Harrera herria eraiki, euskara, erakundeak eta eragileak oinarri
Ekainaren 30ean migrazioari buruzko jardunaldia egin zuten Iratzar fundazioak eta Plazara kooperatibak, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen barnean. Euskal Herriak jasotzen duen immigrazioaren ezaugarri eta erronken berri eman zuten: nolako migrazioa den, nork kontrolatzen duen muga, nolako politikak aplikatzen diren...
Gara, , 03-07-2026Euskal Herria harrera herri”. Izen hori ezarri diote Iratzar fundazioak eta Plazara kooperatibak Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen barnean antolaturiko ekainaren 30eko jardunaldiari. Bada, Idoia Zengotitabengoa Iratzar fundazioaren zuzendariak hastapenean gaineratu zuenez, izenburua baieztapen bat baino gehiago, hausnarketa baterako deia da: «Zer esan nahi du harrera herri izateak hemen eta orain?». Izan ere, hemen harreraz mintzatzeak badu berezitasun bat: Euskal Herria estaturik gabeko nazioa da, hainbat lurralde administratibotan zatiturikoa. Horrek eragin handia du, migrazioari buruzko erabaki ahalmena ez baitago euskal herritarren esku; baina, halere, pertsona horien bizilagunak gara.
Migrazioaren nolakotasunari buruzko xehetasun gehiago eman zituzten Eguzki Urteagak eta Arkaitz Fullaondok, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) soziologoek. Urteagak nabarmendu zuen etorkinak ez direla «uste direnak» soilik. Batzuek ez dute beren burua etorkintzat hartzen, «Frantziako toki batetik beste batera» doazela iruditzen zaie; beraz, maiz ez dute harrera egiten dien gizarteari buruzko neholako interesik».
Fullaondok Naziometroko datu batzuk eman zituen. Preseski, gogoratu zuen euskal herritarren %60k, gutxi gorabehera, uste duela euskal herritarra dela Euskal Herrian lan eta bizi dena. Halaber, alerta piztu zuen jarrera erreakzionarioengatik.
Bigarren zatian, muga bera bizitzeko modu desberdinak daudela azaldu zuen Elena Casiriain antropologian doktoreak. Esplikatu zuen mugak «botere harremanen arazoa» kristalizatzen duela, muga marra fisiko soil bat baino gehiago, «gorputzetan txertatuta» dagoen kontzeptu mugikorra dela. Hori azaltzeko, bi figuraren berri eman zuen. Lehena, leader global-a, munduko edozein tokitan «eroso» dagoen hura da, «herrialde batetik bestera» pasatzeko gai dena. “Borderity” apala du; hau da, muga gutxi du bere baitan, «nahiz eta mugikortasun maila handia izan». Bigarrena, pariah global-a da; eta hark “borderity” handia du: «Beti bizi da arrisku baten mehatxupean, muga beregan darama». Hori ikusirik, honela laburbildu zuen antropologoak: «Muga ez da baitezpada estatuen artekoa bakarrik, humanitatea zatitzen duena baizik».
Mugei buruzko datu batzuk eman zituen: 1991tik 27.000 kilometro muga sortu dira, 2016an munduan estatu arteko 252.000 muga kilometro zeuden, eta horien %15 horma ziren. Hala, argitu zuen muga ezin dela leku ireki edo itxi bezala ulertu: «kontraerranaren lekua» da, «filtroa» baita. Muga bakoitzeko hautu bat dago, «nori atea ireki eta nori ez». Euskal Herria zatitzen duen espainiar eta frantziar estatuen arteko mugan ere bada horrelakorik, eta harrera egiten ibiltzen diren Eñaut Aramendi eta Amaia Fontang militanteek Ipar Euskal Herriko kasuak ezagutarazi zituzten: Etorkinekin-Diakite federazioa, Bidasoa Etorkinekin, J’accuse…
ERAKUNDEETATIK ZER?
Ximun Carrere Garapen Kontseiluko zuzendariak “Iparralde 2040” gogoetaren barnean migrazioari buruz ateratako hainbat ondorio mahaigaineratu ondotik, Garbiñe Buenoren (Iruñeko auzapez ordea) eta Itziar Eizagirreren (Gipuzkoako Foru Aldundiko migrazio politiketako teknikaria) solasaldiaren txanda izan zen. Buenok deitoratu zuen, «tamalez», eskumena ez dagoela beren esku, espainiar Estatuaren Atzerritar eta Agirien Bulegoarenean baizik. Migrazio eta harreraren gaia lantzeko «marko publiko-komunitarioa» behar dela adierazi zuen. Autokritika pixka bat eginez, hausnarketak nolako politika publikoak egin eta migranteak nola parte harrarazi izan behar lukeela iradoki zuen. Itziar Eizagirrek Gipuzkoaren kasua azaldu zuen: Euskal Autonomia Erkidegoarekin alderatuta, migrazio tasa «txikia» du; %13 ingurukoa, hain zuzen ere. Instituzioko gainerako departamentuekin lan egitea ezinbestekotzat jo zuen.
EUSKARA, HARRERA ETA KOHESIORAKO TRESNA
Aize Otaño AEKren ordezkariak Euskalgintzaren Kontseiluak mahai gainean ezarritako erronka nabarmendu zuen: 2036rako 300.000 euskal hiztun gehiago ekoiztea. Horretarako, euskaltegiek 120.000 sortu beharko dituzte, kopuru osoaren %40. Bete ahal izateko, etorkinengana hurbiltzea beharrezkoa izanen da, baina kontuan hartzen du batzuen egoera zaurgarriak euskarara gerturatzea zailtzen duela.
Egoera aldatzeko, lehenik eta behin, euskara ikastaroak doakoak izatea beharrezkoa dela iruditzen zaio. Halaber, eskaintza «egokiago eta erakargarriagoa» osatzearen garrantziaz ere mintzatu zen. Baina, finean, euskaltegiek «harrera funtzio» eta «kohesiorako zubi» izaera dutela zehaztu zuen: «Euskal komunitatearen parte izan nahi duen horri ateak irekitzen dizkion gunea ere bagara».
Zernahi gisaz, aitortu zuen borondate horrek ez duela isla argirik Ipar Euskal Herriko gau eskoletako izen emateetan: urtez urte geroz eta ikasle gehiagok izena ematen badute ere, atzerritar kopurua ez da bereziki emendatzen. Preseski, Urteagaren datuetara itzuli zen Eneko Gorri, Plazarako kidea: urtero 12.000 etorri eta 9.000 joaten dira, baina etortzen diren horiek «heldu dira beren elebakartasunetik».
Horrela, Plazara ahal bezain beste jende euskaltegietara joateko zubiak sortzen saiatzen da. Bide horretan, iniziazio klaseak antolatzen ditu, «aitzin-dastamendu» bat emateko; euskara jakiteak irekitzen duen «mundu berri» hori ezagut dezaten. Nolanahi ere, Gorrik iritzi dio «frantziar kultura elebakarra» duten horiek ere euskararen geroa haiengan dutela sentitu behar dutela. Hori litzateke lehen urratsa; eta, ondotik, bigarrena: euskalduntzea.
Hainbat udalerritan egiten diren heldu berrientzako ongietorri ekitaldiak ere izan zituen hizpide. Zeremonia horietan «dena» aurkezten zaie, «euskara, euskal kultura eta Euskal Herria» izan ezik. Horregatik, kooperatiba administrazio publikoekin bestelako ekitaldi batzuk lantzen hasia da, «bestelako kit eta bestelako diskurtsoekin». Eskasia bat ere aipatu zuen: etorkin prekarizatuekin lan egiten duten elkarteekin batera, pertsona horiek euskarara gerturatzeko mekanismoak pentsatzea.
(Puede haber caducado)