AlDia
IJITOKUMEAK PILOTAN
«Aurrena, lotsatu bezala egin zaizkit ijitokumeak, frontoi debekatu baten ari direnez, aurrean hartuta bidaliko ote ditudan bildur-edo. Baina ez, bihotzez xoraturik begira naukatela ohartu direnean, segituan jarri zaizkit harrosko».
Diario Vasco, , 19-07-2007«A oi di lieti inganni e di felici ombre soccorse natura stessa: e là dove l´insano costume ai forti errori esca non porse, negli ozi oscuri e nudi mutó la gente i gloriosi studi». Leopardik Nel Pellone – n, euskal pilotari batek iradokia
Kristok zerutik bota digun bimilagarren urtean, Santiburtzio hirugarrena dugu Leitzan. Ingurutxoa jo plazan eta, etxera nator ttapa ttapa, neure ttunttun – ziztuak eskuan, ilunabartze aurreko eguzki xaloaren argi horiztapean bazterrak ikusiz, ardijende arteko builatik ihesi, patxada ederreko bakardadean.
Amazabalgo zubira ordu, pilota soinuak belarrira, garai bateko Nekazari Eskolaren atzeko frontoi ttikitik. Harritua, nik neure baitan: «hain libre eta xalo gure mutikoak! berenmodu pilotan? herriko pesta obligatuak alde bat utzita! posible ote da, Patziku!?»….
Hunkiturik etorri naiz bertaraino eta, hona lau ijitokume kozkor, tipi eta tapa, eginahaletan. Txantrea atze honetan hartzen baitute ostatu urtero, beren mando, zakur, ahuntz, karro, furgoneta zar eta abarrekin. Eta bai abudo bilatu ere mutikoak, pilotan non aria!… Nola eman gainera, ezker eskuin! Denbora puxka baten, Titini eta Retegiri baino erneago egon natzaie begira. Ez artekaririk, ez botilerorik, ez telebistarik, ez Eguzkitzerik, ez Tolosarik, ez Lizartzarik, ez Ogetarik… Ezta beharrik ere! Denak baino gehiago baitira neretzako lau bihurriok, beren traketsean. Ni ere bai, beurentzako.
Aurrena, lotsatu bezala egin zaizkit, frontoi debekatu baten ari direnez, aurrean hartuta bidaliko ote ditudan bildur – edo. Baina ez, onez onera eta bihotzez xoraturik begira naukatela ohartu direnean, segituan jarri zaizkit harrosko, Atanilloren zapelak buru gainean ipini beharko banizkie baino pozikago.
Bai, hunkitu egin nau, herriko festa ofizialen erdi erdian, lau ijitokume bixiok beren artean ari duten debaldeko festa partikular honek. Laurak arrotzak ditut, beurek ere bai ni; halare, bost bihotz marginatuok lilura inoxente berberean uztartu dira. Zinetan, luju ikaragarria izan da hau neretzako. Non bila holako xarmarik, espektakulu ofizial antzuak bazter guziak irentsi dituen honetan?…
Mila esker bai, ijitokume zarpazuok, arrazista krudeltzat joa naukaten beste ijitozuri ofizialduok baino maiteago izanen zaituzte beti nere bihotzak. Gure poz honek, gure bazterpesta partikular honek, ez du programarik, ez publikorik. Bestela ez bailitzake zinezko festa, zinezko poza izanen.
Eskerrak bai, ijitokume maiteok, urtero gure ondasunik ustelenak lapurtzera eta garestienak oroitaraztera etortzeagatik!
(Puede haber caducado)