Oinarrietara bueltan

Rachid Tahak Aljeria bere jaioterriko tradiziozko doinuak moldatu ditu azkeneko diskoan

Berria, MIKEL LIZARRALDE, 26-04-2007

«Nire helburu nagusia kantu hauek etorkinen seme – alabei ezagutaraztea da. Beren gurasoek horrenbeste lan egin behar dute, ez daukatela denborarik nondik datozen azaltzeko». Rachid Taha etorkina da Frantzian. Magrebeko etorkina. Aljeriakoa. Eta garai bateko etorkinek entzuten zituzten, maite zituzten, doinuak berreskuratu berri ditu Diwan 2 disko berrian: Ecoute – moi camarade, Mohamed Mazounik abestu eta arabiar jatorriko etorkinen artean arrakasta handia izan zuen kantua; Mohammed Hamzaren eta Belighe Hamdiren Gana El Hawa ospetsua, Agatha arrazakeriari buruzko kantuaren bertsioa… «Aljeriako etorkinak lan eguna amaitu ondoren joaten ziren tabernetan entzuten ziren kantuak dira».

Izenburuak azaltzen duen bezala, Diwan 2 – k aurrekari bat izan zuen 1998an, duela ia hamar urte. «Nigan eragina izan duten kantuak bildu ditut bi Diwan – etan. Lehenengoa hiritarragoa zen eta bigarrena oinarrituagoa dago harreman pertsonaletan. Emakumeei buruzko hitz asko dago eta oroitzapenei buruz ere askoz gehiago hitz egiten da kantuetan».

Rachid Taha 1958an jaio zen Oranen (Aljeria), baina hamar urte zituenetik Frantzian bizi da. 20 urte zituela hasi zen kantuak egiten, «etorkinen biziraupen arazoei buruz hitz egiteko», eta Carte de Sejour taldea sortu zuen. Gerora disko ugari egin ditu bakarka: Barbes (1990), Rachid Taha (1993), Ole Ole (1995), Carte Blanche (1997), Made in Medina (2000)… Eta Khaled eta Faudelekin batera 1,2,3 Soleils rai musika modernoaren klasikoa ere grabatu zuen.

Jatorri bera dutenen artean idolo handia da Taha, eta haren lanaren oihartzuna beste herrialde batzuetara ere iritsi da. Frantzian, ordea, ez da hala: «Kanpotik ikusita eman dezake rai musika oso ezaguna dela Frantzian, baina ez da horrela. Prentsa idatziarekin ez dago arazorik, baina irratia eta telebistarekin beste kontu bat da. Arabieraz abestutako kantuak ez dituzte eman nahi».

Eta horrek eramaten du Taha bere musikan oinarrizkoa den gaira: arrazakeria. «Aljeriako gerra oraindik hor dago, buru askotan bueltan. Eskuinari oraindik min egiten dio Aljeriak 1962an independentzia lortu izana. Eta gorrotoa ari dira zabaltzen belaunaldi berriei».

Frantzian egin berri diren lehendakaritzarako hauteskundeek, dirudienez, ez dute inolako ilusiorik pizten Taharengan: «Frantzian eskuinaren eta eskuinaren artean aukeratu behar duzu. Inoiz baino okerrago gaude». Horregatik, hain zuzen ere, ez zaizkio harrigarriak egiten hiriburu handietako kanpoaldean joan zen urtean izandako istiluak. «Mohammed edota Rachid deitzen bazara, izan ere, ia ezinezkoa da lan bat aurkitzea. Horrek laburbiltzen du Magrebeko etorkinen egoera Frantzian. Bigarren mailako hiritarrak gara».

Diwan 2 izeneko diskoa tradizioari begira grabatu du Tahak. Horrek ez du esan nahi, hala eta guztiz ere, iraganari begira dagoenik. Alderantziz. «Beti begiratzen dut aurrera. Diwan – ekin nondik natorren ikusten dut; baina norabidea aldatu gabe, aurrera begira beti. Ez zait batere interesatzen nostalgia.

Lekua: Miarritzeko Atabal aretoa. Eguna: Bihar, 21:00etan. Prezioa: 21:00etan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)