«Desberdinak» banatu
Berria, , 11-07-2007Zenbait hedabidetan argitaraturiko aipamenen arabera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila «ahaleginduko da datorren ikasturtean ez dadin izan ez zentro publikorik ez itunpeko ikastetxe pribaturik, %30 ikasle immigrante baino gehiago hartuko duenik».
Ehuneko hori aipatu zen, hain zuzen ere, legebiltzarkide sozialista Isabel Zelaak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza aholkulariari egindako galdera baten karietara; antza denez, %20ko kuota gehienekoaren alde agertu zen Zelaa, nahiz eta «tasa handiagoa hitzartzeko ere prest» zegoen.
Eta harritu egiten nau ikusteak gure politikariak lasai baino lasaiago gelditzen direla pertsonak darabiltzatelarik tratu gai, eta, neure buruari galdetzen diot ea hezkuntzako sindikatuak bat datozen horrekin eta, oro har, irakasleak ere bat datozen. Ezezkoan nago, alegia ez dutela etsi behar horrelako erantzunekin, eskola gero eta bestelakoago, heterogeneoago eta desberdinago batek dituen jomugak kontuan izanik.
Legebiltzarkide sozialistaren galderak eta aholkulariaren erantzunak, funtsean, kontzeptu diskriminatzaile bera dute abiapuntu: banatu egin behar dira «bestelakoak», «desberdinak» diren horiek. Biek ikusmolde beraz erabakitzen dute zeintzuk hartu behar diren«bestelako» edo «desberdintzat». Biek ala biek kontzeptu generiko bera darabilte, «immigrante», zeharo bestelako egoerak dituzten pertsonak izendatzeko. Zer immigrante maila dute aita-amak ekuadortarrak dituzten baina Donostian jaio diren neska-mutikoek, kontuan izanik ekuadortarrengandik sortuak baina Espainian jaioak diren haurrek Espainiako herritartasun ustekizuna bereganatzen dutela besterik ezean? Horien immigrante maila hutsaren hurrengoa da, Isabel Zelaak eta Tontxu Camposek diotena diotela. Haien immigrante mailari bagagozkio, ez lirateke Donostian jaiotako beste edozein pertsona baino desberdinago.
Zertarako tematzen ote dira gure legebiltzarkideak hain egoera desberdineko pertsonak zaku berean sartzen, hainbat kontzeptu generiko baliatuz, adibidez«hezkuntza premia berezituak dituen ikasleria»? Hezkuntza premia berezitu berak ote dituzte «immigrantetzat» jotako ikasle guztiek, esate baterako, Espainiako herritartasuna bereganatu dutenek, edo gurasoetako baten egoitza baimen bera eskuratu dutenek, edo hemen bertan jaio direnek, edo artean jaioberriak zirela hona etorritakoek, edo nerabe zirelarik etorritakoek, edo ikasten berandu hasitakoek, edo laguntzailerik gabe etorritakoek, edo Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetakoren bat dakitenek eta horietako batean ikasi dutenek, edo beste alfabetoren batean ikasitakoak direnek, edo askotariko gaietan gurea baino eskola sistema indartsuagoa den batetik eratorritakoek.
Abiapuntuan dago Isabel Zelaaren eta Tontxu Camposen planteamenduaren akatsaren funtsa: «desberdinak» banatu egin behar direlako ustean. Gehienera jota ere, eta beste hainbat erkidego eta herrialdetako eskarmentu askotarikoak argi erakusten duenez, halako neurri bat behin-behinekoa baino ez litzateke izango, iragankorra. Banaketa batez hitz egitekotan, alegia ikasleen elkarretaratze artifizialik gerta ez dadin, banaketa horretan guztiak hartu beharko lirateke kontuan, udalerri edo matrikulatze gune bateko ikasle guzti-guztiak: hemen jaioak nahiz Pernambucon jaioak izan, belaunaldi askotako zein gutxitako bertakoen seme-alabak izan nahiz ez izan, duela urte gutxi etorritakoen seme-alabak edo etorriberrien ondorengoak izan.
Frances Carbonellek honako hau dio: «Horretarako, nahitaezkoa iruditzen zait matrikulatze bakarrerako batzordeak eratzea udalerri bakoitzean; ez bakarrik neska-mutiko immigratuak banatzeko, jomuga diren hezkuntza premia batzuek horretara behartzen dutela argudiaturik… baizik eta funts publikoei esker dirauten eskola guztietan banatu ahal izateko eskueran dauden eskola plaza guztiak».
Ez da egokia administrazioak erantzun sinpleak ematea gizarte arazo korapilatsuei. Ez da egokia gizarte arazo korapilatsuak kopuruetara biltzea edo eslogan bihurtzea, direnik eta txundigarrienak izanda ere. Arazoa ez dira elkarretaratzeak berak, baldin eta kopuru horiek bertan existitzen den populazioari badagozkio. Aitzitik, elkarretaratze artifizialak dira arazoa, modu artifizialean eratzen ari diren elkarretaratze horiek, bai bertako biztanle aski dirudunen exodo isilpekoaren ondorioz sorturikoak, bai gizarte hibridatzerik edo kultura aniztasunik handien biltzen duten eskolek ageri duten laguntza berezitu gabeziak eragindakoak.
Eta elkarretaratze artifizialei, era askotako aurreiritzi eta gabezien ondorio direnei -irakasleen gabezia barne dela-, ez zaie behar bezala aurre egin ahal izango ehunekoak ardura eta ardatz nagusi dituzten politiken bidez.
Hezkuntza munduak jomuga ugari ditu. Besteak beste, berdintasunean hezteko eta berdintasunerako balioko duen eskola bat sortzea; eta, aldi berean, aniztasunarekiko errespetuan hezteko eta aniztasunarekiko errespeturako balioko duena. Eta, horretarako, ehuneko eta banaketa hutsez baino askoz harago joan behar da.
(Erredakzioan itzulia)
(Puede haber caducado)