Demagogiak eta gezurrak
Berria, 30-05-2007Leihatila
cristina berlanga
Azkenaldian, hauteskunde kanpainetan hautagaiek gai seinalatu moduan erabiltzen dute herritarren segurtasun falta, ia beti immigrazioari loturik. Sarkozy maisua izan da horretan, baina Hegoaldean baditu jarraitzaileak, eta oso kontuan hartu dute zein emaitza onak ekarri dizkion diskurtso horrek.
Zenbat eta nahasiago eta arriskutsuagoa agerrarazi panorama, orduan eta hautesle gehiago atxikitzen zaizkie, aztoraturik, prentsak eta politikariek beldurra erabiltzen baitute herritarrak kontrolatzeko eta gure eskubideak murrizteko. Nahiz eta datuek diskurtso hori gezurtatu. Hala, maiatzaren 24an titulu hau agertu zen: «Delinkuentziak mehatxaturik dauzka Bilbo eta Donostia». Eta azpititulua, hauxe: «Bi hiriburuok neurriak hartu dituzte herritarren segurtasun faltaren kontra, nahiz eta txostenen arabera delituak gutxitu egin diren».
Hala eta guztiz ere, hauteskunde programa guztietan agertzen da udaltzain kopurua handitzeko proposamena. Bilboko PPren hautagaiak argi baino argiago esan digu: «Bilbo Zaharreko bizilagunak nazkaturik daude gaizkilez inguraturik bizitzeaz: droga tratuan ibiltzen diren horiek eta auzoan bizitzen jarritako gainerako jendaila… Ez ditut bakean utziko: alde egin beste erremediorik ez dute izango, ospa egin beharko dute botxotik… Ito egin behar ditugu, eskura ditugun tresna guztiekin». Ez du argitu tresna horiek Amnesty Internationalek azken txostenean salatutakoak diren – zein gaizki hartu duen salaketa hori polizia sindikatu batek – .
Era berean, kanpainan arrakasta izan du – aurrekoetan bezala – delinkuentzia eta gizarte laguntzak lotzea eta, bidenabar, immigrazioaren gaia sartzea, argi eta garbi edo erdizka. Bilbon, PPren hautagaiak hau zioen: «Ez da onartzekoa goizean lapurretan aritzea eta arratsaldean udalaren laguntza kobratzea». Eta EAJk, labanadunen kontrako gerraren aitzindariak, beste hau: «Jendeak susmoa du gehiegikeriak gertatzen direla gizarte laguntzetan. Susmoa du batzuek lan egiten dutela eta beste batzuek, berriz, etxea eta soldata debalde lortzen dituztela… Laguntzak ematen segitu behar da, baina gehiago kontrolatuz eta jasotzen dituztenei integratzeko ahalegina egin dezatela eskatuz».
Arazoa zera da: diskurtso mota hori eragiten ari da beste indar politiko batzuk ere hemengoak eta etorkinak bereizten hastea eta etorkinek hemengoek baino eskubide gehiago ez dutela esatea. Horretan hasiak dira, bizilagunez eta eskubide berdintasunaz hitz egin beharrean eta lege arrazista eta baztertzaileak salatu beharrean, kontrola justiziaren eta berdintasunaren gainetik jartzen duen demokrazia bat salatu beharrean: demokrazia honek eskubideak ukatzen dizkigu hemen bizi garen milaka laguni, kanpotik etorriak nahiz hemen jaioak izan, berriz ere ezin izan baititugu gure eskubide politikoak erabili eta ezin izan dugu parte hartu gure hiri eta auzoetako kudeaketa politikoan. Eta, gainera, pertsona askori, jatorria dela kausa, eskubide guztiak ukatzen dizkie.
(Puede haber caducado)