Horma gabeko ondarea

«Zuek bezala bizi gara». Nomada talde bat dago, urtero bezala, Angeluko kirol zelai batean. Ohiturak eta antolakuntza aipaturik, daukaten irudi txarraren aurka borrokatzeaz nazkaturik agertu dira.

Berria, xan aire, 10-08-2007

Angelu

Azken etxe lerroa. Harriz eta zurezko azken etxe lerroa. Bide zuzen baten bazterrean dauden zuhaitzek adarrak zabaldu dituzte. Etxe multzo bat. Harririk eta zurik gabeko etxe multzoa. Bi, edo lau errota dituzten etxeak. 240 karabana. 120 familien ondarea.

Urtero bezala, uztaila hondarreko igande batez, 29an, iritsi dira nomadak. Urtero bezala, Angeluko (Lapurdi) Girouettes kirol zelaian gelditu dira. Urtero bezala, estadioko hesia bortxatu dute, eta Herriko Etxeari baimenik eskatu gabe sartu dira. Baina aurten, auzapezak ez du salaketarik ezarri, auzitegiak nomadak handik kanporatzeko erabakia emateko bitartean, karabanak jadanik joanak izanen direlako. Baina aurten, hamabostaldia «bakean» pasatuko dute nomadek Euskal Herrian, «behingoan».

Azken orduen betetzen lanean ari da eguna. Karabana herrixkan, lasaitasuna nagusi. Han, bospasei mutiko gazte petankan ari dira, kalapitan. Hemen, bi emazte aldageletatik atera dira, dutxa harturik. Sarreran, zikinontziak otarre handi batean metatu dira, garbiki. Pankarta batzuetan, lekuak txukun atxikitzeko agindua da, hutsez emokatua den frantsesean idatzirik.

Auto lerro polita dago. Ez dira nolanahiko autoak. Marka ospetsuak dirdiran daude, eguzkiaren azken printzetan. Frantziako departamendu gehienak adierazten dituzte matrikulazioek. Alta, arrotza fite ezagutu dute. Hogei urte inguruko mutiko gazte bat dator, laguntza proposatuz. Eskaera entzunik, ez du hitz egin nahi. Herrixkako buruzagiengana eramatea erabaki du.

Oihal baten azpian, sei gizon daude. Horietako bat mahaitik zutitu da, eta hurbildu. Jean Beautour «abokatua» deitzen diote hemen, «irri egiteko, e!». Herrixkako bozeramailea da. Auzoari bere mahaian jartzeko baimena galdegin dio.

Pauetik datoz nomadak, Frantziako Tourrean lanean arizanik. «Horrelako gertakariak ikaragarriko jendea biltzen du beti, gure onetan». Mila gauza saltzen ibiltzen dira nomadak. Jantziak, oihalak, altzariak, baxerak… «Eguneroko gauzak, eta merke, jauna», dio Beautourek. «Ferietako eta azoketako industrialariak gara».

Urtero zirkuitu bera segitzen dute. Frantzia hego – ekialdean elkartzen dira apirilean, eta handik hasten dute bira. Frantzia hegoaldea zeharkatu, feria bakoitzeko hamabost egunez nonbait egon. Eta uztaila hondarrean, Euskal Herrira, urtero. Baionako bestak ez dituzte huts egin nahi izaten, eta batez ere izaten diren bi broderiak.

EMAZTEAK, HAURRAK. Bizimoduak aipatzeko unean, «zuek bezala bizi gara» esaldia behin eta behin erran du Beautourek. «Baina gure lana ikusiz, mugitzera behartuak gara, hil edo biziko kontua da». Antolaketa zehatza dutela azpimarratu du bozeramaileak. «Ez da anarkia izaten ahal. Herrixka gara, mikrokosmosa, gure balioak baditugu. Pentsa balio horiek urratzen dituela gutarteko batek, norbaitek erabaki beharko du kanporatu behar den ala ez».

Boterea gizonek dutela ikus daiteke kanpotik. «Egia da. Baina emazteek leku garrantzitsua daukate. Gauzak saltzen laguntzen ahal gaituzte. Baina etxeaz eta haurrez arduratzen dira gehienetan. Dena den, emaztearen errespetua aldatu egin da urteekin batera, zuek bezala, funtsean».

Haur andana hurbildu da, kuriositatez. Jolasean hasi dira, neskak eskuekin daukate jokoa, mutikoak borrokan bezala hasi dira. Haurren algarak eta inozentzia. Oporretan diren umeen askatasuna ageri dute. Neguan eskolan ibiltzen direla erran du Beautourek. «Familia bakoitzak leku zehatza dauka neguan. Sasoi horretan ez gara askorik mugitzen, beraz eskola segitzeko ahala daukate haurrek».

Udaberrian, haatik, eskola uzten dute haurrek aita – amei segi joateko. Urrutiko eskolak jarraitzen dituzte orduan. «Guk baino zorte hobea daukate. Nik 9 urterekin utzi nuen eskola. Orokorki, nomaden bizia hobetuz joan da belaunaldiz belaunaldi». Haurtzaro zaila iraganik oroitu da Beautour. «48 orduz baino gehiago ez ginen leku batean egoten ahal. Eta gehienetan, ez genuen ez urik, ez argindarrik izaten».

IRUDI TXARRA. Belaunaldiz belaunaldi bizi – baldintzak hobetuz joan baldin badira ere, nomadek berekin dakarten irudi txarra ez da mugitu ere, Beautouren iduriko. «Sedentarioen munduan, txikitatik ikasten da nomadak oilo lapurrak direla, eta hori ez da aldatuko. Supermerkatuetan ez dira konturatzen ere hor gabiltzala, horiek bezala, gauzak erosten». Bi munduen arteko muga txikia dela errepika eta errepika pasatu omen du Beautourek. «Gu galiar hutsak gara, katolikoak, eta lana badaukagu. Etxea dugu ezberdintasun bakarra».

Nomaden «alderdi txarra» baizik ez dela azpimarratzen dio Beautourek. «Honat heldu garen bakoitzean, zer baloratua da ? Baimenik gabe sartu garela kirol zelai honetara. Nehork ez du erranen ura pagatzen dugula, argindarra gure gain hartzen dugula, kalteak izanez geroz ordaintzen ditugula… Auzapezak ezagutzen gaitu orain, eta ardura daukagun jendeak garela badaki». Hamabostaldia bukatu baino lehen, Herriko Etxeko delegazio bat etorriko omen da lekuen egoera aztertzeko.

Sedentarioak ikusiz harritzen dela azaldu du Beautourek. «Denak lur puska txiki baten gibeletik dabiltza, eta horretarako erotzen». Nomadek ez dutela sekula jabetasun arazorik izaten ziur dago bozeramailea. « Kasu, guk ere gaiztoak baditugu. Baina elkartasuna eta karabanak dira gure ondarea». Zahartuta ere ez luke nahi etxe batean bizi Beautourek. «Hotel batean lo egitera behartua izan naiz, eta ez dut sekula halako gau txarrik pasatu».

Geroari begira, haurren bizia hobetzeko borrokatuko direla ziurtatu du bozeramaileak. «Eta nire haur bat etxe batean bizi dadin ez nuke nahi». Afaltzera deitu dute Beautour. Familiak goxoan daude kanpoan, jaten.

Hortik hurbil, harrizko etxeen munduan, Lukas txikiak ez du ohera joan nahi. «Nahiago duzu ijitoekin lo egin?», oihukatu dio amak. Lukas negarrez hasi da.

 

«Nehork ez du erranen ura pagatzen dugula, argindarra gure gain dagoela, kalteak ordaintzen ditugula»

«Galiar hutsak gara, katolikoak, eta lana badaukagu. Etxea dugu ezberdintasun bakarra»

Jean beautour

nomaden bozeramailea

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)