Desertifikazioak 50 milioi errefuxiatu eragingo dituela ohartarazi du NBEk
Berria, , 29-06-2007Desertifikazioaren aurkako estrategia egokirik indarrean jartzen ez bada, datozen hamar urteotan, 50 milioi lagun beren bizilekuak utzi beharrean aurkituko dira mundu osoan, paraje idorretatik ihesi. Errefuxiatuak ez dira izango fenomenoaren ondorio kezkagarri bakarra; 2.000 milioi lagunek – – munduko biztanleen herenak – – jasango dituzte, era batean edo bestean, desertifikazioaren ondorioak. NBE Nazio Batuen Erakundeak gaiari buruz argitara emandako txosten batean egin ditu aurreikuspen hauek.
Txostenaren aburuz, basamortutzeak egun dagoeneko eragin gaiztoa du 100 – 200 milioi lagunen artean; elikagaiak, ura eta oinarrizko beste hainbat baliabide urriak dira beren bizilekuetan. Desertifikazioaren aurka orain artean abian jarri diren estrategiak ez dira egokiak izan, ordea, NBEren aburuz. «Martxan dauden politikak ez dira ari emaitzarik ematen», azaldu zuen, atzo, NBEren Uraren, Ingurumenaren eta Osasunaren Nazioarteko Sareko zuzendari Zafar Adeelek. «Politikariak ez dira gai izan, pobreziak eta migrazio mugimenduek desertifikazioarekin duten lotura ikusteko», salatu du.
Orain, egoera, klima aldaketaren ondorioz, okerrera ari dela ohartarazi du, eta berandu baino lehen aldaketa handiak egin ezean, etorkizun iluna aurreikusi du. Saharaz hegoaldeko herrialdeen egoerak arduratzen ditu NBEko adituak, batez ere.
Basamortu bihurtzen ari diren bizilekuetako herritarrentzat aukera «berritzaileak» sortu behar direla esan dute. Neurri oro, ikuspegi global batetik hartzeko premiaz ohartarazi dute. Planeta osoaren arazoa baita.
(Puede haber caducado)