Kulturen arteko festa
Ehun ekitaldi baino gehiago antolatu dute aurten barañaindarrek gaurtik igandera bitarterako
Berria, , 27-06-2007Barañain
Bost egunean ehun ekitaldi baino gehiago izango dituzte prest barañaindarrek San Joan zaindariaren omenez. Gaur bertan, 19:00etan botako dute suziria udaletxetik, eta igandea bitartean izango da non aukeratu egitarau zabalean.
Txupinazoaren aurretik, haurrentzako trena, eskulan erakusketa eta aurtengo herritar ospetsuaren saria izango dira, berotzen hasteko. Aurten, Harizti dantza taldea eta Barañain abesbatzak piztuko dute suziria, bi taldeek 25. urtemuga ospatzen dutela eta. Haiekin batera, besteak beste, erraldoi eta buruhandien konpartsa, Ezpelur eta Barañaingo gaitariak, herriko txistulari eta trikitilariak, Mutil Gazteak, Igandea eta Jaiak txarangak izango dira lehendabiziko jai egunean bazterrak girotzen.
Gauean, 22:30ean, etxeko txikienek ohiko zezensuzkoari ongietorria egingo diote, Sahats ikastetxean. Bertatik, txarangak lagunduta, Konstituzio parkerako kalejira egingo dute Caballer etxearen su festa ikusteko, eta gauerdirako dantza eta musika izango dira protagonista Udaletxeko plazan. Larrain – dantza ezin zitekeen falta, Barañaingo gaitari eta txarangen eskutik. Ondoren, mariatxiek jarriko dute gaur beharrezko erritmoa, Paco Formoso eta Pasarella Orkestrarekin. Txosnetan ere izango da musika entzuterik, herriko hainbat talderen kontzertua izango baita 22:00etatik aurrera. Los Ratones Coloraos, Resaka, Vortex, Mortadelia, Nekez eta Soñadores Natos izango dira, besteak beste, gitarrak astintzen.
Etxeko txikienek, ordea, bihar izango dute egun handia. Goizean goiz, Barañaingo Musika Eskolako banda txikiak, Barañaingo gaitariek eta txistulariek esnatuko dituzte herritarrak. Eta dianaren ostean, haurrentzako entzierroa izango da Udaletxeko plazan. Txikienen txupinazoa 10:30ean izango da, udalbatza txikiaren eskutik. Sorpresa eta opari artean, goxoki eta suziriak izango dira, konpartsarekin batera.
Mahai jokoen Nafarroako txapelketa irekiak ere izango dira Barañaingo festetan, goizean eta arratsaldean. 100 joko baino gehiago izango dituzte plazan 4 urtetik gorako txiki eta heldu guztiek.
250 lagunek baino gehiagok parte hartu ahal izango dute jolastoki erraldoian, hogei minutuan behin jokoa aldatuz.
Arratsaldean ez dira faltako ohiko kalejira, Igandea txarangaren animazioarekin, eta Voces de Navarra jota jaialdia. Magia eta pailazoen ikuskizunak, Bretos – Fernandez ganadutegiko bigantxek, pilota partidak eta zezensuzkoak osatuko dute egitaraua gauera arte. Orduan, musikak hartuko du lekukoa, Sabor Latino talde kubatarrarekin eta Big Cuadrilatero disko jai ibiltariarekin.
Txosnetako esparruan, berriz, emakumeen eguna ospatzeko, 18:00etan antzerkia eta batuka izango dute, trikiti eta txistulariekin kalejira egin aurretik. Gauean, emakumeen afariaren ostean, Airam, Afu, Hesian eta Habeas Corpus musika taldeen kontzertuak itxiko du eguna.
KULTUREN ARTEKO JAIA. Aurtengo berrikuntzen artean, larunbatean egingo den ekitaldia izango da nagusi. Kulturen arteko Barañaingo foroak antolatuta, herrialde bateko eta besteko lagunek parte hartuko dute. 11:30ean emango zaio hasiera, nazioarteko folklore jaialdiarekin. Ekuadorko Nuevas Raices, Nigeriako Ogene, Txileko Mapu Ñi Peuma, Bulgariako Balkanfolk, Peruko Peru Arte eta Marokoko Nusa taldeek parte hartuko dute bertan.
Era berean, Nafarroako Etorkinen Elkarte Federazioak antolatuta, nazioarteko gastronomia dastatzeko aukera izango dute Udaletxeko plazara 13:30etik aurrera biltzen direnek. Munduko lau bazterretako bazkariarekin batera bertako ardoak ere izango du lekua. Izan ere, Nabarcata elkartearen babesaz, hemeretzi upategik parte hartuko dute Nafarroako ardo dastatzean.
Erraldoi eta buruhandien konpartsa topaketa ere berezia izango da aurten, Nafarroako hainbat herritatik eta gonbidatu moduan Bartzelonatik etorriko direnekin. Larunbat gauean, kalejira berezia egingo dute konpartsek, eta igande goizean ere, azken agurra emateko aukera izango dute.
non zer
Gaur
18:00: Sari banaketa. Omenaldia 2007ko herritar ospetsuari.
19:00: Txupinazoa udaletxetik.
20:00: Diversons musika kontzertua. Roxana Rio (Mexiko).
22:00: Kontzertua txosnetan, herriko hainbat talderekin.
22:30: Zezensuzkoa. Sahats ikastetxe publikoan
23:30: Su festak. Antonio Caballerren eskutik. Konstituzio parkean.
00:00: Larrain – dantza. Udaletxeko plazan.
Bihar
09:00: Dianak
10:00: Haurrendako entzierroa. Udaletxeko plazan.
10:30: Txupinazoa, Udalbatza txikiaren eskutik.
11:00 – 13:30: Mahai jokoen txapelketa.
18:00: Magia eta pailazoen ikuskizuna, Gaztainondoen plazan.
20:30: Dantzaldia. Big Cuadrilatero
23:00: Kontzertuak txosnetan. Airam, Afu, Hesian eta Habeas Corpus.
(Puede haber caducado)