Larrepetit

Esklabo/Sofa

Berria, Leire Bilbao, 20-06-2007

Alejandrak ez zuen uste gauza handirik uzten zuenik Nikaraguan, Euskal Herrira etortzea erabaki zuenean. Ez ofiziorik, ez etxerik… Ama zaharra, anai-arreba gazteak eta mutil-lagun jeloskor bat besterik ez, hauts eta adreiluz eraikitako bere auzoan. Ez zuen uste gauza handirik uzten zuenik, bere iragan bizitza ez bazen. Diru pixka bat egin eta sorterrira bueltatzea zuen amets, Nikaraguako bere auzoan utzi zuen hutsunea baino zerbait gehiago lortzeko itzuleran. Bertan utzi zuen lekutxoa baino zerbait gehiagoz jabetu beharko zen, Europara egindako bidaiari nolabait sentidua emateko.

Joaneko hegazkin txartel batean bizitza osoko aurrezkiak xahutu eta Euskal Herriko etxe batean lurreratu zen Alejandra. Laurogei urteko amama euskaldun baten egongelako sofan, hain zuzen ere.

Ordudanik gazteleraz justu defenditzen den Maria zaintzen du, asteko zazpi egunetan. Atsoaren ondoko ohean lo eta ondoko plateretik jaten. Elkarrekin ematen dituzte egunak eta gauak. Elkarrekin joaten dira mezetara eta elkarrekin ematen dituzte paseoak. Elkarrekin hartzen dute arratsaldeko kafea eta elkarrekin ikusten telesailak. Oharkabean, amamaren egongelako sofa izkina baten jabe egin da Alejandra. Atsoaren itzal bihurtu da neska gaztea.

Telebistari begira eman ohi duten beste arratsalde huts batean, ordea, ohartu da zaharrez hilko den amama zahar baten bizitzari katez lotua dagoela; eguneko hogeita lau ordutan, esklabotza onartu baten pean. Eta sofa izkina bat dela hilabete hauetan guztietan lortu duen bakarra.

Horregatik mesfidantzaz begiratu dio atsoari, ipurdiak hazi zaizkizu, Alejandra! bota dionean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)