Sistemaren ispilu
Leihatila cristina berlanga
Berria, , 27-06-2007Joan den astean laguntzailerik gabeko adingabeei buruzko mintegi bat izan zen Bilbon, adingabeen inguruko esku-hartze politikak aztertzeko eta beste komunitate batzuetako esperientziak ezagutarazteko.
Mintegian parte hartu zutenetariko emakume baten esanetan, «mundua alderantziz» esanez laburbil daiteke beste herrialdeetatik bakarrik etortzen diren adingabeen inguruko esku-hartze publikoa. Txostengile hori Apoyo izeneko elkarteko kide da, eta elkarte hori ahalegintzen ari da Madrilgo Erkidegoak legez onar dezan Madrilgo hainbat familiak etxean hartu dituztela adingabe horiek. Eman dien ezezko biribila zuritzeko, Madrilgo Erkidegoak argudiatu du harrera horiek lege iruzurra direla, adingabeen aberriratzea saihesteko baliaturikoak. Bizkaiko Foru Diputazioko ordezkariari entzun ostean, lurralde honetan ere ezin egon gaitezke harro politikari sentiberak ditugulako. Hasiera batean ongi aritu zen lanean Diputazioa, eta gainerako lurraldeentzako eredu ere izan zen, baina gaur egun aho batez onartzen da adingabeak babesteko sistema krisian dagoela. Areago: oraindik, askoren ustez, ezin okerrago ari dira, haurrei Bizkaira etortzeko burutazioa zapuzteraino. Ezbairik gabe, arazo korapilatsua da oso, eta logikoa da zalantzak sortzea esku-hartze politikak diseinatzerakoan, hura auzitan jartzerainokoak. Baina Diputazioko arduradunak azaldu zituen zalantzak ez ziren babes sistema hobetzera bideraturikoak; gehiago ziruditen honelako sentimenduen adierazgarri: eta guk zer dugu ikustekorik horretan?, guri ez dagokigu halako fardelik, hori gehiago da Estatuaren edo, are, Europako Batasunaren eskuduntza.
Babes sistema horri buruzko beste auzi nagusi bat ere bada: sistemaren kudeaketa pribatizatzearena; hala, eta merkataritza irizpide hutsetan oinarriturik, kudeaketarik merkeena eskaintzen duen enpresaren bati egokitzen diote zeregin hori, adingabeei eman beharreko arreta osoarekin batere zerikusirik ez duten enpresak badira ere. Horren adibide ditugu, esate baterako: gainez eginda dauden zentroak, kalitate txarreko jatorduak eskaintzen dituztenak eta adingabe horietako askoren tradizioekiko inolako begirunerik ageri ez dutenak; hezkuntza programarik eza; gaizki ordainduta dauden hezitzaileak eta lan egonkortasunik ia ez dutenak. Alegia, eredu neoliberalak direla gailen gizarte politiketan. Izan ere, eta beste txostengileetako batek zioenez, onartu beharra daukagu, etsi-etsian, ez garela ongizate gizarte batean bizi, laguntza gizarte batean baizik. Eta gizarte hori ere pribatizatzen ari da, eta adingabeen zentroak eta etxebizitzak sistema horren irizpideen arabera arautzen dira, zeinak ahalik eta onurarik handiena ateratzea baitu helburu; horretarako, haur horien etorkizuna hondatu behar bada ere, eta bizitza hobea erdiesteko itxaropena zapuztu behar bazaie ere. Haur horiek, hain zuzen ere, eginkizun bat daukate gure sisteman: erdi-zapalduta aritzea eskatzen duten eta horrexegatik hain emankorrak gertatzen zaizkigun lanpostuak betetzea. Haur horiek atzerritar gisa ikusten ditugu eta ikusiko ditugu, ez dira gutarrak; eta, hala eta guztiz ere, hemen geratzea erabakitzen badute, aberriratu eta gero atzera itzultzen badira, zertarako datozen jakin beharra daukate. Eta, inolako errezetarik emateko asmorik gabe, baina Amina Bargachek esaten duen bezala, laguntzailerik gabeko adingabe immigranteen fenomenoa ezin uler daiteke, ezpada munduko, nazioaz gaindiko, nazioko eta tokian tokiko testuinguru orokorrean; alegia, ikuspegi global eta interaktibo baten barnean, zeinean gizarte, ekonomia, psikologia edo ideologia faktoreek elkarri eragiten baitiote une historiko jakin batean. Giza prozesu horri buruzko edozein ikerlanek edo esku-hartze estrategiak fenomenoa bere osoan hartu beharko du kontuan; bestela, konponbide perbertso eta murrizgarriak emateko arriskupean dago, betiere egoera berbera sortzeko arriskuan.
(Puede haber caducado)