CHANTAL RENOU . FN-ko hautagaia, bosgarren hauteskunde barrutian
Euskaldunak frantsesak direla dio, eta euskal departamenduaren aurka dago. Etxebizitzak lehentasunez frantses naziotasuna dutenei ematea proposatu du.
Berria, , 02-06-2007Angelu
«Ikusten ez garela munstroak?» erranez bukatu du elkarrizketa letretako irakasle honek.
Gaur egungo arazo handietarik bat etxebizitzaren ingurukoa da. Zer aterabide proposatzen du zure alderdiak?
Guztiz egia da frantsesek gero eta zailtasun handiagoak dituztela bizileku baten aurkitzeko. Badirudi auzapezei presio egiten zaiela, hiri erdiak dentsifika ditzaten. Hori ez zait ideia ona iruditzen. Hiri erdiek berdeguneen eskubidea badute. Haatik, norbanakoentzako etxe txikiak eskaini behar zaizkie frantsesei, beren lur eremu txikiarekin. Eta frantsesei, lehentasunez. Eta, hemen bizitzeko, alokairuen prezioak apalagoak izan behar dira edo soldatak igo. Enpleguaren arazoa ere horrekin lotzen dut. Lekuan bertan bizitzea lekuan bertan lan egitea ere bada. Horretarako, zerbitzu publikoak desagerrarazteko ordez, biderkatu behar dira. Zerbitzu publikorik ez bada, herri txikiak hiltzen dira, eta horrelakorik ez dugu nahi.
Norbanakoentzako etxeak behar direla diozu. Baina kostaldean ez dago lurrik aski denentzat, lurraren prezioa izugarri igotzen ari da horregatik, eta askok bigarren etxebizitzak erosten dituzte bertan. Nola egiten duzu?
Beharbada, bigarren etxebizitzen gainean zerga gehiago ezarri behar da. Udalek hirietatik eta herrietatik hurbil lur batzuk berenganatu behar dituzte, frantses naziotasuna dutenentzako etxeak eraiki ahal izateko.
Lan prekarietateari buru egiteko, zer enplegu politika proposatzen duzu?
Etekinak egiten dituen enpresa orori lekutzea debekatu behar zaio. Estatuak zergak ezarri behar dizkie atzerrira doazen enpresei. Onartezina da hainbeste frantses langabezian egotea eta enpresak Errumaniara joatea frantsesei hara joatea proposatuz. Horren aurka gaude. Frantsesak Frantziatik ateratzen dituzte eta beste batzuk ekarrarazten dituzte haien ordezkatzeko. Frantziako langile hoberenek Frantzian egon behar dute. Horri esker, atzerrikoak ere beren herrian geldituko dira, haien herrietan goi mailako langileak falta baitituzte.
Zein iritzi duzu eraiki nahi dituzten azpiegitura proiektu handiez? AHT bide proiektuaz? Baxenabarreko errepide proiektuaz?
Argi da gero eta kamioi gehiago badela, eta gauzak gero eta gaizkiago doazela. Europako zenbait herrik egiten duten bezala, kamioiak burdinbidean ezartzea komeniko litzateke. Bordeletik Baionara, AHT bidea zabal daiteke. Haatik, ez genuke denborarik irabaziko Baionatik Hendaiara bitartean, eta ikaragarriko obrak egin beharko lirateke, jendeen bizi – kalitateari kalte eginez, batzuei etxea kenduz… Minutu bakar batzuk irabazteko, ez da errentagarria.
Eta zer diozu errepide proiektuez?
Beharbada, emekiago ibili behar dugu errepideetan, eta inguruan dagoenari so egin. Gauza polit anitz bada ikusteko. Merezi al du beti lasterrago joatea eta gauza asko sakrifikatzea? Posible denean, bai. AHTren bidea zabaltzen bada Bordeletik Baionara, Landetako zuhaitz batzuk botatzen dira, ez da jende anitz trabatzen eta 45 minutu irabazten dira. Baina Baionatik Hendaiara ezin da horrelakorik egin. Arazo urgenteagoak badira konpontzeko. Fronte Nazionala eskuin nazionala da, eskuin herritarra eta eskuin soziala. Ulertarazi behar dugu soziala ez dela sozialismoa. Sozialismoa ez da politikoa. Badakigu herri sozialistetatik ez dela deus onik atera. Aldiz, gure nazioa maite dugu, eta nazioa maite badugu, herritarrak ere bai. Frantsesez kezkatu behar dugu. Gehiago eman behar zaie.
Zer gehiago? Soldatak?
Zerga gutxiago lapurtu behar zaie. Adibidez, herentzien gaineko zergak. Familia xume batekoa zara. Zure gurasoek bizi osoan lan egin dute diru pixka bat baztertzeko. Eta haiek hiltzen direnean, Estatuari zerga bat ordaindu behar diozu herentzia eskuratzeko. Zeren izenean? Familiaren ondasuna da. Beraz, familiari utzi behar zaio.
Zein dirurekin ordaintzen dituzu gastuak, zergen aurka bazaude?
Zergak ez ditugu hainbeste apalduko herentzietatik kenduz. Haatik, gauza batzuk merkeago izan daitezke: bizitze zerga, lurraren gaineko zerga… Etxe bat erosteko ordaintzen duzu, etxea bukatzen denean ordaintzen duzu, eta gero, urtero berriz ordaintzen duzu. Pixka bat ordaintzea? Bai. Gehiegi? Ez. Baina zer egin behar da diruarekin? Ikusten denean jaiegun batean lan eginarazten zaigula, zahar – etxeetan ,klimatizazioa ezartzeko, nortaz trufatzen dira? Nora doa frantsesen dirua? Gero, giza laguntza egiten da. Biziki ederra! Frantzia aberatsa balitz, biziki ongi irudituko litzaidako munduko malurus guztiak laguntzea. Baina nola ez dugun baliabiderik, zuhur eta zuzen litzateke gure haurrez kezkatzea.
Diputatu hautatzen bazaituzte, hizkuntza gutxituen onarpenaren aldeko lege baten alde bozkatuko duzu?
Bistan da! Ez dituzte inoiz eskuineko gobernuek kendu hizkuntzen eskubideak, baizik eta ezkerrekoek. Euskaldunak ez dira Frantziari uztartuak, martinikarrak ez dira Frantziari uztartuak. Frantzia dira. Beraz, euskal kultura, martinikarra, korsikarra… Frantzia da. Beraz, bistan da kultura horiek garatu behar direla.
Nola onartu behar dira?
Eskolan eskualde hizkuntzak eta eskualdeko historia eta literatura irakasten dira. Guk diogun gauza bakarra da Frantzia bat eta zatiezina dela. Hori da dena. Nik lagun euskaldun anitz badut, eta frantsesak dira.
Hizkuntza gutxituen euroagiria berrestearen alde zaude?
Bistan da. Haatik, argi da horrek ez duela kentzen frantsesa dela Errepublikako hizkuntza. Baina bi hizkuntzetan mintza daiteke. Non dago arazoa? Guk beti defendatu ditugu erroak eta tradizioak?
Euskararen ofizialtasunaren alde zaude?
Frantsesa izanez Errepublikaren eta Nazioaren hizkuntza.
Eta euskal departamenduaren sortzearen aurka?
Bai, estremista batzuengatik zurrunbilo batean sartuko ginatekeelako, eta horrek noraino eramanen gintuzke? Eta biarnesak? Ez dira gisakoak biarnesak? Euskaldunak bezainbat. Gure eskualdeen artean, arras normal da batzuek besteak zirikatzea, normandiarrek bretoiak eta abar. Baina hori ez da larria. Denak frantsesak gara.
Zer egin behar du Frantziak euskal gatazka konpontzen laguntzeko?
Frantziako Gobernuak badu aski lan Frantzian gertatzen denaz arduratzeko. Zoritxarrez, Europak gure nazio burujabetasuna kendu digu, orain Bruselak erabakitzen baitu noiz joanen garen uso ehizara. Eskandalagarria da. Bruselak erraten du ea Normandian gasna esne gordinarekin ekoizten ahal dugun ala ez. Zentzugabekeria da. Espainiarrek jakinen dute zer egin beren arazoarekin.
Eta Espainiak zer egin behar luke gatazka konpontzeko?
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkezten naiz, eta ez Europako Parlamentura. Espainiako arazoa ez da nirea.
(Puede haber caducado)