Antonia Amadorren heriotza iker dezala eskatu dio SOS Arrazakeriak Udalari
Ospitalean zendu zen emakumea, igandean, Iruñeko udaltzainekin liskarra izan ondoren
Berria, , 11-08-2007Iruñea
Ez da kasu bakana izan. Horixe azpimarratu du Nafarroako SOS Arrazakeriak Maria Antonia Amador Jimenezen heriotzaren inguruan, eta gertatu zena argitzeko ikerketa egin dezala eskatu dio Iruñeko Udalari. Joan den igandean zendu zen Amador, ospitalean, hainbat egunez Zainketa Intentsiboetako Unitatean egon ondoren. Iruñeko udaltzainekin liskarra izan ondoren eraman zuten ospitalera, ustez udaltzainetako batek borrarekin buruan emandako kolpearen ondorioz.
Gertatutakoarengatik, salaketa jarri zuen emakumearen familiak. Zendutako emakumearen senarra eta semea ere zauritu ziren egun berean. Iruñeko Arrotxapea auzoan sortu zen liskarra, uztailaren 28an, udaltzainen eta 30 lagun ingururen artean. Amadorren senitartekoen arabera, istiluak ikusi zituztenean, hara hurbildu ziren, ezagun bati eskuburdinak jarri, eta joka ari zitzaizkiolako udaltzainak. Emakumea tartean sartu zen, eta orduan jaso zuen kolpea, familiaren arabera.
Maria Antonia Amadorrek 52 urte zituen. Odoljarioa izan zuen garun enborrean. Familiaren ustez, udaltzainetako batek jo zion kolpeak eragin zion. SOS Arrazakeriako kideek zuhurtasunez jokatzeko beharra azpimarratu dute autopsiaren emaitzak jakin bitarte, baina kezkatuta agertu dira gertatutakoaren inguruan. «Nafarroako SOS Arrazakeriako bulegoan gero eta salaketa gehiago jasotzen ditugu Iruñeko udaltzainen kontra, erasoengatik», azaldu du erakunde horretako kide Ainara Santakiteriak. Eraso horiek bereziki etorkinek eta bazterketa pairatzen duten kolektiboek jasaten dituztela gaineratu dute SOS Arrazakeriako arduradunek. «Kasu honetan, ijitoek».
SOS Arrazakerian jasotzen dituzten salaketetako askok ez dute epaitegietarako bidea egiten, ustez erasoak jasan dituztenak izan ditzaketen ondorioen beldur direlako, erakundeko kideen hitzetan. SOS Arrazakeriak berak Iruñeko Udaleko agintarien mehatxua jaso zuen 2005. urtean udaltzainen jarrerari buruzko txostena aurkeztu zutenean. «Auzia ikertzeko eta ardurak argitzeko eskatu, baina alkatearen bulegotik salaketa jartzeko mehatxua baino ez genuen jaso, udaltzainen kontrako irainengatik». Horrelako salaketarik ez du aurkeztu Iruñeko Udalak.
«Maria Antonia Amadorren heriotzaren inguruan, Udaltzaingoak oraindik ez du txosten ofizialik aurkeztu», azpimarratu du, bestalde, Santakiteriak. Orain arte, emakumearen odoljarioa ez zela kolpe baten ondorioz gertatu erran dute Udaleko agintariek. Emakumeak zuen hipertentsio arazoak eragin zuela, Udaleko Herritarren Babeserako zuzendari Patxi Fernandezen hitzetan.
SOS Arrazakeriako kideek jakinarazi dute Iruñeko Udaleko taldeekin harremanetan jartzeko asmoa dutela, udaltzainen inguruko salaketen eta kezken berri emateko berriz ere, eta Amadorren heriotza ikertzeko eta erantzukizunak argitzeko eskatzeko.
INFORMAZIO ESKE. Iruñeko Udaleko Nafarroa Baiko eta EAE – ANVko taldeek informazioa eskatu dute Amadorren heriotzaren inguruan. EAE – ANVko kideen hitzetan, oso larria da gertatutakoa, eta erabat neurrigabekotzat jo dute udaltzainen jarrera. Ikerketa egin bitartean udaltzainen buru Simon Santamaria behin – behinean kargutik kentzeko eskatu du talde horrek, gainera.
CGTk, halaber, salatu du Amadorren heriotza, eta liskarretan parte hartu zuten udaltzainen erantzukizunaz gain, haien arduradunek ere berea badutela azpimarratu du. Udaltzaingoa gero eta oldarkorragoa dela gaineratu du CGTk prentsa ohar baten bidez, eta nabarmendu du herritarren artean oihartzun eskasa izan duela Amadorren heriotzak.
«SOS Arrazakerian gero eta salaketa gehiago jasotzen ditugu udaltzainen kontra, erasoengatik»
«Amadorren heriotzaren inguruan Udaltzaingoak oraindik ez du txosten ofizialik aurkeztu»
ainara santakiteria
Nafarroako sos arrazakeriako kidea
(Puede haber caducado)