Segurtasun indarrak

Londresko Metropolialdeko Polizia «arrazista, misoginoa eta homofoboa» da, ikerketa baten arabera

Louise Casey ikerlariak esan duenez, Erresuma Batuko segurtasun indarrik garrantzitsuena desegin egin beharko da egoera hobetzen ez bada. Erakundeak eskatu zuen txostena, agente batek zibil bat bahitu, bortxatu eta hil zuela argitara atera ostean.

Berria, Ander Perez Zala, 21-03-2023

Erresuma Batuko segurtasun indarrik garrantzitsuena, Met Londresko Metropolialdeko Polizia Zerbitzua, «instituzionalki arrazista, misoginoa eta homofoboa» da, eta «erabateko erreforma bat» behar du. Are, egoera hobetuko ez balitz, Met desegin egin beharko litzateke.

Urtebetez erakunde hori ikertu ostean, ondorio lazgarrien berri eman du gaur Louise Casey ikerlariak. Metek berak eskatu zuen txostena, agente batek emakume bat bahitu, bortxatu eta hil zuela argitara atera ondoren —gerora hilketa kasu gehiago jakinarazi dituzte—. 363 orrialdeko ikerketak erakunde barneko hainbat gertakari azaleratu ditu: besteak beste, «sexu erasoak», «jarrera arrazistak» eta «erroturiko homofobia».

Txostenak «existentzialtzat» jo du krisia, erakundeak «hainbat mailatan huts egin» baitu. Jazarpena ohikoa da, lehen lerroan dauden agenteak «adoregabetuta» daude, eta diskriminazioa «sisteman integratuta» dago.

Kasu horietako zenbait zerrendatu ditu Caseyk. Barnera begira, emakumeek «ohiko abusuak» jasaten dituztela, esaterako, edota agente musulman bati hirugiharrez bete zizkiotela botak; agente homosexual batek, berriz, ikerlariari esan zion «Poliziari beldurra» diola. Kanpora begira, berriz, herritar beltzak gelditu, arakatu eta atxilotzeko aukera askoz ere handiagoak daude, kasurako.

Emakumeen eta nesken kontrako indarkerian ere arreta jarri du txostenaren egileak, azaldu baitu segurtasun indar horrek «beste modu batera landu» duela afera hori, esan izan duen arren «lehentasun bat» dela: «Praktikan, horrek esan nahi du ez dutela hain serioski hartu baliabideen esleitzea».

Caseyren arabera, «erruaren parterik handiena» iraganeko buruzagitzena da, eta ohartarazi du erakunde horrenganako errespetuak «hondoa jo» duela; kasurako, Meti buruzko eskandalurik larrienak argitara atera aurretik, herritarren erdiek «besterik ez» zuten segurtasun indar horienganako konfiantza. «[Londres Handiak] Ez du auzo zaintzako zerbitzu funtzionalik. Publiko gisa, gure lana ez da Poliziatik gorderik egotea. Poliziaren lana da publiko gisara gu onik egotea segurtatzea».

Aldaketa posibleei begira, ikerlariak adierazi du hamarkadotan erakundeak hainbat aukera izan dituela erreformak egiteko —iradoki du ez dituela aukera horiek baliatu—, eta ohartarazi dio ezin dituela hautatu soilik gogoko dituen aldaketak; hala, Meti esan dio bere gomendio sorta osorik inplementatu beharko lukeela.

Erreformetarako «katalizatzaile bat»

Ikerketaren ondorioen berri izan ondoren, Meten komisario Mark Rowleyk barkamena eskatu du, eta esan du, sare sozialetara igotako bideo baten bidez, testuak «katalizatzaile bat» izan behar duela erreformak egiteko: «Guztiz onartzen ditugu [txostenaren] ondorioak, eta horiek inplementatzeko determinazioa dut».

Kopururik jakinarazi gabe, Rowleyk aitortu du zenbait agente ikerketapean daudela edota behin-behinean lan egiteari utzi diotela; hori bai, uko egin dio instituzional hitza erabiltzeari hura buru den erakundeko arrazismoaz, misoginiaz eta homofobiaz aritzeko.

Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakek, berriz, BBC Breakfast telebista saioari esan dio jada lanean ari direla herritarren konfiantza berreskuratzeko, eta jakinarazi du zenbait aldaketa inplementatzen hasiak direla. Londresko alkate Sadiq Khanek, berriz, Sky News telebista kateari adierazi dio txostenaren ondorioen «erantzukizun osoa» bere gain hartzen duela, Meten buruzagia baita, eta erakunde horren komisarioak bere «konfiantza» duela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)