PILAR GIL . Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko presidentea

Langileen %40 Gizarte Segurantzatik at daudela, eta lan egiten duten etxean bizi direnen %20k atseden egunik ez dutela dio Etxeko Langileen Elkarteko buruak

Berria, Iban ocio, 29-05-2007

Bilbo

Pentsioduna da Pilar Gil. Bi urte daramatza erretiratuta, baina lanean segitzen du. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko (ELE) presidentea da, eta gogor salatu ditu sektoreko baldintzak: «Astero 40 ordutik gora ematen dituzte lanean gehienek, askok ez dute ez atseden egunik ez ordaindutako oporrik, eta Gizarte Segurantzatik at daude hainbat eta hainbat». Ondo deritzo «behingoz» etxeko langileen egoera duintzeari, baina ez da Administrazioaz fio: «Dena zalantzan dago oraindik».

Legeak dio orduko 4,47 euro pagatu ahal dizkizuetela, eta Gizarte Segurantzarako dirua zuok jarri behar duzuela astero 20 ordu baino gutxiago lan eginez gero.

Gerta daiteke, beraz, norbaitek astero 19 ordu lan egitea eta hilero 200 euro garbi baino gutxiago kobratzea. Baina gauza bat da legeak dioena, eta besterik da merkatua. Une honetan, orduko hamar eurotan dago etxeko langileen lana, gutxi gorabehera. Lan baldintzak, dena den, txarrak dira.

Administrazioak zergatik ez du ezer egin gaurdaino?

Erabaki politikoa izan da. Politikariei ez zaie interesatzen etxeko langileen baldintzak duintzea, euretako askok etxeko langileak dauzkatelako eta Administrazioak dirua jarri behar duelako. Gizartearen bilakaerak behartu ditu neurriak hartzera, nolabait. Etengabe zahartzen ari da biztanleria, familia askotan etxetik kanpo lan egiten dute gurasoek, eta gero eta laguntza handiagoa behar dute herritar askok. Badirudi, dena den, Administrazioari ez zaiola uste bezain garesti aterako. Kotizazioak pixka bat igo besterik ez du egingo, eta, langileek, horrela, pentsio pixka bat handiago kobratu ahalko dute, antza denez.

Egote aldia legez ezagutzen dena kendu gura du Administrazioak. Zuok ere hori bera aldarrikatu duzue hainbatetan.

Bai, iruzurra da hori. Legeak egote aldia deitzen die ordutegiz kanpoko lan arinei edo. Telefonoa hartzeari eta antzekoei. Une oro libre egoteari, azken finean. Are gehiago, epaile batek ebatzi du libre egotea dela umeak zaintzea. Harrigarria! Hain zabala da egote aldiaren definizioa, ezen langile askok 40 ordutik gora ematen dituzte lanean, musu truk. Egote aldiko orduak ez baitizkiete pagatzen. Enplegu emaileen etxean bertan bizi diren langileei ere ez. Egote aldiak ez dauka mugarik, eta etxe barruko langileek askotan ez dute ezta zortzi orduko atsedenaldia egunero. Arratsalde bat eman ohi diete astero, eta kito.

Etorkinak dira gehienak eta eurek dituzte lan baldintzarik gogorrenak, baina beste asko ere «esplotatuta» sentitzen direla kritikatu du ELEk.

Guk urtero – urtero estatistikak osatzen ditugu Etxeko Langileen Elkartetik pasatzen direnekin. Eta iazko datuak argigarriak dira, oso. Enplegu emaileen etxetik kanpoko langileei dagokienez, astero 40 ordutik gorako lanaldia dute %60k, eta 60 ordutik gorakoa %20k. Lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago irabazten du lanaldi osoz dabilen lau langiletik batek, ordaindutako oporrik ez dute hamarretik bik, eta Gizarte Segurantzatik at daude berez izena emanda egon beharko luketen langileen %40. Are okerragoak dira etxe barruko langileen baldintzak: egunero hamar ordu baino gehiago ematen dituzte lanean %80k; astero atseden egun bakarra dute %35ek, egun erdia %29k, eta egunik ez %18k; erdiek bakarrik dituzte ordaindutako opor egunak; eta, batez beste, hilero 780 euro kobratzen dituzte.

Etxeko langileen baldintzek okerrera ala onera egin dute azkenaldion?

Okerrera, zalantza barik, gero eta etxe barruko langile gehiago daudelako, eta horiek dituztelako baldintzarik latzenak. Zenbat eta ordu gutxiago lan egin, baldintza hobeak dituzte. Zenbat eta ordu gehiago, esplotazioa gordinagoa. Etxe barruko langile asko, gainera, ez daude Gizarte Segurantzan, paperak ez baitauzkate. Inolako babesik ez dute.

Administrazioak dio langileen egoerak hobera egingo duela enpresetan sartuta.

Enpresa normalak badira, bai. Ez, ordea, orain arte existitzen direnen modukoak badira. Kontratazio agentzia hutsak dira, eta langileei kobratu egiten diete lana bilatzeagatik. Hilero – hilero soldataren erdia kentzen zien agentzia bat bazegoen Bilbon orain gutxi arte. Kostata lortu dugu Administrazioak agentzia hori ixtea. Etxerik etxe laguntza medikoa ematen duten enpresen modukoak gura ditugu. Idatzizko kontratuak egin, eta ardurak eta baldintzak argi finkatzen dituzten enpresak.

UGTk salatu du esplotazioa ez ezik, sexu jazarpena jasaten dutela etxeko langileen erdiek Hego Euskal Herrian.

Guk ez daukagu horren inguruko informaziorik. Etxeko langile bakar batek ere ez digu halakorik kontatu. Areago oraindik, adierazpen horiekin oso minduta daude elkarteko hainbat kide. Esplotatuak izateaz gain, jazarriak ere bagarela eta isilik geratzen garela esaten ari da UGT? Agian langileren batek sufrituko zuen sexu jazarpena. Gerta liteke, noski, baina gezurra da langileen erdiak jazarriak direla. Ez dakigu UGTk nondik atera duen datu hori.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)