Heriotzak berdinduko gaitu

Berria, Eider Rodriguez, 28-06-2007

Euskal Herrian «lan egiten duena» omen da euskalduna. Horrela esan izan dugu urteetan. Erabakitzeko eskubidea, hemen bizi garen langileon eskubidea izango da. Hori, Espainiatik etorritako etorkinekin gertatzen da, baina ez, noski, beltzarantsuagoak direnekin. Azaleko beltza areagotzen den neurri berean murrizten dira eskubideak.

Bitxia da bizitzeko eskubidea eta naziotasuna nola uztartzen zaizkigun. Lan egiteko eskubidea izango duzu, baldin eta naziotasuna lortzen baduzu. Urteetan, herrialde aberatsetako herritar izateko gogoa suspertu da etorkinen artean. Antena parabolikoen eragina omen da. Uste dute telebistan ikusten dutena egia dela. Auzotarrak munduko zokoren bateko etxolan bildu dira, piztu dute telebista, eta, geure munduarekin liluratuta, aurrezten hasi dira: hangoa izaten utziko ote didate!

Bitxia da zein garesti saltzen zaien naziotasuna etxoletako lagunei, baina, hala ere, nola aurkitzen duten zirrikituren bat.

Militar izatea, adibidez. Herrialde baten defentsan, herrikideak, eskubide osoz herritar direnak inplikatzea ez da erraza. Hobe atzerritarrak ekartzea, Realak bezala. Atzerritarrak, ordea, hain lan delikatua egiten duenez, hiru urte eman beharko ditu lanean, herritar izan aurretik.

Herritarra zara geure herrialdea defendatzeko, baina ez herritar xume soila izateko.

Gero, hori bai, bonba – auto batek harrapatzen bazaitu, ez zaitez ardura, hilkutxaren gainean ukatutako nazioaren bandera jarriko dizugu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)