Langile etorkinak : ongizate gizarteen alderdi iluna

Berria, Silvia Carrizo, 04-05-2007

Emakume etorkinen Malen Etxea elkarteko kidea

Berdintasunaren» europar urtean, emakume taldeok bat gatoz esatean lan prekarietateak emakume aurpegia duela, eta aurpegi hori emakume etorkinarena dela. Emakumeen immigrazioa da XXI. mendearen ezaugarri nagusietako bat, eta emakume horien lan baldintzak, ongizate gizarteen alderdi ilunena. Izan ere, non dira emakume hauek? Erantzuna oso da erraza: emakume etorkinen %80 etxeko lanetan, ostalaritzan edo prostituzioan ari dira.

Hori dela – eta, eta etxeko lanetan ari diren emakumeen gehiengoa atzerritarra dela kontuan izanda, emakume etorkinen Malen Etxea elkartetik etxeko behargin horien lan baldintzei buruzko gogoeta egin nahi dugu. Egiten duten lanaren gutxieste soziala, handia da; bazterketa, zapalketa eta gehiegikeriak agerian uzten dituzten egoerak dira guztiak, gaitzeste sozialik ez dutenak eta, gainera, bizi diren tokian integratzeko benetako oztopo bihurtzen direnak. Bestalde, dituzten lan baldintzak ere ez dira jatorriz bertakoak direnen berberak. Klase bazterketari etniarena gehitzen zaio: atzerritarra, egoera irregularrean dagoena, «paperik» eta bitartekorik gabea… Baldintza horiek guztiek zaurgarri uzten dituzte emakume horiek, lanerako hartzen dituztenek nahierara zapalduak.

Egoera aztertuta, aski argigarriak dira azken hilabeteotan Euskal Herriko hainbat elkartek plazaratutako emaitzak. Etxeetan bertan bizi diren langileek eta etorkinek pairatzen dute egoerarik okerrena. Estatistikak izutzekoak dira: lan baimena duten emakumeen %53k jazarpen sexuala jasan behar izan dute inoiz EAEn; %79k hamar ordu baino gehiagoko lanaldia dute eguneko, eta % 21ek zortzi eta hamar ordu bitartekoa.

Etxeko langile emakume horien batez besteko soldata 780 eurokoa da, eta askotan kopuru horri mantenu gastuak kendu behar zaizkio. Oporrei eta asteko atsedenaldiari dagokienez, langile horien %41ek ez dute oporrik eta ez zaizkiete ordaintzen. %64k ez dute egun batetik besteko atsedenaldirik, eta bostetik batek ez dute egun bakar bat libre.

«Berdintasun planen» edo «lan eta familia bizitzaren arteko bateratzearen» gizartean, lanaren banaketa berria nagusitu da. Genero zapalketa dago muinean. Sistema patriarkal eta kapitalistak etxearen martxa egokirako emakumeari ezartzen dizkion lanak, gaur egun, etxeko beharginen lepagainean pilatzen dira. Horiek kontratatzen dituzten emakumeek gero eta tarte handiagoak hartzen dituzte gizartean, eta hala, etxearen eta familiaren gaineko ardurak langile etorkinei «uzten» zaizkie. Era horretan, sistema ez da zalantzan jartzen, ez dago ezer aldatzeko asmorik, emakumea bera da soilik aldatzen dena. Orain emakume kanpotarra da prestigiorik gabeko lanetan ari dena, ikusezin, zapaldu.

Feminismotik, emakumeon elkarteok uste dugu ezin dela errealitate hori luzaroago ezkutatu, beharrezkoa dela berdintasunean oinarritutako mundu gero eta bidezkoagoaren aldeko bidean inor ez baztertzea. Uste dugu estatuaren ardura dela familietan sortzen diren arazoak konpontzeko bitartekoak jartzea, gaixo eta ezinduen zaintzan esaterako, eta «esklabotza berri» horri bideak ixtea. Ezin onar liteke, inondik ere, harreman pribatuen eta lege okerren bidez gure herrietako etxe askotan egunero burutzen ari den langileen zapalketa hau.

 

Hurrengo hauteskundeetan parte hartu nahi duten hautagaiei konpromiso hori eskatu nahi diegu; hau da, Udalbiltza bateratuaren hautetsiak izango direla hitz ematea

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)