Betebeharrak bai, eskubiderik ez

Emakume etorkinen plataforma eratu dute Gasteizen, bozkatzeko eskubidea aldarrikatzeko

Berria, edurne begiristain, 09-05-2007

Gasteiz

Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetan jaiotako 12.000 pertsona bizi dira Gasteizen. Bertan egiten dute lan, familiak sortu, zergak ordaindu eta Gizarte Segurantzan kotizatzen dute, baina herritartasun eskubideak mugatuta dituzte. Ezin dute bozkatu, eta, ondorioz, ezin dute parte hartu haiengan zuzeneko eragina duten erabakietan, hala nola hezkuntzan, garraioan, etxebizitzan…

Etorkin horietako asko emakumeak dira, eta udal eta foru hauteskundeen atarian, bozkatzeko eskubidea aldarrikatzeko elkartu dira. Gasteizko emakume etorkinen hautagaitza independentea osatu dute, eta sinadura bilketa bati ekin diote boto eskubidea aitor diezaieten. 3.000 sinadura behar dituzte hautagaitza aurrera ateratzeko.

Sinadurak Hauteskunde Batzordean aurkezteak «balio sinbolikoa» baino ez du izango, baina lehen urratsa izango da eskubide hori aitortzeko bidean. Hala uste dute baita ere emakumeen plataformari babesa agertu dioten Gasteizko 33 elkartek eta sindikatuek. «Ezin diegu pertsona hauei eskatu integratzeko borondate eta erantzukizuna, eta aldi berean, haientzat garrantzia duten arazoei buruz iritzia ukatu», dio babes taldeak kaleratutako agiriak.

Gasteizko politika, kultura eta gizarte arloko zenbait pertsonak egin dute bat agiriarekin, besteak beste: Josean de Miguel aktoreak, Mikel Urdangarin abeslariak, Lourdes Oñederra idazleak eta Jose Angel Cuerda alkate ohiak.

DEKALOGOA. Hamar puntuko hauteskunde programa osatu dute emakume etorkinen plataformakoek. Dekalogoak etorkinei ez ezik, Gasteizko herritarrei zuzenean eragiten dizkien arazoak biltzen ditu: etxebizitza, hezkuntza, emakumeekiko tratu txarrak… Hamar puntuko egitaraua maiatzeko bozetara aurkeztuko diren hautagaitzen esku utziko dituzte, egoki ikusiz gero, euren alderdietako programetan sar ditzaten.

Rosa Ortiz txiletarra duela bost urte bizi da Gasteizen. Plataformako bultzatzaileetako bat da, eta dei egin du jabetu daitezen etorkinak «lan egiteko ez ezik, beste zerbaiterako ere» balio dutela. «Hemen bizi gara, eta gizarte honetako erabakietan parte hartu nahi dugu».

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)