Hizkuntz ereduak gainditu

Berria, Jon Monux eta Amai Burgoa EILASeko kideak, 27-03-2007

Euskal hiritar guztien funtsezko eskubidea da euskaraz jakitea eta euskara komunikazio tresna izatea, hala eguneroko bizitzan nola irakaskuntzan. Eskubide hori osoki eta pertsona guztiei bermatu behar die gure hezkuntza sistemak, horretarako bitarteko eta baliabide erabilgarriak eskainiz.

Era berean, eleaniztasunak ere lehentasuna izan behar du gure hezkuntza-sisteman. Ez bakarrik lan-merkatuak hala eskatzen duelako, baizik eta, harantzago jota, egungo gizarteen konplexutasun etnikoak eta hizkuntzazkoak horretara bultzatzen gaituztelako.

Dagoeneko euskalduntze prozesuak 25 urte eman ditu hizkuntza ereduen sistema ezarri zenetik EAEn. Esan beharra dago, alde batetik aurrera pauso izugarriak eman direla hezkuntza sistemaren euskalduntzean zein euskararen ezagutza mailan, baina aldi berean onartu beharra dago ere bai, legediak ezartzen dituen helburuak lortzetik oso urrun aurkitzen garela «benetako gaitasuna ulermen eta adierazpenerako, ahoz eta idatziz, bi hizkuntzetan». Are gehiago, hutsuneak gero eta nabariagoak ageri dira, bi hizkuntza ofizialen ezagutza, guztiz asimetrikoa baita, euskararen kaltetan. Egun, inork ez du zalantzarik Hezkuntza Sistemak ez duela bermatzen ikasle guztientzako hizkuntza gaitasun bera.

Horretaz gain, hizkuntza ereduen sistema segregatzailea da, eta hau ageriagoa da eskolak etorkinen erronkari aurre egin behar izan dionetik. Kohesio soziala sustatzeak eta aukera berdintasunaren eskubideak eskatzen digute ereduen sistema desegitea. A ereduak ez du euskararen ezagutzarik bermatzen, eta, gainera, bazterketa soziala laguntzen du. Izan ere, sare publikoko A ereduan nagusiki zailtasun sozial eta ekonomikoak dituzten ikasleak eskolatzen dira, baztertze prozesuan murgilduta dauden ikasleentzako ghetto modukoa bilakatuz.

Izan ere, derrigorrezko eskolatzea amaitzerakoan, ikasle ugari dira euskararen ezagutza eskasa eta erabilpena are eta traketsagoa adierazten dutenak. B ereduko zenbait kasutan zein A ereduko kasu gehienetan, hainbat gazte belaunaldiri egiten zaien iruzur legal baten aurrean gaude, 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legearekiko, baita 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legearekiko ere.

Eredurik ez, eredu bakarra ere ez. Izan ere, eta aurreko hamarkadetan izan dituen alde positiboak ahaztu gabe, bada garaia hizkuntz ereduen sistema zaharkitu eta zatikatzailea gainditzeko, ikastetxeetan eratutako euskararen normalkuntza plan eraginkor eta integratzaileen bitartez. Ikastetxe bakoitzak tokian tokiko egoera sozio-linguistikoa, ikasleena zein familiena aztertu eta gero, bere Hizkuntza Normalkuntza Plana eratu behar du, guztiontzako esparru arautzaile orokor baten baitan. Derrigorrezko eskolatzea burutu ondoren, ikasleria guztiarentzat euskara gaitasuna bermatua izan behar du ahoz nahiz idatziz, erregistro formal nahiz informalean murgiltze prozesu malguak ezarriz eta metodologia komunikatzaileak garatuz.

Hizkuntza mailen eskakizunei buruz, B1 deiturikoa (oinarrizkoa) Lehen Hezkuntzako 6. mailarako eta B2 (ertainekoa) DBHko 4. mailarako baliagarritzat jotzen ditugu, berauek egokienak baitira hizkuntzen irakaskuntzako foro europarretan. Ildo honetan, ziurtatu beharra dago aipaturiko plan horien jarraipena eta ebaluazioa, bertakoa zein kanpokoa.

Bestalde, hartu beharreko neurriei dagokienez, hizkuntzak irakatsi eta ikasteko esparru berria martxan jartzeko, besteak beste, irakasle kopurua handitu beharko da hainbat ikastetxetan, talde malguak sortzeko, zenbait gelatan bikoizketak burutzeko… Halaber, irakasleriaren prestakuntza maila bizkortu beharko da, berrikuntza pedagogikoa sustatu metodologia komunikatzailerantz, baliabide didaktikoak eratu baita multimedian ere… Dena den, baliabide gehiago beharko dira euskararen egoera soziolinguistikoa okerragoa den eskualdeetako ikastetxeetan. Neurri hauek edota beste batzuk burutu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Finantzaketa Plan berezi bat osatzea «esparru berria» bideragarria izan dadin.

Eskolak soilik ezin du. Hizkuntza Politika Integral baten beharra dago, erakundeen arteko Plan bat eratu behar da euskararen erabilera sustatzeko. Euskararen ezagutzan urrats handiak eman diren arren, ezin da gauza bera esan erabilerari buruz. Egitasmo zehatzak garatu behar dira, irakaskuntzaz kanpoko erakundeetatik, besteen artean, udaletxeek ardura berezia dutelarik. Ahalegin honetan euskararen aldeko «neurri positiboak» guztiz beharrezkoak dira. Azken batean, euskararen erabilera ahalbideratuko duten egoera komunikatibo erakargarri eta egiazkoak sortzea da helburua, hortxe dago gakoa.

Kirmen Uribek Munduari begiratzeko modu bat poeman dioen bezala: Ez onena. / Ez ederrena. / Txikiegia agian. / Zaharregia agian.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)