Arazoa egitura dela salatzeko
Berria, , 27-03-2026Karrikan, bertze behin. Arrazakeriaren kontrako eguna izan zen martxoaren 21a, eta herritarrek Iruñeko kaleetan salatu zuten arazoa egiturazkoa dela, eta, ondorioz, egiturazko neurriak behar direla arrazakeriari aurre egiteko. Egungo egiturak botere harremanak ditu oinarrian: sistemak kolektibo bat lehenesten du, eta pribilegiodun bilakatu; bertzea, berriz, baztertu egiten du, eta haren subjektu izaera ukatu. Arrazakeriari dagokionez, sistemak zuriak arau bilakatu ditu, nolabait, eta, ezaugarri fisiko jakin batzuk dituzten pertsonak arrazializatuz, arau horretatik kanpo utzi ditu;
bertze
bilakatu ditu.
Agentzia dutela nabarmendu dute
bertze
bilakatutako horiek Iruñeko karriketan, eta eskubide guztiak exijitu dituzte pertsona guztientzat. Izan ere, egungo sistemak ez du halakorik ziurtatzen: ez ditu pertsona guztien eskubide guztiak bermatzen. Gainera, urtero, datuek agerian uzten dute gehienetan administrazio publikoak direla jarrera baztertzailea dutenak: Nafarroako SOS Arrazakeriak salatu du iaz artatu zituzten kasuen %87 baino gehiago erakunde publikoekin lotutako erasoak izan zirela.
Iaz, denera, Nafarroako SOS Arrazakeriak 241 salaketa jaso zituen Iruñeko bulegoan. «Datuek erakusten dute arrazakeria instituzionalaren egiturak bere horretan jarraitzen duela, eta bereziki eragiten diela etxebizitzaren, osasunaren eta babes sozialaren esparruei; pertsona arrazializatuek, gainera, arazoak dituzte karrikan ibiltzeko, poliziak pertsonen ustezko jatorriaren araberako kontrolak egiten baititu», nabarmendu dute SOS Arrazakeriako kideek.
Arrazakeriaren aurkako plataformak antolatutako manifestazioa, Iruñeko karriketan. IÑIGO URIZ / FOKU
Errolda da oinarrizko gizarte zerbitzuetarako sarbidea, eta errolda lortzeko zailtasunak, ondorioz, «muga» izan daitezke herritar anitz zerbitzu horietan arta ditzaten. Aipatzekoa da Nafarroako Administrazio Gaietarako Auzitegiak bertan behera utzi zuela otsailean Iruñeko Udalak errolda lortzeko epeari buruz hartutako erabaki bat; udalak, zehazki, 2025eko maiatza eta 2026ko urtarrila bitarteko 562 errolda eskaera argitzeko epea hiru hilabetetik sei hilabetera luzatu zuen. Auzitegiak ebatzi zuen ez dagoela epea luzatzeko justifikaziorik. Gainera, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuen jarrera salatu zuen: karrikan bizi zen herritar batek errolda eskatu zuen, eta ez zioten hitzordurik eman, eta eskaera egin eta bost hilabetera, errolda ukatu egin zioten, ezin zuelako ziurtatu hirian bizi zela.
Legea eta zerbitzua
Nafarroan urratsak egin dira azken urteotan arrazakeriari aurre egiteko bidean. Batetik, 2023ko apiriletik indarrean da herrialdeko arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako legea, eta bertzetik, urte berekoa da arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko herrialdeko zerbitzua. Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfarok jakinarazi du iaz 265 kasu kudeatu zituztela zerbitzu horretan. Kasu horietatik 30 ustezko gorroto delitutzat jo zituen Nafarroako Gobernuak, 2024an halako hiru, hain zuzen.
Alfarok emandako datuetan ere nabarmendu dituzte eragile baztertzailea administrazio publikoren bat izan deneko kasuak, baina kopurua hagitzez ere apalagoa da gobernuaren txostenean: kasu guztien %35, alegia. Nabarmentzekoa da, halere, Alfarok iragarri duela auzitara joko duela Valtierrako Udalaren aurka, uste baitu seme – alaben jaiotzagatik laguntzak emateko deialdia baztertzailea dela. Valtierrako emakume talde batek salatu zuen deialdia, zehaztu baitzuen laguntza jaso ahal izateko gurasoetako batek gutxienez hogei urtez eta etenik gabe egon behar zuela erroldatua herrian. Nafarroako Gobernuko eta Valtierrako Udaleko arduradunek bilera bat egin zuten auzi horri buruz; gobernuak salatu du udalak bere horretan segitu duela, eta, ondorioz, auzitara jotzea erabaki duela.
Arrazakeriaren aurkako manifestazioa, Iruñeko Udaletxe plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
Valtierrako Udalak hartutako erabakien gisakoek agerian uzten dute arazoaren gakoa: «Arrazakeria instituzionala dela, alegia», SOS Arrazakeriako kideek salatu dutenez. Garbi dute lege bat garatu izana eta arrazakeriaren aurkako zerbitzua martxan jarri izana kontuan hartu beharreko «aurrerapausoak» direla, baina esan dute batez ere egiturari erreparatu behar zaiola, eta herritar guztien egoera kontuan hartuko dituen neurriak sustatu.
Asmo hori ardatz hartuta, arrazakeriaren kontrako plataformako eragileek exijitu dute arrazan oinarritutako poliziaren kontrolak bertan behera utz ditzatela, osasunaren gisako oinarrizko gizarte zerbitzuak «benetan unibertsalak» izan daitezela, eta bazter utz ditzatela administrazioak jarritako «muga baztertzaileak».
Erregularizazio prozesua
Muga baztertzaile horiek indarrean daude oraindik. Horixe salatu du Nafarroako SOS Arrazakeriako kide Flavia Navarretek, Espainiako Gobernuak migratzaileentzako ezohiko erregularizazio prozesua oinarri hartuta. 2025eko abenduaren 31n Hego Euskal Herrian egotea, gutxienez bost hilabetez bertan bizi izana eta aurrekari penalik ez izatea. Migratzaileek baldintza horiek bete beharko dituzte beren egoera arautu ahal izateko, Espainiako Gobernuak onartu duen ezohiko erregularizazio prozesuan. Neurriak milioi erdi pertsonari eragin diezaieke.
Nafarroan, 10.000 herritar ingururi eraginen diela uste dute SOS Arrazakeriako kideek. Navarretek nabarmendu du, halere, Espainiako Gobernuak bi hilabeteko epea baino ez duela zehaztu tramiteak egiteko, eta «gutxi» dela salatu du: «Badakigu bi zirriborro egin dituztela, eta martxo bukaeran onartu nahi dutela erregularizazio prozesua egiteko behin betiko testua. Bi hilabete gutxi dira; plangintzarik ez dute egin, eta horrek kezkatzen gaitu, jende anitz kanpoan geratzeko arriskua baitago», erran du.
Herri ekimen legegile bat da oraingo prozesuaren abiapuntua. 700.000 sinadurak babestu zuten, eta 2024an Espainiako Kongresuko talde guztiek —Voxek salbu— onartu zuten egitasmo hori aintzat hartzea; orduz geroztik, baina, geldirik egon da. Navarretek zehaztu du, dena den, Espainiako Gobernuak ez duela bere horretan hartu herri ekimen legegilean jasotako testua: «Aurrekari penalen auzia erantsi dute; burokrazia mantsoa da herri anitzetan, eta migratzaileek arazoak izanen dituzte behar dituzten agiriak lortzeko». SOS Arrazakeriak kanpaina bat hasiko du laster egoera zaurgarrienean direnak diruz laguntzeko, tramiteak egin ditzaten.
(Puede haber caducado)