Erakundeen arrazakeria «egiturazkoa» dela salatu dute

Kalera atera dira ehunka lagun «politika publiko arrazisten» aurka egiteko, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean

Berria, Joxerra Senar / Javi West Larrañaga, 22-03-2023

Arrazismoari buruzko 2022ko txostena aurkeztu zuen atzo Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteak, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. «Gizarte osoaren erantzukizun politiko eta sozialaren gain jarri nahi dugu arreta». Elkarteak azpimarratu zuen arrazakeria «egiturazkoa» dela, eta horrek berak eramaten dituela erasoak, diskriminazioak eta eskubide urraketak jasaten dituzten asko bizi izandakoa ez salatzera. Ondorioz, azaldu zuten txostenean bildu diren kasuak errealitatearen «oso parte txiki bat» direla.

Gogora ekarri zutenez, arrazakeria jasaten duenaren gain jartzen da maiz frogatzeko beharra: «Ez dugu onartzen alde ahulenaren gain jartzea ardura hori». Nafarroako adarrak bildutako datuen arabera, lau kasutik hirutan administrazio publikoa da diskriminazioaren eragilera; %73an, zehazki. SOS Arrazakeriaren arabera, atzerritartasun, nazionalitate edo asilo prozeduretan salatzen da gehienbat diskriminazioa; orotara, kasuen %30 dira. Polizien jarduerei lotuta daude salaketen %16.

Bereziki gaitzetsi zituzten Atzerritarren Polizia Taldearen aurrean aurkezteko ematen diren «hitzordu tranpak». Horrez gain, salatu zuten poliziek maiz kontrolak egiten dituztela migrantearen «profil etnikoagatik», eta kasu batzuetan indarkeria erabiltzen dutela.

Gizartean «errotuta»

Politika horiek izan zituzten hizpide ere Bilbon, iluntzean, Martxoak 21 plataformaren izenean hamabost taldek deitutako protestan. Kalera jo zuten gazte, heldu eta familia ugarik arrazakeria, xenofobia eta ijitoen aurkako diskriminazioa salatzeko, danborrez eta tinbalez lagunduta. «Arrazakeria gure gizartearen alderdi guztietan dago errotuta», adierazi zuten amaieran euskaraz, espainolez, arabieraz eta frantsesez irakurritako manifestuan.

Espainiako Atzerritarren Legea da deitoratu zituzten politika publikoetako bat. «Atzerritarren Legeak jendea hiltzen du egunero», oihukatu zuten protestan ari zirenek. Bilboko San Frantzisko auzotik abiatu zuten manifestazioa, eta ez da kasualitatea: migratzaileak dira han bizi diren gehienak, eta hainbat elkartek ohartarazi dute polizia ugari ibiltzen direla han eta kontrol neurriak ezartzen dituztela. «Auzoaren militarizazioa eta Poliziaren jarduera arrazista salatzeaz gain, araketak, sarekadak eta legez kanpoko etxegabetzeak salatzen ditugu», azaldu zuen Omra El Qrich Martxoak 21 plataformako kideak. Adierazi zuenez, araketa horiek «mutil arrazializatuei» egiten dizkiete bereziki.

Legez kanpoko etxegabetzeei ere erreparatu zieten manifestazioan. «Bilbon legez kanpoko etxegabetzeak egiten dira, eta, bereziki, San Frantziskon», salatu zuten. Elkarretaratzera deitu zuten kolektiboetako batzuek eskuorriak banatu zituzten, epaileen agindu barik etxeak uzten saiatzen direnean zelan jokatu azaltzeko.

Migratzaileekiko ez ezik, ijitoekiko bereizkeria ere bukarazi behar dela aldarrikatu zuten manifestuan. «Ijitoen aurkako diskriminazioa gaitzesten duten benetako politikak exijitzen ditugu, […] ijito herriari egindako kalte guztia erreparatzen dutenak, gu errekonozitzen gaituztenak eta ikusgai egiten gaituztenak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)