Arroza kulturen lokarri

Munduko Arrozak jaialdia hartu dute larunbatean hiru hiriburuek

Berria, AINARA ARRATIBEL, 14-06-2007

Gero eta gehiago dira gurera bizitzera eta lan egitera datozen etorkinak. Askotan, ordea, aukera gutxi izaten da elkar ezagutzeko. Hori ez gertatzeko, Munduko Arrozak izeneko jaialdia egingo dute asteburuan Bilbon, Iruñean eta Gasteizen. Arroza, musika eta dantza baliatuko dute norberak bere kultura ezagutarazteko. Bizikidetza eta elkartasuna sustatzea dira jaialdiaren beste bi helburu nagusiak.

Bilbon Mariaren Bihotza plazan egingo da jaialdia. 10:00etatik aurrera gastronomia lehiaketan izena emateko aukera izango da. Parte hartzaileek arroza prestatu beharko dute. Helduak sukaldean sartuta dauden bitartean, munduko askotariko jolasekin gozatu ahal izango dira haurrak: kokoriko lasterketa (Maroko), Mbube Mbube (Senegal), Pontxadoa (Kolonbia), Bobia (Errumania)…

13:00etan kalejira abiatuko da Alde Zaharreko kaleetatik, eta amaitzean arrozen dastatzea izango da. Ondoren, sariak banatuko dituzte. Oraindik sabela behar bezala beteta ez dutenentzat herri bazkaria izango da. Arratsaldean musika eta dantza emanaldiak izango dira festaren ardatza. Mundu osoko doinu eta pausuak entzun eta ikusiko dira: Euskal Herritik hasi eta Kongora.

Egitarau betea prestatu dute, halaber Iruñean. Aurten ere San Jose Plazan egingo dira ekitaldi guztiak. 12:00etan hasiko dute festa Alde Zaharreko kaleetatik. Bazkaldu aurretik, bestalde, Marokoko Hego Ameriketako eta Euskal Herriko Musika entzun ahal izango da. Bazkaltzeko, noski, arroza prestatuko dute. Bazkalondoak 17:00ak arte iraungo du, eta orduan hasiko dira berriro ere musika eta dantza emanaldiak. Argentinako Pampa y Cielo eta Kolonbiako Asocolon izango dira oholtza gainean, besteak beste. 19:30 aldera amaituko dira ikuskizunak.

Iruñeko eta Bilboko festaren antzeko osagaiak izango ditu Gasteizkoak. 11:00etan arroz lehiaketa hasiko da, era ondoren elkartasun murala egingo dute haurrek. Jolasak ere antolatu dituzte haientzat. Eguerdian bazkaria izango da, eta arratsaldean hainbat kultur ekitaldi. Bueno Monreal kalea izango da festaren gune nagusia.

Zer: Munduko Arrozak. Noiz: Larunbatean. Non: Bilbon (Mariaren Bihotza), Iruñean (San Jose plazan) eta Gasteizen (Bueno Monreal).

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)