Sasoikako langile asko mafiaren esku daudela salatu du CCOOk

Baldintza txarrak dituzte Araban mahats eta patata bilketan dabiltzan Magrebeko langileek

Berria, , 04-08-2007

iban ocio

Bilbo

Baldintza kaskarretan eta, asko eta asko, mafiaren atzaparretan. Araban mahats eta patata bilketan diharduten sasoikako langileen egoera gaitzetsi du Euskadiko CCOOk. «Kanpotik datozen 4.000 bat langileetatik, Magrebekoak dira %40, eta horietako askori soldataren erdia kentzen diete bitartekariek»; beharginak Euskal Herrira heldu aurretik ugazabekin harremanetan dabiltzan pertsonek, hain zuzen. Poliziak inoiz «mafioso» horietakoren bat atxilotu duela, baina bizpahiru egunen buruan aske dagoela jakinarazi du sindikatuko Immigrazio arduradun Manolo Delgadok.

Antza, sasoikako langileek ez dute salaketarik egiten. Eta ez dira epaiketara joaten, salaketa sindikatuek edo beste erakunderen batek egin arren. «Diote prozesua pagatu beharko dutela eta, irabaztekotan ere, dirua galduko dutela». CCOOk, horregatik, ituna egin du UAGArekin, etorkinak jatorrizko herrian eta baldintza duinetan hartzeko UAGA jada bitartekari lanetan aritu zen iaz 1.305 langileren kontratazioan.

Mahats eta patata bilketan jarduten dutenen baldintzak hobetu gura dituzte sindikatu biek. Eta, ildo horretatik, behingoz sektoreko lan ituna bultzatzeko eskatu diote patronalari. «Akordioa egiten ahalegindu ginen duela bost urte, baina alferrik». Delgadok ohartarazi du, gainera, paperik ez dutela sasoikako langileen %30 inguru, eta horien egoera «are okerragoa» dela.

Araban dauden bitartean, batzuk eta besteak «oso toki prekarioetan» bizi direla ere salatu du CCOOko arduradunak.

Zenbakia

4.000

Uda bukaeran doaz etorkinak Arabara: irailean patata eta urrian mahatsa biltzen dute. Eta uzta ona bada, 4.000 langile inguru aritzen dira. Magrebekoak dira %40 inguru, eta paperik ez dute sasoikako langile guztien %30ek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)