«Maiz, etorkin adingabeek ez dituzte beren eskubideak ezagutzen»

reed Brody Human Rights Watch-eko Europarako lege aholkularia eta eleduna Kanarietako etorkin adingabeentzako bi zentrotan eskubideen urraketa larriak egiten direla salatu du HRW erakundeak; Brody horren lekuko izan da

Berria, , 01-08-2007

arantxa elizegi

Kanarietako etorkinentzako zentroetan (Espainia) izan den taldeko kidea da Reed Brody (1953, New York). Jakinaren gainean joan zen hara, baina ez zuen espero egoera horren txarra izango zenik: beren eskubideen berri ez duten adingabeak, tratu txarrak, eta abar. Brodyk eta bere lankideek Kanarietako Gobernuaren eta Fiskaltzaren kritikak jasan behar izan dituzte. Zehaztasunik ezaz jokatzea egotzi diete. Human Rights Watch giza eskubideen aldeko taldeko lege aholkularia haserretu egiten da salaketez hitz egitean: «Txostena irakurtzeko gonbita egiten diot Kanarietako Gobernuari».

Zein da Kanarietako etorkin adingabeentzako zentroetan daudenen egoera?

Egoera aldatu egiten da zentroaren arabera. Human Rights Watcheko kideak hainbat zentrotan egon ziren, eta orokorrean etorkinen eskubideak errespetatzen dituztela ikusi dugun arren, ez da gauza bera gertatzen bi kasutan: La Esperanzan eta Arinagan. Lehenengoan, 200 bat adingabe daude, eta, bigarrenean, berriz, 135 inguru. Bi horietan giza eskubideen urraketa ugarirekin egin dugu topo: heziketarik jasotzeko eskubiderik eza, beren eskubideei buruzko informaziorik eza eta kasu batzuetan tratu txar fisikoak.

Txostenean jasotzen dituzuen salaketak gogorrak dira oso. Horiek hala, Kanarietako Fiskaltzak ikerketa bat egin du, baina, antza, ez du nahikoa frogarik aurkitu kasua epaitegietara eramateko. Nola da hori posible?

Guk gazte askorekin hitz egin genuen, eta jaso genituen salaketak pertsona batengandik baino gehiagorengandik jaso genituen. Egia da ez dugula zentroaren erantzun ofizialik izan, baina jaso dugun informazioan oinarrituta esan genezake salaketak egiazkoak direla. Kezkagarria da, batez ere haurrak eta helduagoak diren gazteak elkarrekin jartzea, horrek arazoak egoteko arriskua handitzen duelako. Bestalde, Fiskaltzarekin gertatu dena da ikerketa bat egin zutela, baina oso arina eta azkarra. Ez zuten adingabeekin banan-banan hitz egin, eta ikerketak bi ordu baino gutxiago iraun zituen. Ez zuten itzultzailerik eraman, nahiz eta ohartarazi genien haurretako askok ez zekitela gaztelaniaz. Horretaz gain, haurretako askok ez zuten beraiekin hitz egin nahi izan, besteak mendekatuko ziren beldur zirelako. Horregatik salatu dugu Fiskaltzak egindako ikerketa ez dela egokia izan.

HRWk ezin ditu erabili jasotako testigantzak ikerketa bat eskatu edo epaitegietara jotzeko?

Hori da eskatzen ari garena. Ikerketa sakona egiteko ari gara eskatzen. Gure aldetik arduragabea litzateke haurrak arriskuan jarriko dituzten erabakiak hartzea, beraiek han geratzen direlako. Ezin dugu Fiskaltzaren eta Gobernuaren lana egin.

Nola da posible orain arte haur horien egoeraren berri zabaldu ez izana? Zenbateraino ezagutzen dituzte etorkinek beren eskubideak?

Ez dut uste gure txostena haien egoera salatzen duen lehena denik. Baina egia da maiz etorkin adingabeek ez dituztela beren eskubideak ezagutzen. Horretaz gain, ez dute salaketarik jartzeko ia biderik. Haurrak ia preso daudenean, beren eskubideak ezagutzen ez dituztenean, eta salaketarik jartzeko aukerarik ez dutenean, ez da harritzekoa halako kasuak aurkitzea.

Kanarietako Gobernuak zehaztasunik ezaz jokatzea egotzi dizue.

Txostena irakurtzeko gonbita egiten diot Kanarietako Gobernuari. Egoera zailean gaude, arduragabea litzatekeelako haurren izenak ematea. Barne eztabaida asko izan ditugu tratu txarrak eragiten dituzten begiraleen izenak eman edo ez erabakitzeko. Baina konturatu gara ematen bagenituen zigortuak izateko arriskua genuela. Haurren egoeraren berri izan genuenean Fiskaltzarengana jo genuen berehala. Hark dio ez duela ezer aurkitu. Guk gonbidatzen ditugu Fiskaltzaren txostena gurearekin alderatzera.

Badira diotenak Kanariak ez direla Afrikako haurtzaindegiak.

Guk ez dugu herrialde bakoitzaren immigrazio politiken alde edo aurka egiten. Baina etorkinak beren herrialdeetara bidaltzea erabakiz gero, haurren eskubide guztiak errespetatu behar dira. Ez dugu eskatzen haur horiek Espainian geratzea, gizaki moduan tratatuak izatea baizik.

Kanarietakoa kasu berezia da, ala halakoak aurkitu dituzue beste herrialderen batean?

Badakit arazoak aurkitu dituztela Italiako zenbait zentrotan ere. Gu Kanarietara joan ginen arazoak zeudela esan zigutelako. Ez ninduke harrituko arazoa zabalagoa izango balitz.

Normalean, etorkin adingabe batek zenbat denbora igarotzen du zentro horietan? Eta zer gertatzen da gero horiekin?

Bi aukera egon ohi dira: beren herrialdeetara bidaltzen dituzte berehala, edo 18 urte bete arte Espainian geratzen dira. Bigarren kasuan, jada, ez dira adingabeak, eta bestelako legedia baten menpe daude.

Zer gertatzen da haurrak nongoak diren ez dakiten kasuetan?

Gutxi dira nongoak diren ez dakiten etorkin adingabeak. Normalean badaude hori jakiteko moduak, eta halakoetan beren herrialdeetara bidaltzen dituzte. Halakorik egin ezin den kasuetan, haiek zainduko dituen familia edo erakunderen baten esku uzten dituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)