14 hilabeteko zigorra zenbait etorkini iruzur egiteagatik

Berria, ERREDAKZIOA, 10-05-2007

Iruñea

Nafarroako Probintzia Auzitegiko 3. Atalak 14 hilabeteko kartzela zigorra, 540 euroko isuna eta 2.250 euroko kalteordaina ezarri dizkio D.C.F. gizonari, Lizarran eta Aiegin (Nafarroa) bizi ziren zenbait etorkini iruzur egiteagatik. Berez, Fiskaltzak lau urteko kartzela zigorra eta 1.440 euroko isuna eskatu zituen, baina akusatuak onartu zuen iruzur egin zuela, eta Fiskaltzak zigor eskaera arindu zuen. Akusatua behin – behineko espetxealdian dago, Errioxan (Espainia) antzeko delitu bat egiteagatik.

Zazpi lagunek, gehienak Ekuadortik Nafarroara joandakoak, 250 eta 800 euro artean ordaindu zizkioten akusatuari iazko otsailean eta martxoan. Akusatuak bi eskaintza egin zizkien: batzuei agindu zien beren senideak Nafarroara ekartzea lortuko zuela; besteei, berriz, lana lortuko ziela eraikuntzan.

LAN ESKAINTZAK EKUADORKO SENIDEENTZAT. Iruzur egin zien pertsonetako batzuek Lizarrako telefonotegian ordaindu zioten eta akusatuak ordainagiria eman zien. Emakume bati lana eskaini zion ilobarentzat eta 250 euro eskatu zizkion kontratua bideratzeko gastuak ordaintzeko. Akusatuak ez zuen lanik lortu emakumearen ilobarentzat.

Aiegiko emakume batek 800 euro eta Lizarrako gizon batek 200 ordaindu zizkioten, beren koinatak Ekuadortik Nafarroara joan ahal izateko.

Zazpi laguni egin zien iruzur atxilotua izan aurretik. 2.250 euro ordaindu zizkioten agindu eta bete ez zituen promesengatik.

Ahozko epaiketa egin behar zuten atzo, baina bertan behera utzi zuten, akusatuak bere gain hartu baitzituen iruzurrak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)