Migrazio krisiaren ertz bi

«Deitu Consumer Law Group-era», dio iragarkiak, paradisu giroko hondartzako lastozko tabernaren telebistan. «Somos los guardianes del pueblo, llámenos para vivir el sueño americano». Acandin nago, Kolonbian; Karibek Panamarekin muga egiten duen gunean. Dariengo oihanaren atean. Urabako Golkoan.

Gara, Iñigo Asensio, 21-01-2025

Itsasoak izena ematen dio eskualdeari, eta baita hemen boterea duen taldeari ere. Urabarrak –Los Urabeños– deitzen diote Golkoko Klanari edo, eurek nahiago duten moduan, erresistentzia Gaitanistari. Mexikoko lagun batekin telefonoz ari naiz itsasertzeko bide batean, eta hiru gazte hurbildu zaizkit bi motorretan. Bost egun daramatzat hemen, eta gazteen artean lagunak egin ditut. Euretako batzuk zirela pentsatu dut. Oso plazagizon, telefonoa apur bat urrundu eta eskua luzatu diet banaka. Haietako batek deia eten nezan eskatu didanean, konturatu naiz gertatzen ari zenaz. «Segituan deituko dizut bueltan, Hatziri», esan diot lagunari. Galdera batzuk zituzten niretzat, eta azalpen batzuk. «Hemen poliziak egiten ez duena egiteko gaude gu, dena ondo egon dadin», esan dit batek. «Ezagutzen duzu Erresistentzia Gaitanista?», galdetu besteak.

Eta galdera gehiago. Nor nintzen, zertan ari nintzen herrian, norekin nengoen, norentzat lan egiten dudan… Une batez pentsatu dut herrien liberazio mugimenduez hitz egitea, beraien ugazabek eta gure herriak izan dutelako loturarik iraganean. Baina oso gazteak ziren eta marxismoa kontzeptua bera ere arrotz egingo zitzaien traza hartu diet. Beraz, hemengo nire lotura nor zen esan diet, eta dagoeneko «euren loturaren» baimena banuela nabarmendu.

Egia da. Emakume batek ematen dio onikusia kazetari orok migranteekin grabatzeari, eta nik gaur lortu dut. Izena esan diet. «Ezagutuko duzue, ezta?» galdetu diet. Baietz erantzun didate. Nire «fixerrari» deitzeko eskatu. Harekin hitz egin dute. «Dena ondo dago, lagun. Gauzak ondo daudela baieztatzeko soilik gaude gu. Gabon pasa», agurtu naute. Dena ondo dago. Darien atarian nago. Urabako golkoan. Urabarren baimena daukat, eta arazo bakarra: ez dago migranterik.

Trump eta Maduroren arteko atakan

Arestian aipatu bezala, migranteak erakartzeko publizitatea ikus daiteke telebistan. «Estatu Batuetako Gobernu aldaketak eragina izango du milaka migranteren egoeran. Presta zaitez eta jar zaitez gure eskuetan», diote iragarkiek. Migranteen emaria eteten ari da. Eta honek berebiziko eragina du ekonomian. Migranteak ez dituzte nahi, baina haien dirua bai. Hementxe, Acandin, 2023an, mila eta bi mila pertsona igaro zitezkeen egunero. Momentu indartsuenetan, baita lau mila ere, egun zehatzetan. Ia herri osoa migratzaileentzat lanean zegoen, modu batera edo bestera. Dendak, motogurdietan edo ontzi txikietan ibaian gora euren aterpera eramaten zituztenak, oihanean barrena mugaraino gidatzen zituztenak… Golkoko beste hirietatik jende ugari desplazatu zen, bereziki Acandira. Negozioa zegoen hemen, zuzenean eta zeharka.

Eskualdean agintzen duen antolakunde ilegalak migrante bakoitzari kobratzen dio euren segurtasuna bermatzeagatik. «Eurek babesten naute zutaz, baina euretaz nork babestuko nau?», abesten zuen kantautoreak. Baina, ñabardurak ñabardura, segurtasun hori egiazkoa da. Ia ez dago erasorik Kolonbiako alde honetan.

Migrazio jario altuko garai haietan goizeko seietatik iluntzeraino heltzen ziren itsasontziak migranteekin. Joan-etorri etengabean. Ez zen lasaitasunik herrian. Urrearen sukarraren garaietan bezala, Acandik aukera ugari eskaintzen zuen, gizaki irregularrentzat lehenik, eta hauetatik etekina lortzen zuten erregularrentzat ondoren. Win-win modura irudika lezake irakurleak, baina perbertsioa dago errealitate honetan guztian. Perbertsio neoliberala. Estatu Batuek nahi duten eta, aldi berean, nahi ez duten migrazio logikaren perbertsioa. Beharra eta arrazakeria, parez pare. Giza eskubideak eta kapitala. Hori ere bada Venezuelako paradoxa egun. Venezuelan giza eskubide urraketak salatu eta bertan negozioa egin. Josu Jon Imazek badaki honi buruz. Baita Trumpek ere.

Maduroren politikak eta herrialdeak bizi duen egoera soziopolitikoa badira migrazioaren eraginetako bat. Joe Biden Administrazioaren inguruan zegoen usteak ere eragina izan du. Venezuelarrei asilo politikoa emango zieten informazioa desitxuratu eta venezuelar askok bideari ekin diote urteotan AEBn ongietorriak zirelakoan. Bidean topatzen dituzten mafiek ere sareetan bideoak zintzilikatzera behartzen dituzte etorkinak. «Hau segurua da, zatozte abenturara», leloaren hamaika modu hedatuz. Interes ekonomikoak daude nonahi. Baita jatorrizko herrialdeetan ere. Latinoamerikako herrialde ia guztietan atzerritik egiten diren diru bidalketa edo «remesak» dira herrialdeen diru iturri garrantzitsuenetakoak. Horregatik, migranteen herrialdeek ere badute interesa euren biztanleen migrazioan, nahiz eta hau ez den, noski, publikoki agertzen.

Baina fenomeno migratorio honek bere garai onenak atzean utzi zituen, etorkina dolarretan neurtzen zuten negozio legal zein ilegalentzat. Ez dago migranterik. Edo ez da migranterik izan ia bi egunez. Hau erabat ezohikoa da hemen. Lerrook idazten nagoela iritsi omen dira. Halaxe esan dit kafea hartzen dudan tabernako gizonak, Cesarrek. Eta ontzien negozioan ari den beste kontaktu batek, Lucasek, baieztatu dit. «Egunean zehar 50 inguru helduko dira», ziurtatu dit.

Ezegonkortasun handiko egunak dira Ameriketan. Venezuelak mugak itxita izan ditu hainbat egunez. Trumpen adierazpen orok beldurra sortzen du. Ekuadorren urte hasieran hildako gazteek Kolonbiako «Positibo faltsuen» eta «Desagertze behartuen» estatu gehiegikeria gogorarazi dute. Dena dago hankaz gora krisi migratorio honen abiapun- tutik helmugaraino. Eta, hala ere, ordu gutxitan Dariengo oihanak egun pare batez izan duen etenaldia amaituko du. Migrazioa eten da tarteka, baina hor jarraitzen du.

Senafronteko kide bat zaurituta Panaman

Goizaldean heldu zait notizia. Panaman, Tres Bocas izeneko inguruan, Cañas Blancas ibaiaren ondoan, Senafronteko (Panamako mugen zaintza egiten duen adar militarreko kide bat zauritu dute tiroketa batean. Panamako indar armatu hauen eta oihaneko lapur talde armatu baten arteko enfrentamenduan gertatu da. Lapur hauek dira migranteen amesgaiztoa. Senafront bera da Panamako Gobernuaren bidez kazetari bezala Darienen sartzeko baimena ematen dizun erakundea. Zalantzak ditut aurrera egin ahal izango dugun mugatik harago. Kolonbiako fixer eta gidarekin baloratu beharra dago ea ze informazio dugun eta aurrera egingo ote genukeen ahal izanda ere. Eta hemen dator krisi migratorio bat kontatzearen pribilegio eta barne kontraesana.

Kazetariak erabaki dezake noraino. Atzera egitea aukera zuhurragoa den. Agian Panamako indar armatuek ez digute utziko aurrera egiten, eurek emandako baimenak segurtasuna nolabait bermatzea dakarrelako. Baina gaur Acandira iritsi diren 50 migranteek eta bihar eta datozen egunetan iritsiko diren ehunka lagunek ezingo dute aukeratu. Eta horrela, talde ugariren esku, erabat zaurgarri, egingo dituzte Estatu Batuetara dauden 5.000 kilometroak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)