Frantziatik 25.000 etorkin «urrundu» egingo dituzte
«Lehentasun absolutua» izango du gaiak, Immigrazio Ministerioko arduradun Brice Hortefeuxentzat
Berria, , 02-06-2007Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak bete egingo du kanpainan hitzemandakoa: legez kanpoko immigranteen kontrako neurriak gogortuko ditu. 25.000 atzerritar «urrundu» egingo dituztela esan du Brice Hortefeuxek, Immigrazio, Integrazio eta Nortasun Nazionaleko Ministerioko zuzendariak. «Legez kanpoko atzerritarrek ez dute Frantzian geratzeko bokaziorik; euren herrira itzultzea besterik ez zaie geratzen, eta borondatez edo indarrez utzi beharko dute Frantzia». Immigrazioari aurre egiteak «lehentasun absolutua» izango du. «Irmo segituko dugu eginkizun horretan».
Immigrazioa, integrazioa eta nortasuna bateratzeak ez du ezer lotsatzekorik Hortefeuxentzat. Frantziako nortasuna sustatzeak ez du atzerritarrenganako etsaikeria erakusten. Sarkozyk Immigrazioaren Ministerioa sortzerakoan alderdi ezkertiarren eta etorkinen eskubideen aldeko taldeen kritikak jaso zituen, baina Hortefeuxek ez ditu kritikok ulertzen. «Neurriak hartzea ezinbestekoa da, eta gure herrira etortzeko baldintza batzuk bete behar direla esatea ez da jarrera xenofobikoa izatea, ezta pentsatu ere» .
LEGEA UDA BAINO LEHEN. Françoise Fillon lehen ministroak esan duenez, «uda baino lehen» bozkatuko dute immigrazioari buruzko legea Parlamentuan, eta oso zorrotz betearaziko dute onartu ondoren. «Frantzian bizitzeko lana eduki beharko da, eta kultura eta oinarri errepublikarrak errespetatu». Fillonentzat etorkinek jakin behar dute Frantziara ezin dutela edozein modutara sartu.
(Puede haber caducado)