Langile bat hil da Gasteizen, bosgarren solairutik erorita
LABen arabera, urtea hasi denetik 53 lagun hil dira lan istripuz, horietatik 11 eraikuntza sektorean
Berria, , 15-06-2007Donostia
Eraikuntza sektoreko langile bat hil zen atzo Gasteizen, Arabako hiriburuko Bremen kaleko eraikin bateko bosgarren solairutik erorita.
Osalan segurtasunerako eta Osasunerako Euskal Institutuaren arabera, bosgarren solairuko aldamioko oholtzak krisketa igota zeukan eta langilea oholtzatik igogailura materiala igotzen ari zenean erori zen.
Hildakoak 27 urte zituen eta Cerramientos de Gran Formato enpresan lan egiten zuen, eraikitako solairuak garbitzen. Enpresa honek Bilbon dauka egoitza nagusia eta FCC Fomento de Construcciones y Contratas enpresaren azpikontratazko bat da.
LAB sindikatuak egindako kontaketaren arabera, dagoeneko 53 lagun hil dira Euskal Herrian urtea hasi zenetik lan istripuan, horietatik 11 eraikuntza alorrean. Iaz 129 langile zendu ziren lan istripuz.
MOBILIZAZIOAK . Atzo bizia galdu zuen gazteak aljeriar nazionalitatea zuen. Sindikatuen aburuz, etorkinak, gazteak eta enpresa txikietan edo azpikontratetan lan egiten duten langileak izan ohi dira lan istripuak izateko aukera gehien dituzten langileak. ELA. LAB, ESK eta STEE – EILAS sindikatuek enpresarien eta, bereziki, patronalaren «zekenkeria» nabarmendu dute, «istripuak kasualitate hutsa ez direlako». Eraikuntzan lortzen diren mozkin «ikaragarriak» langileen segurtasunean inbertitzen ez direla salatu du, berriz, CCOOek. Hori dela eta, bihar, 12:00etan, Gasteizko Korreo plazan CCOOk kontzentrazio bat iragarria du. ELA, LAB, ESK eta STEE – EILAs sindikatuak Arabako Enpresarien Elkartearen egoitzaren atarian izango dira, ordu berean.
(Puede haber caducado)