Gazteentzako zentro bat ireki dute Elizondon

Bakarrik etorri diren hogei gazte migratzaile hartu dituzte. Gazteetako batzuk ikasten ari dira, bertze batzuk lanean, eta bertze zenbait trebatzen.

Berria, Edurne Elizondo, 27-03-2026

Abendutik martxan dago bakarrik etorritako gazte migratzaileentzako Elizondoko zentroa. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuak ireki du, «gazteon beharretara egokitutako baliabideak garatzeko asmoz». Gobernuak laster onartuko duen Haurrentzako Plan Estrategikoan jaso du asmo hori.

Hogei gazte hartu dituzte Elizondoko egoitza berrian. Gobernuak 26 profesionalez osatutako lantaldea prestatu du gazteok artatzeko; langile horietako hogei hezitzaileak dira. Gazteen artean, berriz, batzuk Lekarozen ari dira ikasketak egiten, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuan, bertze batzuk lanean ari dira laneratzeko tokiko enpresa baten bidez, eta bertze hainbat, berriz, zurgin edo elektrikari gisa lan egiteko trebatzen. «Baliabide honen helburu nagusia da gazteak trebatzea eta laneratzea», berretsi dute Nafarroako Gobernuko arduradunek.

Younes Trissian eta Yassir Abderramin dira Elizondoko zentroan bizi diren gazteetako bi. 17 urte dituzte, eta Marokotik etorri dira Nafarroara. Biak lanean ari dira, Nafarroako Hizkuntzak Ikasteko Zentroak Lekarozen duen egoitzan. Garbitzen aritzen dira, eta sukaldeko lanetan laguntzen. «Kontent» direla erran dute biek, Nafarroako Gobernuak zabaldu duenez. Lan egiteko prestatu nahi dutela nabarmendu dute, etorkizun hobe bat lortzea baitute biek helburu. Yahia Laibek ere 17 urte ditu; Aljeriatik iritsi da Nafarroara, eta elektrikari izateko trebatzen ari da; hura ere lanean hasteko «irrikan» da: «Sorterrian ez nuen etorkizunik».

Bizikidetza batzordea
Zentroa zabaldu baino lehen, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuak bizikidetza sustatzeko batzorde bat osatu zuen Elizondon; gobernuko kideekin batera, Baztango hainbat arlotako eragileek bat egin zuten batzordean. «Asmoa da informazioa zabaltzea eta koordinazioa lantzea», azaldu dute Eskubide Sozialen Departamentuko kideek. Batzorde horrek egindako lanaren bidez, Buzid Abdelmalek eta Mohamed Meruane Tumi Baztan errugbi taldeko gainerako kideekin entrenatzen dira, astero.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)