«Hemen ez gara ondo bizi»

Etorkin adingabekoentzako Kanarietako zentroak gogor kritikatu ditu Human Rights Watch erakundeak

Berria, arantxa iraola, 27-07-2007

Human Watch Rights erakundeak, adingabekoentzako harrera zentroetako egoera txarra agerian uzteaz gain, aholku sorta eman du egoera hobetzeko. Espainiako Gobernuari eta Kanarietako Gobernuari eskatu die berandu baino lehen zentro horiek ixteko plan bat abiatzeko, eta ordezko zentro batzuk martxan jartzeko; dela Kanarietan bertan, dela Espainian. Zentro horiek adingabeen onura bilatu behar dute beste ezeren gainetik, eta beren eskubideen urraketarik ezin da onartu. Halaber, orain publiko egin duen txostenean egindako salaketak argitzeko neurriak hartu behar direla esan du. Horretarako, salaketak egin dituzten haur eta gaztetxoei erraztasunak eman behar zaizkiela nabarmendu du, eta galdeketak banaka eta pribatuan egin behar zaizkiela, informazioa lasai eta presiorik gabe eman dezaten. Espainiako Fiskaltzari ere eskari sorta egin dio haur etorkin adingabeen egoera hobetze aldera. Kanaria uharteetako fiskaltzei, esaterako, baliabide egokiak eman behar zaizkie adingabeen zentro horien gaineko zaintza eta kontrola modu egokian egiteko. Halaber, ahalmena izan behar dute maiztasun jakin batekin zentro horietara bisita egiteko eta haur eta gaztetxoak bertan zer moduz bizi diren aztertzeko. Haurrei, beren egoerari eta aukerei buruzko azalpenak modu argi eta errazean eman behar zaizkiela esan du, eta baliabideak eman behar zaizkiela beren bizimodua garatuz joateko. Haien iritzirik entzun gabe haurrak jaioterrira itzularaztea gogor kritikatu du.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)