Erresuma Batuko Gobernuak itzultzaile irakiarren asilo eskaerak aztertuko ditu
Justizia Ministerioak armadari lagundu dioten 91 irakiarren eskaria ukatzeak iskanbilak eragin ditu
Berria, , 09-08-2007<a. s
Erresuma Batuko lehen ministro Gordon Brownek immigrazio gaietako zerbitzuei galdegin die azter ditzaten armada britainiarrari Iraken laguntzen dioten itzultzaile irakiarrek egindako asilo eskaerak. Itzultzaile horietatik 91k egin zituzten eskariei uko egin diete immigrazio zerbitzuek. Argudiatu dutenez, eskabide horiek aintzat hartzeko, eskatzaileek Erresuma Batuan egon behar dute. Asilo eskaerak egin dituzten irakiarrak, ordea, erresistentziaren mendekuen beldur dira, Erresuma Batuko militarrak Iraketik behin alde egin ondoren.
«Esker bizienak zor dizkiegu Iraken daukagun laguntza emaileei, eta haien segurtasunaz kezkaturik gaude», Brownen eledun batek esandakoaren arabera. Haren esanetan, lehen ministro britainiarrak gaia aztertuko dutela esan du: «Irakeko lankideen segurtasunaz kezkak daudela jakin badakigu, eta gobernuak kontu horiek aztertzen jarraituko du, dudarik gabe, arazo hauek ongien konpontzeko xedean».
Erresuma Batuko Defentsa eta Atzerri Arazoetako Ministerioek zabaldutako oharrak zuen nahasmena piztu. Hartan, zehaztu zuten Iraken armada britainiarrari laguntzen diotenek ez dutela beste edonork baino eskubide gehiago izango Erresuma Batuari asilo eskaera egiteko orduan. «Gure herrialdean asiloa lortu nahi duenak hemendik bertatik [Erresuma Batutik] egin behar du; ezin da salbuespenik izan», zehaztu zuten agiri hartan.
AEB-EN ETA DANIMARKAREN JOKAERAK. Erresuma Batuko armadak 15.000 irakiar kontratatu ditu berari laguntza emateko, horietatik gehienak itzultzaileak direlarik. Iraken okupazioan parte hartzen duten beste herrialdeek ere laguntzaileak dauzkate eta batzuek asilo eskariak onartu dituzte.
Hala, Ameriketako Estatu Batuek 7.000 irakiarri asiloa ematea onartu dute. Iraketik bere soldaduak erretiratu egin dituen Danimarkak, berriz, ontzat hartu du laguntzaile izan zituzten 60 irakiarrei eta senideei asiloa ematea.
(Puede haber caducado)