«Emakumea kontrolatzeko tresna da prostituzioaren estigma»

Gizarteak prostitutei buruz egiten duen interpretazioa eta prostitutek berek egiten dutena sarritan ez datozela bat nabarmendu du antropologoak.

Berria, EDURNE ELIZONDO, 02-05-2007

Iruñea

Emakumearen inguruko hamaika gai ikertu ditu Dolores Julianok (Buenos Aires, Argentina, 1932) bere lan ibilbidean. Antropologian doktore da, eta Bartzelonako Unibertsitateko irakasle erretiratua. Prostituzioaz mintzatu da Iruñean, Emakume Internazionalistek antolatzen dituzten jardunaldietan.

Prostituten ahotsa entzun beharra aipatu izan duzu zuk; garaia dela haiek errateko dutena entzuteko, eta haien izenean hitz egiteari uzteko. Ahots hori isilarazten saiatzen da gizartea?

Bai, eta hori ez da gertatzen bakarrik prostituten esparruan. Botererik ez duten kolektibo ororekin egiten dugu; haien izenean mintzatzen gara, haiekin mintzatu ordez.

Zergatik ez dugu prostituten diskurtsoa entzun nahi?

Estigma dakar prostituzioak, eta, ondorioz, gehienetan prostituten diskurtsoak ez du bat egiten sistematik egiten den interpretazioarekin. Haiek hitz egiten dutenean, askotan gertatzen da ez dituztela nabarmentzen sistemak berak azpimarratzen dituen auziak.

Zuk haiekin egin duzu lan; zer nahi dute?

Errespetua nahi dute, ez sufritzea. Minik ez egitea. Duintasunez tratatzea. Prostituzioak beren bizitzen zati bat besterik ez du betetzen. Ez da dena prostituzioa: beste gauza asko ere badira emakume horiek.

Besteak, prostitutak kasu honetan, baliozko solaskide gisa hartu beharraz mintzatu izan zara, halaber.

Emakumeok asko dakigu horretaz. Denbora luzez hainbat esparrutatik mintzatu dira emakumeoi buruz, nolakoak garen erran digute, zer – nolako nahiak ditugun, baina hori guztia erran dute gure iritzia jaso gabe. Emakumeok orain diskurtso propioa dugu, baina horrek ez du erran nahi emakumeon kolektiboa osatzen duten sektore guztiek onarpen bera jaso dutenik; haietako askok baztertuta jarraitzen dute.

Emakumeek lan hori beren borondatez egiteko duten eskubidea defendatzen duzu zuk; beti, hala ere, ez da askatasunez erabakitzen.

Emakumeak ez du erabakitzen prostituta izatea, baizik eta erabakitzen du, normalean epe jakin batean, sexu lana egitea. Dirua lortzeko modu bat da; modu gogorra eta ezatsegina, baina errentagarria. Ez dute betiko aukeratzat hartzen. Horregatik, argi uzten dute ez direla prostituta, baizik eta prostituta lana egiten dutela.

Baina aukera hori ez da beti askatasunez egiten, ezta?

Hainbat jendek erraten du prostituta lana atsegin ez izateak jada zalantzan jartzen duela lan hori egiten duen emakumearen askatasuna hautu hori egiteko orduan. Kritika hori, ordea, atsegin ez diren lanbide guztiei egiten ahal zaie; zaborra biltzen duenak, adibidez, ez du lan hori atsegin, eta dirua irabazteko egiten du.

Emakumeak bere hautua egiteko arrazoiak bazter utzita, hainbat kasutan mafiak egoten dira erdian.

Kontua da behartuta aritzen direla hainbat emakume. Garai batean bertakoak izaten ziren prostitutak. Ezkondu gabe seme – alabak zituzten emakumeak izaten ziren askotan, aurrera egiteko prostituzioaren aldeko hautua egiten zutenak. Halakoetan gizonen batek behartuta aritzen zirela erraten zen. Gaur egun, etorkinak dira prostituzioan aritzen diren emakume gehienak. Ikusi beharrean Atzerritarren Legeak haien bizi baldintzak asko zailtzen dituela, egoera ahulean daudela, zorrak kitatzeko dirua behar dutela eta egoera horretan prostituzioa eskura dagoen aukera dela, nazioarteko mafien ardura nabarmentzen ohi da. Halakoak badira, baina ez da ohikoena. Normalean etorkinek badakite zertara datozen edo, beste lan bat egitera etorri arren, prostituzioaren alde egiten dute.

Estigma aipatu duzu lehen; hori da prostituzioaren aurpegirik ilunena?

Bai, hori da benetako arazoa. Epe jakin batean sexu lana egin duen emakumea betiko izanen da prostituta.

Prostituzioak emakumeak kontrolatzeko balio izan duela aipatu izan duzu; horretan asko laguntzen du estigmak?

Bai. Nik aztertu nahi izan dut prostituzioaren estigmatizazio horrek zer – nolako funtzio soziala duen, zergatik beste hainbat arlotan aurrera egin duten gizarteek estigma horri eusten dioten. Zer dago jokoan? Arazoa ez da prostitutek zer egiten duten, talde txikia eta botererik gabekoa baita. Kontua da estigmak zerikusia duela genero rolekin. Rol horien arabera, emakumeoi eskaintzen zaiguna, ama izatea, besteen alde lan egitea, asmo handirik ez izatea, ez da oso erakargarria, eta, ondorioz, onar dezagun, zigor elementu bat ezartzen dute. Kontrol tresna da. Eredu horrekin bat egiten ez baduzu, prostitutatzat hartuko zaituzte.

Horregatik ez da prostituzioa arautzen?

Modu sozialean arautzeko urratsa ere ez da egiten, hori da gakoa. Emakume batek lan hori egiteko duen eskubidea ez da onartzen.

Espainiako Kongresuan hasi dute legez arautzeko aukerari buruzko eztabaida.

Benetan eztabaida hori ez da egin nahi. Hainbat adituk izan dugu iritzia emateko aukera, baina argi zegoen erabakia hartua zegoela. Ez da deus egin nahi. Arautzekotan, hala ere, kontuan hartu behar da emakumeen egoera hobetzea lortu behar dela, etxeetan eta karrikan aritzen direnena, denena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)