Frantziak gutxieneko zerbitzuak bermatu nahi ditu grebetan

Etorkinen legea gogortu eta eragile pribatuek unibertsitateetan parte hartzea bultzatu nahi dute

Berria, Aitor Renteria, 05-07-2007

Baiona

Gizarte eztabaidaren aitzakian astebete gibelatu badu ere, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak zerbitzu publikoetan greba eskubidea arautu edo murrizteko xedea Ministroen Kontseiluraino eraman zuen atzo. Gutxieneko zerbitzuak bermatzea da helburua, kontzeptuaren interpretazioa tokian tokiko eragileen eta arloko arduradunen eskuetan uzten duelarik. Langileek greba iragarpena egin beharko dute bi egun lehenago: greba zortzi egunekoa bada, langileek sekretuan bozkatu beharko dute grebarekin segitzea nahi duten ala ez. Grebalariei ez zaizkie ordainduko egun horiek.

Neurri horiek indarrean jarri aitzin gizarte eztabaida bultzatu nahi zuela iragarri zuen Sarkozyk. Astebeteko atzerapena baino ez du lortu. Sindikatu gehienek greba eskubidea urratzen dela deritzote. «Arlo publikoan gutxieneko zerbitzuak arautzen dituen neurriak daude dagoeneko, beraz lege egitasmo hori faltsukeria baino ez da, itxura gordetzea», dio Lontzi Amadok LABen izenean. 48 oreneko epea eta zortzi egun ondorengo bozka langileen arteko zatiketa eta beldurra eragiteko neurriak direla uste du.

Unibertsitateek ere aldaketa sakonak biziko dituzte. Urte beteko epean zuzendaritzak aldatu beharko dituzte, eragile pribatuei irekiz. Zentro bakoitzak autonomia gehiago ukanen du eta bi abiadurako unibertsitatea ezarriko du abian.

Atzo eztabaidagai izan zuten beste gaietako bat etorkinena izan zen. Lapurdin bizi den etorkin baten familiak, adibidez, sorterrian egin beharko du hemen bizitzeko eskaria. Frantses ezagutza eta Frantziarekiko atxikimendua neurtuko dute, baimena eman aitzin. Gurasoek formakuntza bat egin eta hitzarmen bat izenpetu beharko dute.

GASA ETA ARGIA, PRIBATUAK. Bestalde, engoitik hiritarrek aukera dezakete norekin egin argi eta gasaren kontratua, EDF-GDF enpresa publikoarekin edo pribatuarekin. Estatuak prezio publikoa finkatzen du.

Herritarrek zerbitzu merkeagoa har dezakete, baina gero ezin dira EDF-GDFera itzuli. Kontratuak ez dira pertsonalak izanen, etxebizitzarenak baizik. Alokairuan den pertsona batek arlo pribatua hartzen badu, ondorengoak ezin du kontratu publikoa egin etxera sartzean. Zuhurtzia aholkatzen dute kontsumitzaile elkarteek aldaketa horien inguruan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)