Euskal Herria

Atxikitze zentroen «gehiegikeria» orokortuaz ohartarazi du Cimade elkarteak

Geroz eta luzeago atxikitzen dituzte migratzaileak, kanporatze gehiago egin gabe. Aljeriarrak aipatu dituzte; izan ere, zentroetan atxikitzen dituzte nahiz eta jakin ezinen dituztela kanporatu Frantziaren eta Aljeriaren arteko harremanak txartu direlako.

Berria, Leire Casamajou Elkegarai, 20-05-2026

2025ean, batez beste, Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentrotik pasa direnek 33,1 egun iragan dituzte bertan. Denera, 287 izan dira: horietarik %38k hiru eta hamar egun artean iragan dituzte; ondoko ehuneko gorena 76 eta 90 egun artean egondakoena da, hots, zentrotik pasa direnen %12,2. Cimade elkartearen Ipar Euskal Herriko adarrak salatu duenez, geroz eta luzeago atxikitzen dituzte pertsonak, kanporatze gehiago egin gabe, haatik. Atxikitze zentroetan «gehiegikeria» orokortzen ari dela ohartarazi dute kideek, «eskuin muturraren bozekin» ezarritako gehiengo presidentzialaren legeen ondorio.

Migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen eta duintasunaren alde lan egiten duen elkarte bat da Cimade, Hendaiako atxikitze zentroaren merkatu publikoa irabazi zuena 2010ean; 2002tik ari zen bertako zentroan lanean. Geroztik, goiz guztiz dago bertan atxikiak diren atzerritarrei sostengu juridikoa ekartzeko. Urtero-urtero, Frantzia osoko atxikitze zentroen datuak publikatzen ditu Cimadek, baita Hendaiako zentrokoak ere: Maite Etxeberri eta Clara Lou Lagiere langileek argitara eman dituzte gaur egindako prentsaurrekoan.

80ko hamarkadan plantatu zituzten atxikitze zentroak Frantzian, legez kanpoko egoeran ziren atzerritarrak bazterturik atxikitzeko, hain zuzen. Garaian, gehienez ere zazpi egunez atxiki zitezkeen pertsonak, baina, urteak aitzina joan ahala, gogortu dira baldintzak: 2011n 45 egunera pasa zen gehieneko epea; 2018an, berriz, 90era. Hots, zortzi urte dira epe bera dagoela indarrean, baina aldatzeko dago beste behin, 210 egunera pasatzeko elkarrizketak izaten ari baitira parlamentuan; terrorismoagatik kondenatutakoei gaur egun ezartzen zaien epea da hori.

Aljeriarren blokeo egoera
Jendeak geroz eta gehiago atxikitzeak, ordea, ez du ezinbestez erran nahi kanporaketa gehiago egiten dituztenik. Kontrakoa gertatzen ari da. Aljeriarren adibidea aipatu dute Etxeberrik eta Lagierek: Frantziaren eta Aljeriaren harreman diplomatikoak txartu direnaz gero, 2025etik Aljeriak ez ditu bere herritarrak gehiago gibel onartzen. Horrek erran nahi du Frantziak ezin dituela kanporatu Hendaiako atxikitze zentroan diren aljeriarrak, adibidez. Haatik, horrek ez du atxikitzeen murriztea ekarri: Hendaian atxikitzen dituztenen herenak aljeriarrak dira.

Atxikitze zentroetan sartzen direnak ez dira ezinbestez kriminalak, legez kanpoko atzerritarrak baizik, eta, beraz, ez badira auzipetuak, epe maximoa itxarotea besterik ez zaie baratzen. 90 egunak iragan eta zentrotik behin libratzen dituztelarik, egoera ez da anitz aldatzen: legez kanpoko atzerritarrak dira beti, eta gerta liteke aste batzuk berantago berriz atxikiak izatea, kontrol batean edo muga zeharkatzean harrapaturik. Zentrora itzuli, eta berriz martxan jartzen da makina.

Etxeberrik eta Lagierek salatu dute pertsona horien «osasun mental eta psikologikoari larriki eragiten» dien sistema bat dela, etengabeko alertan bizitzera behartzen dituztena. Aljeriarrena da adibiderik argiena, agian, Frantziako Estatuak hasieratik baitaki ez dituela kanporatzen ahalko. «Zergatik jende horiek atxikitze zentroan sartu, orduan?», gaitzetsi dute.

Dena dela, kanporatzeak ere salatu dituzte Cimadeko bi kideek, «zentzugabeki» eginak direlakoan, pertsonen ibilbidearen edo jaioterriaren testuinguru politikoa kontuan izan gabe, konparazione. Besteren artean, Sudango, Txadeko, Irango eta Haitiko zenbait migratzaile aipatu dituzte, uste baitute ezin dituztela kanporatu, «lanjerosa» litzatekeela jatorrizko herrialdera itzultzea. Ordea, Hendaiako zentrotik pasa diren bi haitiarretarik bat kanporatu du Frantziako Estatuak; haren berririk ez dute geroztik.

‘Darmanin legea’
Egun kopuru maximoa beti gora, eta zentroetan atxikitakoen eskubideak behera. Etxeberrik eta Lagierek 2024ko urtarrilean «eskuin muturreko bozekin» ezarritako Darmanin legearen ondorioak azpimarratu dituzte. Horietarik bat da atzerritarrak «ordena publikorako mehatxu» direla sinetsarazi nahi lukeen printzipioa. Azaldu dute: «Kontzeptu juridiko bat da, egoera indibidualen ikerketa serioak baztertzen dituena. Nahastea sortzen da orduan atzerritarren eta gaizkileen artean atxikitze administratiboa zilegitzeko; zuzenbide komunak ez luke hori onartuko».

Horrela, legez kanpoko atzerritarren egoera indibidualak kasik ez dira gehiago kontuan hartuak, Cimadekoek ohartarazi dutenez: orain arte, baziren jende kategoria batzuk —bikotekide frantsesa zutenak, 13 urte bete aitzin Frantziako lurralde administratibora iritsitakoak— ez zutenak automatikoki Frantziako lurraldea uzteko agindurik jasotzen. Hori aldatu da orain, eta, ondorioz, gero eta jende kategoria gehiago pasatzen dira Hendaiako zentrotik, baita haurrak Frantziako lurraldean ukandako gurasoak ere, adibidez.

«Gehiegikeria» horiek eta beste anitz gertatzen dira, Etxeberrik eta Lagierek deitoratu dutenez. Prentsaurrekoa bukatzeko, oroitarazi dute badela lege proposamen bat Senaturako bidean, elkarteek atxikitze zentroetan egiten duten lana Frantziako Immigrazio eta Integrazio Bulegoaren esku uzteko. Horren inguruko beldur nagusia zera da, atxikitze zentroetako eginkizunak Frantziako Barne Ministerioaren esku geratuko direla; baina, horrez gain, eginkizun horiek murrizteko xedea ere zehaztua da lege proposamenean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)