Gipuzkoako Foru Aldundiak adingabeentzako sei etxebizitza irekiko ditu apirilerako

Etxebizitzetako bat Lezoko Uralde baserria izango da; Kanarietara iritsitako hamar etorkin biziko dira han

Berria, 22-02-2007

ERREDAKZIOA

Donostia

Lezon, Beasainen, Zizurkilen, Urretxun, Zaldibian eta Idiazabalen. Gipuzkoako Foru Aldundiak adingabeentzako sei etxebizitza irekiko ditu martxoa eta apirila artean, eta, denera, 44 adingabeentzako tokia egongo da bertan. Etxebizitza horietan elkarrekin biziko dira bertako adingabeak eta bakarrik dauden atzerritar adingabeak, «betiere adingabe bakoitzaren ezaugarriek horretarako aukera ematen duten neurrian». Etxebizitza horiek erosteko eta behar bezala prestatzeko, 1,8 milioi euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sei etxebizitza horiekin, Aldundiak 270 adingaberentzako lekua izango du harrera etxeen sarean.

Esther Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako diputatuak zehaztu duenez, Lezon, Uralde baserrian, Kanarietara iritsitako 16 eta 18 urte arteko hamar etorkin biziko dira martxoaren erdialdetik aurrera. «Modu horretan, gazte horien eta euren familien migrazio proiektuei erantzun nahi diegu». Gazte guztiak mutilak dira, gehienak Senegalgoak, baina badira Mali eta Gambiakoak ere. Gazteek lau zaintzaile izango dituzte, eta inguruko lanbide heziketako zentroetara eramango dituzte. Uralde baserria egokitzen ari dira une honetan.

HELBURUA, «LANERAKO PRESTATZEA». Lezo, Beasain eta Zizurkilgo etxebizitzetako baliabideen kudeaketa lehiaketara ateratzea onartu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak – Lezoko baserriaren lanak hil honen amaieran edo martxo hasieran eskainiko dituzte – , eta martxoan irekiko dituzte etxebizitza horiek. Lezon, hamar gazte egongo dira, eta Beasain eta Zizurkilen, 13 eta 18 urte arteko zortzi gazte. Larrañagaren hitzetan, gazte horiek «gizarteratzeko eta lanerako prestatzeko» erabiliko dituzte etxebizitza guztiak.

Zaldibia, Urretxu eta Idiazabalgo etxebizitzak, berriz, apirilaren erdialdean irekiko dituzte, eta bakoitzean 16 eta 18 urte arteko sei gazterentzako tokia egongo da. Larrañagaren hitzetan, «autonomia gaitasun ona» daukaten nerabeak egongo dira bertan, eta horiek «emantzipatzea» izango dute xede. «18 urte Aldundiaren tutoretzapean beteko dituzten gazteak heldutasunerako prestatzeko izango da baliabide berri hau».

Azken urteetan Gipuzkoan nabarmen handitu da adingabeentzako harrera zentroen beharra, «bakarrik dauden adingabe atzerritarren kopuruaren igoerak eraginda». 2003an, esaterako, Gipuzkoako harrera etxeen sarean 190 adingabeentzako tokia zegoen, «baina inoiz ez zen betetzen».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)