Aske utzi dituzte Etorkinekin Diakite taldeko hiru kideak

Goizean goiz atxilotu dituzte hiru kideak, Urruñan, etorkinak laguntzea egotzita. Arratsaldean askatu dituzte. Hala ere, elkarretaratzea antolatuko dute 18:30erako, Hendaiako komisarian.

Berria, Garazi Aduriz Zuñeda, 21-03-2023

Frantziako Poliziak hiru lagun atxilotu ditu gaur, etorkinei «legez kanpoko» laguntza ematea egotzita. Bidasoa Etorkinekin elkarteko kide «aktiboak» direla azaldu du Etorkinekin Diakite federazioak. 15:00 aldera askatu dituzte hiru kideak. Hala ere, 18:30etako protestari eutsiko diote.

Hiru kideetako bat astelehen arratsean atxilotu zuten, etorkinak autoan zeramatzala. Gainontzeko biak, berriz, Urruñako beren etxean atxilotu zituzten, goizean goiz. «Etxeak miatu» ondotik, Hendaiako komisariara eraman zituzten hirugarrenarekin batera, eta bertan atxiki zituzten atxiloaldian. Devi Martinez Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideak Frantziako Poliziaren ekinbidea salatu du: «50 eta 60 urte arteko kideak dira; goizeko seietan joan dira haien etxera atxilotzera». Martinezek azpimarratu du lehen aldia dela elkarteko kideak modu «bortitz» horretan atxilotzen dituztela: «Hamabi polizia zeuden bi kiderentzat».

Etorkinekin Diakite federazioak eta Bidasoa Etorkinekin elkarteak Poliziaren ekinmoldea «gaitzetsi» dute, eta elkarretaratzeari eutsiko diote. 18:30ean izanen da, Hendaiako komisaria aitzinean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)