AEBak eraikitzen ari diren hesia ezetsi du Mexikok nazioartean

Berria, , 04-05-2007

erredakzioa

Indonesian egiten ari diren Legebiltzarren Arteko Batasunaren Batzarrera eraman du Mexikok AEBak mugan eraikitzen ari diren hesiaren auzia. PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko diputatu Carlos Jimenezek salatu du hesia «zentzugabekeria hutsa eta arrazista» dela. Mexikotik AEBetara paperik gabe sartzen diren etorkinak geldiarazteko ari da Washington hesia eraikitzen. Baina Jimenezen ustez -Ameriketako Legebiltzarren Konfederazioko buru ere bada-, immigrazioa globalizazioaren zati da, eta, beraz, beste ikuspegi batetik aztertu behar da.

Mexikoko Gobernua hesia eraikitzearen aurka agertu da hasieratik. Agintarien iritziz, 2001eko erasoez geroztik AEBak ez dira inorekin fio, «paranoikoak» bilakatu dira. Halaber, iragarri dute nazioartera eramango dutela auzia. Jimenezek immigrazioak arazoak sortzen dituela onartu duen arren, nabarmendu du hesi bat eraikitzea ez dela arazo horiei aurre egiteko bidea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)