Gurdi gurpilak

Berria, Asier Santillan Luzuriaga Giza eskubideen behatzailea Kosovon, 28-05-2007

Azken aste hauetan bi konferentziatan parte hartu dut Pristinan. Bata diskriminazioaren aurkakoa eta arlo bereko legedia nola garatu aztertzen zuena, eta bigarrena Kosovoren etorkizun ekonomikoaren inguruan nazioarteko erakundeek gobernuarekin bat eginik, kanpo inbertsioak aurkitu nahian antolatu zena. Bietan nola edo hala Kosovoren garapena aztertzen zelarik, baina bietan, nola ez, oso ikuspegi desberdinetatik.

Nire pozerako, aurrenekoan Faruk (izen asmatua) lagunarekin aurkitu nintzen. Faruk, gure artean ijito esaten dugun erromani herriaren eskubideen aldeko aktibista da, eta 1999. urtetik aurrera laguna dut. Udara hartan, Montenegron eduki nuen itzultzaile bezala, Kosovotik serbiarren ekintzetatik ihes egin behar izan baitzuen, eta elkarrekin bueltatu ginen Kosovora. Zailtasunen gainetik ordutik aurrera, bere jaioterrian bizitzen jarraitzen duelarik, guraso, emaztea, anai-arreba eta seme-alabekin.

Faruk eta biok adin bera dugu. Bera kosovoarra da eta ni euskalduna, berak ekonomia ikasketak Bosniako gerratea hasi zenean alde batera utzi behar izan zituen, eta nik zuzenbidea bukatu nuen. Berak bederatzi hizkuntz hitz egiten ditu, eta nik hiruzpalau bakarrik. Niri ijitoen eskubideen alde lan egiteagatik soldata eder bat ordaintzen didate, eta berari, bere herriaren eskubideen alde borrokatzeagatik, bazterketarekin eta jazarpenarekin ordaintzen diote.

Urte gogorrak pasa dituzte erromaniek Kosovon, eta oraindik lurralde honetan bizi direnen artean giza talde zaurgarriena edo ahulena dugu. Askok, Faruken antzera, 1998. urtean serbiarren basakerietatik ihes egin behar izan zuten, eta gerratea bukatu ahala itzultzerik ezin izan zuten, albaniarrek kolaboratzailetzat hartu baitzituzten. Baina erromani batzuek Serbiako armadarekin kolaboratu bazuten ere, egiak erakusten digu gehienek ez zutela inongo alderik hartu, eta beraien itzulera galarazten zutenek betiko arrazakeria zaharrak dakarren aurreiritzietan oinarritzen zituztela jarrera horiek. Baina nork nahi ditu-eta ijito horiek inguruan?

Ijitoak historian zehar europarrontzat, begirada iluna eta adimena murriztuta duten zikinak, lapurrak eta hiltzaileak diren giza taldea izan dira beti. Musikari onak agian, baina beti, badaezpada, urruti eduki nahi ditugu. 1905. urtean adibidez, Ijitoen Arazoaren Guneak, Zigeunerbuch delako liburua atera zuen, non Erdialdeko Europako psikiatrak, antropologoak eta biologoak ijitoak zergatik ziren gutxiago eta gizartearentzat kaltegarriak azaltzen zuten; 1922. urtean gerrateen arteko Alemania demokratikoan, ijitoentzat agiri antropometriko berezi bat asmatu zuten ohiko famili liburua ordezkatzen zuena; eta 1939. urtean, II. Mundu Gerraren hasieran, naziek erromaniak lebensunwert gisa katalogatu zituzten: bizitzea ez zutela merezi esan nahi zuen.

Milioi erdi erromani hil ziren nazien kontzentrazio guneetan. Besteak beste, Kroaziako uçtasien eskuetan, baina baita Nedic jeneral serbiarraren gobernuaren eta Kosovoko Skenderbeu Waffen SS delako dibisioaren atzaparretan ere. Gerra ostean komunistak deitzen ziren gobernuek, gainera, naziek egindakoarekin kontent ez zirela edo, ijitoen ohitura nomadak langileriaren klase interesen aurka zihoazela edo, ehunka emakume esterilizatu zituzten Txekoslovakia, Errumania eta Jugoslavia bertan.

Ijitoak Kosovon, hiru taldetan banatzen dira. Alde batetik erromaniak leudeke, jatorriz Indiatik etorriko liratekeenak eta beraien hizkuntza, erromania, edota gure artean kalo esaten zaiona; bestetik, ashkaliak, garai bateko Persian jatorria daukatenak, eta ama hizkuntza momentu honetan albaniera dutenak; eta bukatzeko, egiptoarrak, Alexander Handiaren garaian esklabo gisa Afrikako iparraldetik Balkanetara ekarritakoak. Istorio interesgarriak hirurak, baina erromanien kasua alde batera utzita, momentu honetan bertan frogaezineko kondaira zaharrak dira soilik. Dena den, talde batekoa izan edo ez berdin du, Kosovon mespretxu osoz maxhup edota cigane esaten baitiete erromani edo sinti talde guztiei.

Hilabete honetan erromaniak Mitrovica hiri zatituaren hegoaldera itzultzen hasi dira. 1999. urtean albaniarrek bertatik garbitu zituzten eta beraien mahala edo auzategia txikitu eta kiskaldu, antzeko egoera Gjilan/Gnjilane, Prizren, Fushe Kosova/Kosovo Polje edota Pristinako mahaletan egokitu zelarik, eta 2004. urtean Vushtrri/Vucitrn hirikoan errepikatu.

Europako beste lekuetan gertatzen den bezala, inork ez ditu aintzat hartzen ijitoak Kosovon, eta marjinazioan jarraituko dute, besteak beste Kosovoren etorkizunaren inguruan aurrera eraman diren elkarrizketetan beraien ikuspegia eta interesak ez baitira kontuan hartuak izan. Kosovoko garapen ekonomikoaren inguruko konferentzian hartu ez ziren bezala.

Joan den hilaren hasieran, guk Aberri Eguna ospatzen genuen bitartean, erromaniek beren nazioarteko eguna ospatu zuten. Agian hainbestetan ihes egin behar izan dutenaren irudi, gurdi gurpila bat eta ez arrano edota beste animalia mota bat, dago beraien banderaren erdian. Apirilaren 8an ospatzen dute beren nazioarteko eguna eta Istanbuletik Algecirasera, gurdi gurpildun banderak harrotasun osoz ateratzen dituzte, guk Aste Santu guztietan egiten dugun bezala hizkuntza, kultura eta autogobernu eskubideak ahal duten neurrian aldarrikatuz.

Kosovoko milaka ijitok atzerrian iheslari gisa jarraitzen dute; Serbian errefuxiatu serbiarrekin gertatzen den ez bezala, ijito errefuxiatu askok txaboletan bizi behar dute; Albanian trafiko humanoaren biktima dira; Mazedonian gutxiengo garrantzitsu bat badira ere, hizkuntza eskubideen onarpenaren zain daude oraindik; Bulgarian eta Errumanian hezkuntza sisteman segregazio politikak jasaten dituzte; Eslovenian duela hilabete gutxi, ijito familia baten etxe biak auzokideek erre eta kale-gorrian utzi zituzten ume pila bat; Greziako gabeetan umeak kaleetan ikus daitezke musika jotzen eta diru eske. Historia errepika ez dadin, gogoratu egin beharko genuke beti, eta inoiz ez ahaztu. Beraz gaur, guk Gernikako sarraskiaren 70. urteurrena gogoratzen dugun une berean, Farukek gogorarazten zidan bezala, ijitoek II. Mundu Gerrako astakeriak gogoratzeko arrazoi asko dituzte oraindik, besteak beste bi urte eskas pasa baitira Kosovon beraien aurkako azken progrom-a izan zenetik.

Kosovoko milaka ijitok atzerrian iheslari gisa jarraitzen dute; Serbian txaboletan bizi behar dute; Albanian trafiko humanoaren biktima dira; Bulgarian eta Errumanian segregazio politikak jasaten dituzte…

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)