Eskoletan etorkinak gehienez %30 izatea nahi du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak
Muga hori errespetatzen saiatuko da datorren ikasturtean, baina ez du neurririk iragarri
Berria, , 28-06-2007Donostia
%30, hiru ikasletik bat baino gutxiago. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hor jarri du ikastetxe publikoek eta itunpekoek datorren ikasturtean izan behar duten ikasle atzerritarren kopuruaren muga. Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzo iragarri zuen, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Sailburuak esan zuen ikastetxe publikoek eta itunpekoek muga hori gaindi ez dezaten saiatuko direla, %30ekoa helburua dela, baina batzordean ez zuen zehaztu nola egingo duten.
Eusko Legebiltzarreko korridoreetan, ikastetxeetan ikasle etorkinen kopurua %30ekoa baino handiagoa ez izateko zenbait neurri aipatu zituen. Alde batetik, lurraldeetako eskolatze batzordeek ikasle etorkinen familiekin ikastetxea aukeratzeko egingo duten lan informatiboa. Baina Camposek zehaztu zuen «beti» errespetatuko dela familien borondatea. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila harremanetan jarri da zenbait gobernuz kanpoko erakunderekin eta kontsulaturekin, ikasle etorkinen familiei informazioa emateko eta zenbait ikastetxetan ghettoak sortzea saihesteko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak apirilean iragarri zuen ikastetxeetan ikasle etorkinei %30eko muga ezartzeko asmoa. Hezkuntza Saileko iturrien arabera, «portzentaje horretatik gora ikasgela ezin da kudeatu, pentsaezina da». Tontxu Camposek atzo Eusko Legebiltzarrean esan zuen %30etik behera ez dagoela gizarte hausturarako arriskurik.
Ikasle etorkinen kopurua asko handitu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 1996 – 1997ko ikasturtean 1.910 ziren eta 2005 – 2006ko ikasturtean 12.991, ikasle guztien %4,6. Ikastetxeen sareen arteko desoreka handia da: 2005 – 2006ko ikasturtean ikasle etorkinen %68k sare publikoan ikasi zuten eta %31k itunpekoan. Probintzien arteko aldea handia zen: Gipuzkoan sare publikoan ikasi zuten %55ek eta itunpekoan %45ek; Bizkaian sare publikoan %70ek eta itunpekoan %30ek; eta Araban sare publikoan %80k eta itunpekoan %20k.
2005 – 2006ko ikasturtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoen eta itunpekoen %85etan ikasle etorkinak %10 baino gutxiago ziren. Ikastetxeen %10etan, ordea, ikasle etorkinak ikasle guztien %20 baino gehiago ziren.
«Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek ikasleria guztia hartu behar dute», gogorarazi zuen Tontxu Campos Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzo. Iragarri zuen bazterketagatik jasotako kexa guztiak ikertuko dituztela. Sailburuaren iritziz, ikastetxeek gizartearen aniztasuna islatu behar dute.
PSE – EE, %20 – REN ALDE. Tontxu Camposek Isabel Zelaa PSE – EEko legebiltzarkidearen galdera bati erantzun zion atzo Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Isabel Zelaak hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei buruzko galdera egin zion Tontxu Camposi.
PSE – EEk uste du diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiei ezarri behar zaiela hartu beharreko ikasle etorkinen kopurua, «ikastetxe publikoak ez daitezen izan ahalegin handiena egiten dutenak», eta gizarte haustura saihesteko. PSE – EEk uste du ikastetxeko ikasle etorkinen gehienezko portzentajeak %20koa izan behar duela.
(Puede haber caducado)