arTea auToDeFInITuaK
Paperik gabe
Berria, , 30-05-2007Bruce Naumanek arrazoi izanen du agian, eta artistak egia mistikoak argitara ekarriz laguntzen ahal dio munduari, baina bada egia mistikoak baino gauza urgenteagoak hartzen dituenik lanerako, eta horietako bat, Alfredo Jaar da.
Alfredo Jaar Txilen jaio zen, 1956an, eta zinema eta arkitektura ikasketak egin ostean, artea egiteari lotu zitzaion. Hasieratik izan du bere lanak konpromiso sozial eta politiko nabarmena. 1980an, esaterako, «¿es usted feliz?» (zoriontsua zara?) galdetzen zuten afixak paratu zituen autobide ertzetan eta beste hainbat lekutan, zeharka eta sotilki bada ere, Txilen bizi zuten (adierazpen) askatasun eza eta errepresioa salatzeko. 1981ean, New Yorkera aldatu zen, eta geroztik han bizi da. Baina bere lana ez da aldatu funtsean, eta Alfredo Jaar orduan bezain engaiatua da, gaur egungo munduak bizi dituen arazo larriekin.
New Yorken bizitzen jarri bazen ere, ez zen inperioaren hiriburuan gelditzeko izan. Afrikara bidaiatzen hasi zen, eta txundituta, harrituta, liluratuta bezain suminduta itzuli zen Mendebaldea deitzen diogun lurraldera, indiferentzia kriminalaren lurraldera. Nigeriara egindako bidaietan ondu zuen Afrikari eskainitako lanetarik lehena, Geografia=Gerra, eta Europak Afrikara bidaltzen zituen hondakin toxikoei buruzkoa izan zen.
Afrikak bizi dituen arazoetara mugatu ez bada ere Brasilgo urre meatzeetako langileen egoera islatu zuen argazkietan, besteak beste, hainbat eta hainbat lan egin ditu Afrika eta afrikarrak ardatz hartuta. Ruandan ibili da, Angolan, Ugandan, eta beti atera du ondorio bera, barbaroak gu garela, gu garela ezjakinak, gure indiferentzia kriminala dela, gure sorgortasunak hil egiten duela.
Ez dago talde boteretsuen egunkariak irakurri edo telebistak ikustea bezalakorik, afrikarrak nola ikus ditzagun nahi duten jakiteko: ilegalak, paperik gabeak. Ez al ginen ba denok berdin jaiotzen, eskubide berberekin? Noiztik da ilegala pertsona bat? Nolatan behar da paper bat, itsasoan itotzen utz ez zaitzaten, pobreziara eta gaixotasunera kondena ez zaitzaten?
1995ean, Finlandiako museo batek harako lan bat egin zezan eskatu zion Alfredo Jaar suminduari. Ez zuen denbora asko behar izan Finlandiak zero immigrazio-ko politika zeramala jakiteko. Eman zioten diru guztia xahutu zuen bere lana egiten. Erabiltzeko prest zeuden milioi bat pasaporte egin zituen, eta hantxe jarri, lurrean, elkarren gainean, edozeinek hartzeko moduan. Erakusketa zabaldu bezain pronto jarri zituzten beirazko hormak pasaporteen inguruan, eta erakusketa bukatu bezain pronto deuseztatu zuten Alfredo Jaar suminduaren lana.
Hala ere, artistaren ustez, galderarik urgenteenak plazaratzeko azken eremu askea da, beharbada, artea.
(Puede haber caducado)