Senatuak atzera bota du Bushen immigrazio lege-proposamena
Etxe Zuriak erabaki du Dick Cheneyk ez deklaratzea telefono entzuketen auziari buruz
Berria, , 29-06-2007AEBetako Senatuak atzera bota du George Bush presidentearen lege proposamena. Egitasmoak egungo Immigrazio Legea aldatzea zuen helburu, eta onartuz gero, paperik gabeko milioika etorkinek AEBetako herritartasuna lortuko zuten, hainbat baldintza betez gero, noski. Errepublikano eta demokratak, ordea, ez datoz bat proposamenaren inguruan. Batzuen ustez, legea malguegia da paperik gabe herrialdean sartzen diren etorkinekin; besteen arabera, ordea, gogorregia da bertan urteak daramatzaten immigranteekin. Horiek hala, aldeko 14 botorekin eta aurkako 60rekin Senatuak atzera bota du egitasmoa. Ondorioz, ziurrenik bertan behera geratuko da 2008ko bozak igaro arte.
Bushek kritikatu egin du Senatuaren jarrera: «Legezko immigrazioa amerikarren kezka nagusietako bat da, eta tamalgarria da Kongresuak arazoa konpontzen jakin ez izana».
ENTZUKETEN AUZIA. Senatuaren eta Etxe Zuriaren artean izan da, baina, beste aurrez aurrekorik ere. Telefono entzuketen auzian Senatuko batzorde bereziak AEBetako presidenteorde Dick Cheney deitu du deklaratzera aste honetan. Baina atzo, Etxe Zuriak iragarri zuen Cheney ez zela agertuko batzordearen aurrean. «Akordioa lortuz zorigaiztoko bide hau saihesten saiatu gara, baina orain, tamalez, uko egin behar diogu eskaerari», dio batzordeari bidalitako oharrak.
Ez du zorte bera izan Bushen aholkulari Lewis Libbyk. Etxe Zuriko funtzionario ohia atzo sartu zuten kartzelan. CIAko langile baten nortasuna zabaltzeaz dago akusatua, eta bi urte eta erdiko kartzela zigorra bete beharko du. Dena den, haren abokatuak hainbat helegite aurkeztu ditu jada.
(Puede haber caducado)