CRISTINA BERLANGA.

Berria, 02-05-2007

Leihatila

cristina berlanga

Azken egunotan hainbat hedabidetan agertu diren artikulu eta erreportaje batzuen aipamena jasotzen du tituluak; metafora hori baliaturik, kontagai zuten etorkinak – gehienetan paperik gabeak – zer – nola kontratatu ohi dituzten hiri eta herri askotan. Ezkutuko kamera batez grabaturiko programa horietako batean ikusi ahal izan zenez, enkante baten oso antzekoa da kontratatzeko prozedura, zeinean paperik ez edukitzea gailentzen baita.

Baldintza horrek egoera ezin ahulagoan uzten du kontratatu – gaia, eta kontratu – egileari ahalbidea ematen dio esklabotasunaren mugaraino murrizteko lan baldintzak eta soldatak. Etorkin batek kontatu duenez, sei euro ordaintzen omen diote, orduko, eraikuntza lanean aritzeagatik. «Sei euro?», galdetu dio harriturik kazetariak. «Zergatik onartzen duzu diru horren truke lan egitea?», galdetu dio kazetariak, bera lehen mailako herritar dela jakiteak ematen dion nagusitasunez. Doinu horrekintxe galdetu ohi zaie, era berean, «zergatik bizi zarete hogei pertsona, metaturik, berrogei metro koadroko etxebizitza batean?». Galdera hori jende dezenteren aurreiritziaren adierazgarri da, sinetsita baitaude etorkin askok hemen ezinbestean dituzten bizi baldintza laidogarri horiek gurea baino kultura atzeratuagoko herritarrei dagokien joera ia berezkoari zor zaizkiola; eta hori, nahitaez, ez dator bat gure bizikidetza moduekin eta guk bultzaturiko aurrerapen sozial eta politikoekin. Eta, halaber, gure gizartearen porrotaren isla da galdera hori, gure gizarteak bide ematen baitio ehunka mila pertsonak eskubiderik oinarrizkoenak ere ez izateari.

Eskubide horiexek aitortzea exijitzen diegu beste zenbait herriri, bereziki gure eredu sozioekonomikoa auzitan jartzen dutenei, demokraton klubeko eta gizarte aurreratu deritzoneko kide gisa onartu ahal izateko. Gure gizarteak gero eta sarriago bide ematen baitie eskubiderik gabeko pertsona horienganako esplotazio egoerei eta edonolako gehiegikeriei. Gure gizarte honek pertsona horien prekariotasuna, ahultasuna eta bazterreko bizitza ezinbesteko baititu; baina, batik bat, haien isiltasuna, existentzia bera ere ukatu egiten baitie hainbat lege inposatuz. Isiltasun hori ezinbestekoa zaigu errudun eta zorigaiztoko senti ez gaitezen, perbertsio mailarik gorenera iritsi den sistema honetan, legez kanpoko eta eskubiderik gabeko jende hori dena sortzen duen honetan. Ageriko erakusleiho batean jartzen gaitu ikusgai, gordin eta garden, gure gizartearen degradazio etikoa guztien begien bistan jarriz. Izan ere, immigrazioaren arazoari heltzeko modu horrexek erretratatzen gaitu zehazkien, zer – nolako gizarte bat eratzen ari garen adierazten baitigu, eta zeren eta zeinen kontura eratzen ari garen. Eta, horri zer – nolako erantzuna ematen diogun gizartean, gizatasunik gabeko sistemarekiko eta horretan gailen diren balioekiko zenbaterainoko adostasuna edo arbuioa ageri dugun, horrek denak ere argi asko islatzen gaitu emakumeok.

Pertsona bati galdegitea ea zergatik lan egiten duen orduko sei euroren truke, horrek esan nahi du ez dugula ezertaz jabetu nahi, ez dugula jakin nahi gure bizi mailak zer – nolako kostua dakarren berekin, eta ez ditugula onartu nahi sistema horrek dakartzan zehar kalteak ere: milaka pertsonaren esplotazioa, haien eskubideen ukazioa eta norbanakoen ikusezintasuna.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)