Arroza topagune
Munduko Arrozak jaialdia egin da Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Eguraldia lagun, kulturen arteko aniztasuna eta bizikidetza aldarrikatu dute ehunka lagunek
Berria, , 17-06-2007Bilbo
Laugarren urtez antolatzen da Bilbon Munduko Arrozen jaia, azken hiru urtetan Gasteizen eta Iruñean ere egin dute jaia. Hurrengo urtean Gipuzkoan egiteko ere asmoa dute. Halaxe azaldu du Patxi Manrique antolatzaileak.
Zein da Munduko Arrozak jaialdiko helburu nagusia?
Funtsezko helburua kulturen arteko harremanak sustatzea da, Bilbo Zaharra, Zabala eta San Frantzisko auzoko lagunen artean. Hemengo egoera oso anitza da, jende asko dago, eta jatorri anitzekoa da, bertoko jendearekin batera, noski. Bigarren helburua topaketa bultzatzea da, harremanak eta bizikidetza, guztion artean egun on bat pasatzeko, egun batez gutxienez.
Kalea berreskuratzeko jaia ere dela esan duzue.
Bai, hori ere gure helburuetako bat izan da. Etorkinek, haien jaioterrian halaxe egiten zutelako, kalean dute ohiko bizimodua eta harremanak egiteko modua. Oso positiboa da guretzat horrelako harremanak lantzea, are gehiago Mariaren Bihotzeko plazan gertatzea, horri deritzogu kalea okupatzea eta berreskuratzea. Auzoan ditugun arazoak ere kalera atera nahi izan ditugu, Bilboko hiritar guztiei esateko arazoak baditugula eta konpontzeko moduak aldarrikatzeko kalean gaudela jakin dezaten.
Laugarrenez ospatu duzue jaia, eta, hirugarren urtez, Gasteiz eta Iruñeko auzoekin batera.
Laugarrena izan da aurtengoa, bai. Aspaldi genituen harremanak hiri horietako auzo elkarteekin, eta azkenean lortu genuen haiekin batera ospatzea. Toki bakoitzak berezitasunak dituela jakin badakigu, baina, azken batean, antzeko helburuak ditugula uste dugu. Horrela ospatzeak, nolabait, anaitu egiten gaitu. Beste hiri batzuetan ospatu nahian gabiltza eta, dagoeneko, Gipuzkoan kontaktuak egin ditugu, aurten egiterik ez dugu izan, baina seguru datorren urtean lortuko dugula Donostian eta Irunen, hain zuzen ere. Orain arte izandako bileretan, oso ondo iruditu zaie hango elkarteei horrelako jaia antolatzea, lotu beharreko gauzak gehiegi direlako ez dugu aurten egiterik izan.
Telebista kate batek emandako dokumental batek San Frantzisko auzoari buruzko irudi oso ezkorra zabaldu du. Zer irudizten zaizue komunikabideetan zabaldutako irudi hori?
Guretzat argi dago programa hori ez zegoela eginda hemengo errealitatea erakusteko, baizik eta morboa eta ezkortasuna besterik gabe agertzeko. Ez dakigu zein helbururekin egin zuten, baina uste dugu guretzat kaltegarria izan dela, dokumentalean agertzen ziren lagunentzat eta auzoarentzat. Horrekin ez dugu ezer lortzen. Auzoa ez da erakusten duten modukoa, arazo jakin batzuk besterik ez zituzten atera, eta badira bestelako gauza positiboak hemen. Esate baterako, talde dezente dago, koordinakundean bertan, eta kanpoan ere, kultur mugimendu eta bestelakoetan. Oso herritar elkarte biziak daude hemendik eta baliabide gutxirekin bada ere, bizitasun osoz aritzen dira lanean.
Munduko plaza bilakatzen du Munduko Arrozak San Frantzisko auzokoa, zenbat herrialdetako jendea biltzen da bertan?
Hala da bai, aurtengo zenbakirik ez daukat, baina iaz zenbatu genituen zenbat herrialdeko lagunak ziren eta 55 inguru zenbatu genituen. 55 herrialde eta kulturetako jendea zegoen, aberastasun ikaragarria da hori. Era berean, 50 hizkuntza baino gehiago entzun zitezkeen plazan eta hori, aniztasunaren adibiderik onena izateaz gain, aberastasun handia da ere.
(Puede haber caducado)